Haizetearen ostetik, belarte

cc-by-sa Konatxe

Ez zen txantxetakoa izan herenegun harrotu zen haizea. Hendaia honetan bederen, hegan ikusi ditugu udak utzitako sonbrilla alferrak, surf taularen bat edo beste, eta adarrak, arbolen adarrak, nahi adinak. Ikusi dugu zortzi metroko esloradun ontzia arroketan igota, karramarroa bailitzan, haizeak hondo-harritik txikotak eta kateak eten eta haraxe eramanda. Gogoz kontra.

Itsasoa ibili da zakar eta oraindik ere halaxe dago, uhin barea ibili ohi zen lekuan, aparrez zuri. Kaioak zorabiaturik dabiltza koadrila zarataritan bilduta udazken hastapen honetan.

Ikusgarria, halaber hondartza nola geratzen den gorri itsasoak ekarritako belarrarekin. Atzo arratsaldekoak dira argazkiak. Eta dakidan arren txiste errazegia dela, esatera noa: haizetearen ondotik, belarte.

cc-by-sa Konatxe

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)