Haurraren garapena eta eskola eredu berriak

Haurraren garapena eta eskola eredu berriak –

Itziarko eskola-komunitatea buru-belarri dabil lanean eskolaren berrikuntzan. Ekainaren 12an guraso elkarteak gonbidatu gintuen “Haurraren garapena eta eskola eredu berriak” izenburupean, berrikuntzaren inguruan hitz egitera. Komunitatearen inplikazioa nabarmena izan zen, bertan baitzeuden guraso, hezitzaile eta zuzendaritzako kideak.

Haurraren garapena eta eskola eredu berriak

Eskolaren berrikuntzan pentsatzen jarrita, metodologia aldaketa, espazioaren berrantolaketa edo taldeen egituraketa berria izaten dira kezka edo abiapuntu eskola askotan. Itziarren, berriz, haurraren berezko jokabideak izan ziren abiapuntua eskola irudikatzen hasteko, umea eta bere garapena berrikuntzaren ikusmiran jarriz. Finean, umea ulertzeko moduaren arabera ulertuko dugu hezkuntza, baita eskola ere. Umea bizirauteko eta garatzeko ahalmendun izakia izanik, bere garapenerako ezinbesteko baliabideak izanen dira esplorazioa eta jolasa.  Abiapuntu honetatik, eskolaren zeregin nagusia esplorazio jokabidea bizirik mantentzea izan beharko litzateke, eta, horretarako, eskolaren eskaintza 3 zutabetan ardaztu genuen: espazioa/materialak, denbora eta harremanak. Eskolaren berrikuntza irudikatzeko, beraz, ardatz horien inguruan hainbat ideia partekatu genituen, baina arreta berezia jarri genuen hiruen arteko orekan; hau da, ezinbestekoa dela berrikuntza prozesuak  3 ardatzetan eragitea, materialen, espazioen eta denboraren antolaketan, eta, eskolan ematen diren harremanetan (ume-hezitzaile, ume-ume, hezitzaile-familia, hezitzaile-hezitzaile, familia-familia…). Oreka hori emanen ez balitz, berrikuntza prozesuak arriskua dauka ibilbide motza edukitzeko eta komunitateko kideengan gaizki-egona sortzeko. Oreka honek neurri handi batean zuzendaritzaren eta administrazioaren inplikazioa ezinbesteko du oztopoak ekidite aldera.

Aurrera begira jarri ginenean, berrikuntzaren dimentsioaz konturatuta, prozesuaren izaera geldoa azpimarratu genuen. Eskola baten aldaketa prozesurako oinarrizkoa da, hezitzaile taldeak behaketaren bitartez umea erdigunean jarriz praktika gogoetatsua garatzea, lekuan lekuko umeen, familien eta hezitzaile taldearen neurrira eraikitzen doana. Prozesu honetan harremanek hartzen dute berebiziko garrantzia, ezinbestekoa baita umeen, familien eta hezitzaileen ongizatea bermatzea. Horrelako erronka batean murgiltzeak etengabe ziurgabetasuna bizitzera eramanen gaitu, eta, honen kudeaketan taldea gakoa izanen da, kezka, beldur, ilusioak… partekatu ahal izateko. Berrikuntzan eskolako hezitzaile taldeak protagonismo berezia dauka  bera izanen baita motorra, eta, arrakastarako gako handi bat talde honen kohesioa izanen da. Familiei dagokionez ere, horrelako prozesu batean murgiltzeak sortu ditzakeen zalantzak partekatzeko guneen beharra argi gelditu zen, biltzeko, partekatzeko eta harreman sareak sendotzeko.

Hasierako ideia berreskuratuz itxi genuen hitzaldia, hau da, umea erdian kokatuz, berari begirako berrikuntza aldarrikatuz.

Haurraren garapena eta eskola eredu berriak
eskola, eskolak, haurrak, Haurraren garapena eta eskola eredu berriak, heziketa, hezkuntza, irakaslea, irakasleak, pedagogia, umeak
Naiara Zia

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea. Berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntza inklusiboan

2 pentsamendu “Haurraren garapena eta eskola eredu berriak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-06-26 23:41

    “Eskolaren berrikuntzan pentsatzen jarrita, metodologia aldaketa, espazioaren berrantolaketa edo taldeen egituraketa berria…”. Gaur egun dena berrantolatu beharra dago, goitik behera egitura aldatu, metodologia berria, ikasketa plan berriak… hurrengo bonberoa etorri arte eta unean uneko modako hitzekin berriro hamarrera metodologia berria, plan berria eta aurreko guztiak ez du balio. Orain modako hitza “berrikuntza” da eta ezin da diskurtso onargarririk egin hitz hori tartean sartzen ez bada. Baina beno, jada entzun ditut “berrikuntza”-ri buruzko kritikak ere eta batek daki ondoren zein hitz jarriko duten dantzan. Entzun ditudan kritika horiek Silicon Valley ingurukoak dira eta noski, handik datorrena balekoa izaten da beti, hemengo inor berrikuntza kritikatzen hasiko balitz sutan erreko lukete. Eta ez dakit ohartzen zareten, baina kaka guzti honen erdian biktima nagusia umea. Bai! Biktima! Zer gertatzen da hezkuntza munduan? Jende mordoa dagoela klaseak eman nahi ez dituena eta soldata justifikatzeko zerbait sumatu beharra dauka. Umea ez dago inoiz erdigunean, hori tontoenak ere badaki. Zein izan da beti helduek eskolaz duten oroitzapenik hoberena? Ba, gauzak hain ongi azaltzen zituen irakasle hura, irakasten zuena pasioz bizitzen zuela isladatzen zuen irakasle hura. Eta horretaz ez da inoiz hitz egiten, bene-benetako irakasleak han hemenka bakan batzuk gelditzen dira eta miraria ere bada beraien existentzia klaserik ematen ez duten baina nola irakatsi behar den esaten duten horietaz inguratuta bizitzea itogarria izango baita. Gizartea krisian dago, bai. Eta krisiari aurre egiteko errezetarik hoberena sinplifikazioa izaten da, jatorrira, esentziara itzultzea, eta ez konplikazioa.

  • “Eta krisiari aurre egiteko errezetarik hoberena sinplifikazioa izaten da, jatorrira, esentziara itzultzea, eta ez konplikazioa.”
    Nahi gabe edo nahita, pentsamendu demagogikoaren karakterizazio zehatza eman duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude