Guapo, guapo

Zenbatetan entzun dudan berdin diola lirain izatea edo ez izatea, edertasuna “barruan” dugun zerbait dela. Txikia nintzenean (azkarra ni) joera dibertigarria nuen: lagun itsusiak zauritzen zirenean, korrika hurbiltzen nintzen haiengana, ea hor nonbait, odolean edo, euren edertasuna aurkitzen nuen. Baina ezer ez, ezinezkoa egiten zitzaidan ezer polita ikustea bertan. Burumakur urruntzen nintzen, orduan, helduek gezurra esaten zutela pentsatuz.

Urteak pasatzen joan diren heinean, konturatu naiz edertasuna uste baino askoz konplexu eta abstraktuagoa dela; begi urdinak eta ezpain haragitsuak baino askoz haratago doala. Gizaki batzuek edertasuna gorputzeko zelula bakoitzean daramate, ezkutuan, inork ez jakitea nahiko balute bezala. Baina ez dakite bi hitz xumerekin, bat-bateko begi-keinuarekin edo irribarre lotsati batekin guztiok konturatzen garela inor baino ederragoak direla.

Horretan datza, hain zuzen ere, edertasunaren magia. Ezin jakin zerk liluratuko zaituen eta nortaz, eta noiz, eta nola, eta noiz arte. Eta ezin jakin ezta zerk liluratuko duen zutaz bestea, zerbait liluragarria izatekotan, horregatik da garrantzitsua atsegina, esker onekoa, eskuzabala eta maitagarria izatea. Txerri-sudur okertua, radarrak diruditen belarriak eta kaka koloreko begiak dauzkagu, burusoilak gara, betaurrekoak eta ortodontzia daramatzagu, eta zer? (Ia) guztiok dugu besteek gustuko duten zerbait, eta hori indartzen saiatu beharko ginateke (betiere besteek gu atsegin izatea inporta bazaigu).

Hala ere, ezin dugu ahaztu badaudela barrutik oso itsusiak, ezin itsusiagoak, diren pertsonak: gorrotoa transmititzen dutenak, hitz iraingarriak besterik ez dituztenak ahotik ateratzen uzten, mina nahita ematen dutenak eta “aitatxo eta amatxoetara” jolasten uzten ez dizutenak, edo okerragoa dena, plastikozko palmeraren azpian bizi den dortoka aspertuaren papera egitera behartzen zaituztenak. Horiexek, barrutik ez ezik, kanpotik ere ezer politik ez badute, jai daukate! Horiek zuzenean infernura joan beharko lukete, beste guztioi bizitza errazteko behintzat! Estetizistetan, garbiketa fazialez gain, arima/bihotz/adimen garbiketak eskaini beharko lituzkete, krisi garaietan batez ere, ez baitaude soberan.

Sudurrik ez dudala dirudi, eta zer? Behintzat Voldemort baino guapoagoa naiz.

akatsak, edertasuna

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...