Hendaiako irakurle ibiltaria

Hendaiako irakurle ibiltaria –

Iragan asteburu honetan, Hendaiako hondartzan eserita eguzkiaren epelean. Oskarbi eta haizea bare, lasaitasuna urratzen duen hots bakarra Hondarribiko aireportura ailegatzen ari den hegazkinaren burrunba da. Hegazkinari soraio, nire aitzinetik pasieran dabilen gizonak ez du begirik kentzen irakurtzen ari den liburutik. Hondartzan barna jarraitu du oinez liburu hura irakurtzen ari delarik. Ni neu irakurzalea izanagatik, ez dut oinez irakurtzeko ohiturarik eta ez zait iruditzen ohikoa denik.

Hendaiako irakurle ibiltaria
Hendaiako hondartza. Arg: wikimedia

Bitxia iruditu zait pasieran dabilen gizonak ez erreparatzea, ez oskol handiei, ez hondar trinkoari, ez itsaso harroari, ez surflari zoroei, ez kaio bulartsuei, ezta hegazkin durunditsuari ere. Zer ari ote da irakurtzen? Zein ote da begiak testuari itsatsirik izateko bezainbertze indar zuen liburua? Poesia liriko txinatarra? Beldurrezko ipuin bilduma bat? Filosofia esku-liburu bat? Formula matematikoen tratatu bat?

Irakurle ibiltaria bideari lotu zaio eta ni hor gelditu naiz, Hendaiako hondartzan eserita, eguzkiaren epelean, Irene Vallejoren Infinitua ihi batean liburuaren hasierako zati bat gogoratu dudalarik, Fernando Reyk artoski euskaratua: “Isilik zaude, bistarekin zuretzat esanahi duten letra ilarei segika, eta orain inguratzen zaituen munduarekin loturarik ez duten ideiak jakinarazten dizkizute haiek”.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 15ekoa]

Hendaiako irakurle ibiltaria

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude