Gorrotoa destilatzen ikasi ezin

Maiz gertatzen zait albiste edo gertaera baten aurrean, oinetako behatz puntetatik eta eskuetako hatzetatik ere bai, urdaileraino egiten duela bidaia gorrotoak zainetan behera, arterietan gora. Gehienetan izaten da Justizia eta Legea, gauza bera direla pentsatu eta nahasten direnean.

Normalean negargarria izaten da ondorioa: egunkari bat ixten da, kartzelara sartzen da errugabea, torturatzailea Martini bat hartzera ateratzen da lasai epaiketatik, bortxatzaile bati beste ekintza baterako ematen zaio aukera…

Zein gaiztoa den ageriko bidegabekeriaren aurreko ezintasuna! Inpotentzia esaten duten hori. Bai zuku mikatza.

Hondar txiki bat da hastapenean, baina hazi egiten da eta zornetu, gaiztotu eta dena zikintzen daki zeure barnean. Lanak dituzu gorrotoaren menera ez geratzeko… badakizu zertaz ari naizen, ez da?

Bai, beste asko bezala, neu ere egon nintzen Aselekin Durangoko Azokako egun hartan. Zaila zeukan, beraz, Txilen izatea aldi berean.

Faborez, baten batek epai dezala epailea, eta zigior dezala merezi duen eran. Ez baitago beste kontsolamendurik halako gertaeretan. Niretzat ez, behintzat.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Gorrotoa destilatzen ikasi ezin”-ri buruz

  • Nire ere odolak irakiten dit… Askoz gehiago Asel nolakoa den jakinda. Ni neu burutu zuen bidai horretan ere berarekin izan nintzen Edorta Jimenez idazlearen azken liburuaren aurkezpenean, oso pozik zegoela Txilen, jende paregabea, maitasuna, lana… Bizitzeko beste modu bat.

    Gauza bat bakarrik espero dut, honek Aselek zuen ikuspegia ez trunkatzea.

    Denok gara Asel!