Haustura

Haustura –

Xabier Landabidea Urrestik BERRIAn.


Mundu fisikoan zein sozialean batzuetan haustura da soluzioa, eta gehienetan ez dago hausturarik gabeko soluziorik.

Haustura
Ilustrazioa: Gareth Courage

Materiala edo harremana konponketaz haratago degradatu bada, aukerarik onena moztu, hautsi, eten, apurtzea da. Hausterik ez legokeen mundu bat ez legoke konpontzerik eta hautsi gabe loturaz zamatuta biziko ginateke (edo bizi baino, ozta-ozta existitu). Hausten jakitea funtsezkoa da.

Hausturarekin maiteminduta gaude eta ulertzekoa da, ederra da eta. Hausturak berriro hasteko posibilitatea xuxurlatzen digu: nola esan ezetz aurreko porrotak ezabatu eta berriz saiatzeko tentazioari.

Baina bada kezkatuta naukan haustura bat: ezagutzarekiko haustura. Pandemia eta berotze globalen garai erootan haustura epistemologiko berriak loratzen eta zabaltzen ikusi ditut. Egioste harroak, norberaren esperientzia eta iritzi indibidualez haratago ezagutza kolektiboak eraiki eta aitortzeko proiektuen eraiste ustez askatzaileak. Zerbaitetaz zerbait omen dakiten horiek denak susmopean, ezer jakin daitekeen ere zalantzan.

Gizarteak giza mundua konplexuago egiten du. Gizartean dena konplexuagoa da. Hurkoarekiko konfiantzaren hausturak gauzak sinpleago egiten ditu, eta ulertzen dut atzera egin nahi izateko tentazioa: nor bere esperientzia zuzenera bilduta konplexutasuna hautsi genezake. Uko egin. Paso.

Eskola garaian gogoratzen dut guaiagoa zela ezer ikasi nahi ez izatea zerbait ikasi nahi izatea baino. Posizio soziala zekarrela desinteresak, desulertzeak, paso egiteak. Eta alderantziz, jakin-mina gaizki ikusia zegoela.

Beharbada ez dauka zerikusirik orain gertatzen ari zaigunak.

Haustura

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.