Gure (zoro)etxea [1×11]

Gure (zoro)etxea [1×11] –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Atea ireki eta etxera sartu bezain laster hartu dut sustoa. Sustoa, eta kasik burua alderik alde zabaltzeko moduko ostia latza. Ia-ia lurrera joan naiz Telmok atearen aurre-aurrean, bidearen erdi-erdian, utzi duen bere maleta betearen kontra behaztopa egin ondoren. Eta, noski, ulertuko duzuen moduan, madarikazioka hasi beste erremediorik ez dut izan.

Gure (zoro)etxea [1×11]

Telmoren bila abiatu naiz etxean barrena, pasilloaren erdian maletak abandonatzearen arrazoia zein izan ote zitekeen jakin nahian. Begiratu dut egongelako sofan, igual segundo batez eseri eta loak hartuko zuelakoan oharkabean. Baina, ezer ez. Sukaldean ere ez dut aurkitu, bat-batean goseak jo eta amaigabeko oturuntza bat egiten. Bere logelan begiratu dut azken, baina han ere ez dago ez Telmoren aztarrenik, ez eta maletaren abandonua argitzeko moduko arrastorik ere.

Orduantxe aditu dut Labrit, bere gelako ate doi bat irekitik, nire arreta bereganatu nahian. Txssst, txssst! Halaxe egin dit, animaliei bezala.

Harengana hurbildu eta harekin sartu naiz bere logela barrura, zer demontre gertatu den galdetzera. Eta azaldu dit, gosaltzen zeudela, Telmo leihotik zeru urdin oskarbiari eta eguzki borobil horiari begira-begira egon ondoren, azken galleta irentsi, kafeari hurrupa luzea eman eta bitan pentsatu gabe bota duela: “banoa oporretan!”.

Mahaitik altxatu eta maleta prestatzen hasi omen da. Sartu ditu bi bainujantzi, urdina bata eta laranja bestea. Hondar gainean jartzeko toalla zabala. Barruko arropa eskukada bat. Nezeserra. Bi txankleta pare. Galtza motzak, hiru edo lau. Kamisetak, sei edo zazpi, mauka motzekoak eta tirantedunak ere batzuk. Eta gero, hasi da jertseak sartzen, finak hasieran, baina gero eta lodiagoak ondoren. Eta gero, jaka lodi-lodiak eta txanoak eta eskularruak eta bufandak. Harik eta maleta pisutsua nekez itxi eta ate aurreraino nola edo hala eraman duen arte, txintik esan gabe.

-Hartzen zuen arropari begiratuta ez zegoen modurik jakiteko nora joango zen. Ikusi behar zenuen. Deabruak hartuta zegoela ematen zuen –esan dit Labritek, izutu antzean.

-Eta? Ez al diozu galdetu zertan ari zen? –bota diot nik.

-Jakina galdetu diodala. Eta bere artista-esaldi kriptiko horietako batekin erantzun dit: “Bi mundu daude: turistak ikusten duen gauza hori eta benetako mundua”. Eta joan egin da, maletarik gabe.

Gure (zoro)etxea [1×11]
Gure (zoro)etxea [1×11], gure zoroetxea, ipuin seriea, kontakizuna, mikel ayllon, zooetxea
Mikel Ayllon

Idazlea eta itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude