Haizea bezala

Oroitzen dut gazte garaian, uda heltzen zenean, nola lagun batzuk nitaz errukitzen ziren. Artean ikaslea nintzen, ikasle ofiziala nahi dut esan, nahi baino gehiago luzatu baizitzaizkidan unibertsitateko egunak. Xoxik ez oporretara joateko, eta  Pirineotan barrena ibiltzen nintzen, beti, campingnean, oso gustura esan dezadan bide batez. Baina lagunek Hego Ameriketarako bidea aspaldi hasia zuten. Zenbat eta urrutiago joan, bazirudien, oporrak hobeak zirela, eta ni bezalakoak gupidaz begiratzen gintuzten, gizajo batzuk baiginen.

Urteak pasa dira, eta nik neuk izan dut beste kontinenteetan barrena ibiltzeko parada. Bidai zoragarriak, ezbairik gabe: ahal izanez gero egin beharrekoak, ziurrenik, beste kultura batzuk ezagutzeko aukera ematen dizutelako eta adimena zabaltzekoa, baina ez derrigorrezkoak.

Aurten, lagun batzuen proposamenari helduta, 150 km-ko erradioan barrena ibili gara, gure herriaren zati bat ezagutuz. Bost lagunek hasi genituen oporrak bi furgonetetan Irunberriko Arroilean, eta zortzi lagunek amaitu genuen bidaia, lau helduk eta lau umek. Helburu jakinik gabe, goizean jaiki, gosaldu eta eguraldiaren arabera plana egiten genuen. Esako urtegian lohitu ginen; Xabierreko Gaztelua bixitatu genuen; San Martin Unxeko jaietan izan ginen; Uxuen emakume batek bere etxea erakutsi zigun; Kasedako  errekan bainatu ginen; Gallipentzura igo ginen; Ailotzeko urtegian piraguismoa egin genuen; Lizarra, Bakedano, Barindano, Artaza eta azkenik Urederrako sorburura joan ginen; Urbasan bazkaldu genuen; bidean lagunak egin genituen; Araian kale-antzerkiaz gozatu genuen; Gasteizen zinemara joan ginen; Langraitz, Gesaltza,  Urduña, Artzienaga, Balmaseda,oroitzen ez ditudan hainbat toki eta Bilboko aste nagusia. Bakion surferrak ikusi genituen eta Saturraranen amaitu genuen gure periploa egunak ez genituelako. Opor sinpleak, nahi genuen tokian lo egin, nahi genuen tokian bazkaldu, inprobisatuz. “Pies negros” esaeraren esanahia ederki ulertu dut, halaxe ibili garelako, nolabait esatearren, nomaden antzera, ordurik gabe, presarik gabe, loturarik gabe, haizea bezala, aske. Errezeta oso sinplea izan da, eman eta jasotzeko aurretiko jarrera eta disfrutatzeko gogoa: azken finean, lagun arteko giro ona.

Oporrak egiteko modu asko daude, denak aberasgarriak seguruenik, baina disfrutatzeko eta deskonektatzeko ez da gauza handirik behar. Ez dakit nire bizitzako oporrik onenak izan ote diren, horrelako baieztapen kategorikoak egitea zaila zaidalako, baina sekula ahaztuko ez ditudanak ziur. Milesker ax, ox, in, ib, tx, ma eta an-i une hain goxo eta zoragarriak nirekin partitzeagatik.

 

JOXEPAREN KAIERA