Gu tirano idiotak

Gu tirano idiotak –

Joan den asteburuan saiakera liburu txiki bat irakurri nuen. David Trueba zinegileak La tiranía sin tiranos izeneko liburua idatzi du eta hausnarketarako guztiz gomendagarria deritzot.

Liburuaren laburpentxo bat egingo dizuet eta zuek pentsatu irakurtzeak merezi duen.

Truebak lehenbizi azaltzen du zer den tirania bat eta zer kontsideratzen zuten idiota bat grekoek (norbere interesez bakarrik arduratzen zen pertsona, eta ez zena gizarteko beste kideez arduratzen, interesgarria da nola ahazten ditugun hitzen definizioak, ezta?).

Azpimarratzen du, nola goxotasun, maitasun eta solidadade enlatatuaren gizartean bizi garen (marrazki bizidunen filmak; internetez zabaltzen, komentatzen eta sinatzen ditugun solidaridade keinuak…), baina beti ere, gure txokotik atera gabe, gu hobeto sentitzeko, injustizia horiek salatuta bakarrik (baina zuzenean guri eragiten ez diguten bitartean) aldaezinak direlakoan, besterik egin ezin dugula esanez. Hori sinisten dugu Truebak hausnartzen du.

Itxuran geratzen gara: itsusia dena kentzen dugu bistatik, baina benetan txarra dena aldatu gabe. Zapalketa makillatua bultzatzen da eta denok parte hartzen eta erabakitzen dugun itxurarekin, nahiz ez den egia. Denok gara majoak eta sentiberak eta solidarioak, baina itxuran, geure buruaz eroso egoteko: egitan geurea baino ez dugu ikusten: geure onerako besteak zapalduak izan daitezela, ez direlako ni, gutarrak: hiltzen utz ditzagun hesi beldurgarri eta ustez urrutien atzean. 

Gu tirano idiotakDemokraziaz apaindutako tiraniak gara. Barra-barra zabaldu den Sani Ladan kamerundarraren testigantza entzun besterik ez. Beldurgarria da. Hunkitzen gaitu batzuk, beste batzuk esango dute gurea kentzera datorrela eta zertara etorri nahi duen. Horretan geratuko gara: berak dioen moduan haien ondasunak lapurtzen dituen kapitalak bultzatutako gizartean eta hango pertsonak etor ez daitezen harresi eraikitzaileak bozkatzen. Sintomak makillaten ditugu, gaixotasunak kroniko bihurtzen.

Liburura itzulita, beste gai batzuk tratatzen ditu laburki eta era finean, baina oso interesgarria da Truebak mugikorraz egiten duen analisia: telebistatik autoritateak ematen ziguna irensten genuen; katea aldatzeko tramankulua eskura izan genuenean, libreago sentitu ginen: autoritateak ematen ziguna irensten jarraitzen genuen, baina guk aukeratutako aginte edo telebista katea zen pantailan ikusten genuena. Orain, mugikorrarekin, gu gaude pantailaren barruan: gu gara protagonista (ez besteek diotena). Selfien bidez, pantailan sartu gara, eta gure irtizia edonon eta edozeri buruz emateko aukera eta gaitasuna daukagu mugikorrekin. Ez gara ikusle, protagonista bihurtu gara. Pertsonaia, salgaia, aurpegi onena erakutsiz eta besteentzat eredugarria eta inbidia sortzaile. Gu geu jarri gara Anaia Handiaren begien aurrean, Truebaren esanetan. Geuk zaintzen dugu elkar, akatsak ez dira barkatzen, noski, eta maitasuna eta inbidia bezala, gorrotoa eta lintxamendua ere jasatera behartzen gaitu. Gure irudi onena eman behar dugu eta aurrez azaldu dugun tiraniaren eta solidaridade itxurakeriaren jokoan jokatzen dugu aldi berean: solidarioenak gara, baina, beldurra sartzen digutenean, tiranoenak lintxamendua eskatuz.

Batzuetan iruditzen zait Dorian Grey eta bere erretratua bezala bihurtu garela. Itxura perfektua ematen dugu, baina kontuz, barrutik ustelduta egon gaitezke.

Gu tirano idiotak
Gu tirano idiotak

3 pentsamendu “Gu tirano idiotak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-11-14 09:44

    Apaizek ere pulpitotik berdin-berdin hitz egiten dute, baina gero, ttaka-ttaka-ttaka… como el que no quiere la cosa… diruaren poltsa pasatzen dute. Ba… zu ibiliko zara sentiberarena egiten eta pertsona onarena egiten (denok gabiltzala diozu), ni ez. Niri Kamerungo Sani Ladan horren istoriak bost axola (ez dakit zein den bere istoria eta ez da jakin beharrik ere), euskaldunon genozidioak beste guztiei bost axola zaien modu berean. Euskararen erabilera: Gipuzkoan %31, Bizkaian %8, Araban %5, Nafarroan %6 eta Iparraldean %5… Uste dut nahiko burukomin badudala, zer eta besteen arazoez arduratzen hasteko. Esaiozu Sani Ladan-i, Euskal Herrian bizitzen gelditu nahi badu euskara ikasteko, kasu horretan neronek egingo diodala ongietorria. Ezertarako behar ez duela erantzuten badu, beste hizkuntza batzuk errentagarriagoak direla badio, niregatik joan dadila hemendik bere istoriarekin.

  • Euskararen erabilera datuak oso kezkagarriak dira, bai. Nola ikasiko du inork euskara, dakigunok erabiltzen ez badugu eta, beraz, garrantzirik ematen ez badiogu?
    Ea Euskaraldiak arrakasta daukan datuoi buelta emateko.

    (erabilerari buruz datu gehiago: https://www.berria.eus/albisteak/136816/euskararen_erabilera_jaitsi_egin_da_kalean.htm)

  • euskaldun bat 2018-11-14 21:15

    Euskaraldiak ez du ezer aldatuko, Korrikak ezer aldatzen ez duen bezala. Dagoeneko hori ari zaizkigu esaten: belarriprest gutxi apuntatu dela. Korrika bezala, ba noizean behin errepikatuko den zerbait izango da, halako festa giro bat bezala eta abenduaren 3an euskararen egunean amaituz kolofoia izango duena. Errua erabilera ezari botatzen diozu, ez nago ados, baina ezagutza maila ere EH osoan %33koa da, beraz patatas. Sani Ladan-i buruz zerbait irakurri dut eta elkaerizketa batean honako hau zioen: “Afrikak ez du laguntzarik behar, Afrikak behar duen bakarra bakean utz dezaten da”. Berak esana, nik bezala pentsatzen du: zenbat nazka hainbeste ONG, misiolari eta mierdarekin. Imaginatu hona etortzen zaizkigula kanpoko batzuk misiolari eta ONG moduan… Baina etorkinen uholdea kapitalismoaren ondorio dela badiozue (ez nago ados), Euskal Herriak ez du zorrik, Estaturik gabe gaudelako, etorkinak beraien jaioterrian baino okerrago. Egunen batean Estatua badugu, hitz egingo dugu tokatzen zaigun zorraren parteaz. Bien bitartean, etorkinak Espainiara eta Frantziara datoz, beraz beraien ekosistema sendoetan hartatu ditzatela, euskal ekosistema oso hauskorra dago eta. Egun hauetan Hazparnen ateratako argazki bat ikusi dut hango batzuk beltz bati sekulako besarkada ematen eta sekulako teatroa egiten. Beltz gixajoak berak ere flipatu egingo zuen. Berenetik mantentzea lortu duten autentiko xamar bakarra gaizki egindako Gateau Basque bat besterik ez da izango baina ikusi egin behar zeinen jende saiatua Frantziaren arazoak konpontzen!