Haltzaren hezurrari buruz

 images1.jpeg
Nire lekukotzak ez du fitsik balio, hori badakit, baina zutabe honen irakurle bazara, badakizu aspalditik, zutabegile hau artista dela hanka sartzen, nahiz eta ez izan intentzio txarrekoa. Seguru asko, orri honetan egin izan ditudan analisi politikoetatik, hamarretik hamarrek egin dute kale. Hutsaren hurrengoa, beraz, nire iritzia.
Alabaina, jabetuko zinen, honez gero, ez naizela ez gezurtia eta ez gaizkile bat ere. Lotsagabe eta arduragabe xamarra, agian, baina kalterik ez diodala inori opa, ez eta arerioari ere. , nahiz eta, askotan, arerio politikoarekin txakurrentzako jana egingo nukeen, pikatzeko makinatik pasatu ostean. Ez gara orain ebidentziak ukatzen hasiko.
Baina, nioen bezala, ez du nire lekukotasunak fitsik balio. Ez nireak, ez zureak, ez beste hainbatenak, erabakiak aurretik hartuak baitaude, arrazoiarekin eta, batez ere, Justiziarekin bat ere zerikusirik eduki ez arren. Bestela ez zen 18/98 auzian ikusi duguna gertatuko.
Ni neu naiz testigu, sumario horretan zigortutako asko eta asko, ETAren akabera bideratzeko eskakizunetan izan ditugula kide. Alferrik izango da esatea, neuk ezagutu izan ditudan zigortuetako guztiak nabarmendu izan direla euren jarduera zintzoagatik, giza eskubideen errespetu erabatekoagatik. Eta hain juxtu, eurek giza eskubideez egiten duten irakurketaren ondorio baizik ez dela izan erakutsi duten militantzia eta konpromisoa: berdintasunaren alde, ekologiaren alde, herrien eskubideen alde… Jarduera politikoan inor bada hemen eredugarririk, euren artean aurkitu izan ditut nik adibideak, hain juxtu.
Orain kartzelan daude logika zintzo guztien aurka. Audientzia Nazionalak hartu dituen erabakiak, ezin eramateko modukoak dira gizarte aurreratu batean. Sententzian esaten direnak, zigorren alde daudenek ere jartzen dituzte kolokan, inkontzienteki izan arren. Begira, bestela, zer idatzi duen Indarkeriaren Psikologia Institutuko Zuzendari den Andrés Montero jaunak: “El sumario 18/98 supone tal avance del Estado de Derecho en su concepción del terrorismo que ni siquiera los ponentes de la sentencia ni el aparatro legislativo han alcanzado todavía la pericia jurídica para dar toda la elegancia matemática que se requiere en un sistema garantista”.
Alegia, hartu diren erabakiak hartzeko, ez direla gauzak behar beste arrazoitu eta frogatu, ez dela egon horretarako beharrik batere. Frogarik gabe ere zigor dezakezula norbait zeuk nahi beste urte kartzelan pasatzera, etc. etc.
Eta bitxia egin zait, aipamen horretan guztian, hainbeste hitz eroren artean, zer egin zaidan nabarmen: “todavía” hitza izan da. Esanez bezala, egoteko prest, hau bezalako zutabe bat idatzi ezkero, ETAkoa izategatik kartzelara eraman zaitzaketela, hamar, hamabost edo hogei urterako. Faxismoaren bidegabekeriak, borreroak bezala, baditu milaka aurpegi. Eta denak zatarrak, oso zatarrak. Bai horixe.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071229

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)