Hamar lagun baina gehiago izatea

Hamar lagun baina gehiago izatea –

Euskal Autonomia Erkidegoan hamar pertsona baino gehiagoko bilkurarik egitea debekatu zutela igarri zutenean, teleberrik kaleko jendeari neurriak zer iruditu zitzaizkion galdetu zuen. Eider Hurtadok twitterren jaso bezala, horietako batek: bera lasai zegoela, “hamar lagun baina gehiago ez zituela” erantzun zuen.

Mutila gaztea izateagatik hasieran arraroa iruditu zitzaidan erantzuna. Izatez, zaila da egun hamar lagunetik behera dituen pertsona bat aurkitzea, zailago, hamar lagunetik behera elkartzeko moduko bilkurarik ez izatea. Baina buruari buelta gehiago eman ondoren, kontrakoa, ulergarria egin zitzaidan gazte horrek erantzundakoa.

Lagunak zehazki zer diren eztabaidatzera ez naiz sartuko, ezagun eta lagunen arteko auzi hori nahiko jorratuta dagoela uste dut, eta gainera, kasu honetan, bakoitzaren esperientzia pertsonala sartzen da jokoan eta hortik, ez da oro har ezer emankorrik ateratzen.

Izan ere, gure euskal testuinguru honetan, ohikoena, txikitako lagun kuadrilla hori mantentzea da, zenbakiz mugatua, izatez hertsia eta familia nuklear egitura “antzekoa” duena. Hortik at, normalean afizio, lan edo ikasketa munduarekin lotuta dauden harremanak garatzen ditugu. Baina zer gertatzen da, kuadrilla tradizionalik ez, eta erlazio berriak garatzeko espazioak ez ditugunean? Hau da, gizarteratze prozesu horretan harreman estuak garatzeko baliabiderik ez dagoenean?

Adiskidetasuna eta gizarteratzea bat bezala ulertu behar ditugu, izan ere, gizarteratzeko ezinbestekoa den elementuetako bat da laguntasuna. Horregatik, adiskidetasunak garrantzi handia du haurren heziketa prozesuan, gizarteratzea laguntzen duen zutabe garrantzitsu bat den heinean, Hik Hasi Euskal heziketarako aldizkariak jasotzen duen bezala. Horrenbestez, adiskidetasuna dimentsio bikoitz batean ulertu behar dugu: bata pertsonala eta bestea soziala.

Gizakiok gure Ni-a eraikitzeko besteen beharra behar dugu, harremanetan elikatzen baitugu gure izatea. Izaki menpekoak izanik, beste pertsonen elkarrekikotasunean oinarritzen dugu gure bizitza. Baina, zer gertatzen da hori gauzatzeko espazio horiek falta direnean: gure lanak, aisiak, eskolak konbibentzia eta momentuko harreman pertsonalak garatzeko baina gehiago ematen ez duenean.

Kohesio sozialaren datu baxuek eta atsekabe eta frustrazio pertsonalaren maila altuek eragindako egoera baten aurrean gaudela diote soziologo askok. Are gehiago, harreman interpertsonalen berekoitasuneranzko bide batean sartuta gaudela, zeinak konbibentzian oinarritutako harremanak izanagatik,  fidagarritasunaren galera handiak ematen dituena. Eta horrekin, gure ongizatea zaurgarri egiten duen garai batean gaudela iragarri dute adituek. Eta egungo testuingurua ahaztu gabe, Interneten agerpena harremanen eszenatoki berri gisa, zeinetan arintasuna, erabiltzaileen desgorpuztasuna eta intimitatea espazio zibernetiko batean konprometitzeak ekartzen dituen aldaketak agerian uzten dituena. Globalizazioaren, teknologiaren behin betiko finkatzearekin batera, informazioaren aro honetan, gizakiaren bizitzeko modua zeharo aldatu duelako, eta horrekin batera, harremanak garatzeko modua ere.

Ez dut uste mutil honen kasua bakana, anekdotikoa edo harrigarria denik, lagunak egiteko espazioak murriztu egin direla baizik. Edo agian, espazio horiek konfiantzaren eta intimitatearen elkarrekikotasunaren garapenerako zailagoak bihurtu direla. Beharbada, denbora gutxiago pasatzen/bizitzen dugulako jendearekin? Sozializatzeko zailtasunak, espazio sozial interaktibo murritzagoak eta horiek lagunak egiteko espazio bihurtzea benetan erronka handia suertatu dakieke pertsona batzuei.

 

Hamar lagun baina gehiago izatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude