Gorreriaren gizartea

Entzungailuak

Oihan autobus-geltokian eserita dago errepideari adi-adi begira, zain. Emakume bat alboan esertzen zaio eta esaten dio: “Aizu, ba al dakizu ospitalera doan autobusa hemen gelditzen den?”. Baina Oihanek ez dio kasurik egiten, errepideari adi-adi begira jarraitzen du, bere autobusa noiz agertuko den zain.

 

Maider etorbidea zeharkatzen ari da lanerako bidean. Poltsa erdi irekia du eta zapatiletako sokak ondo estutzeko makurtzerakoan, bere azken belaunaldiko mugikorra lurrera erortzen zaio. Kank! Baina Maiderrek aurrera segitu du.

Ihintza korrika egitera irten da kalera. Halako batean, aitarekin gurutzatzen da. Ez du ikusten. “Agur, Ihintza!”, esaten dio aitak. Baina Ihintzak aurrera segitzen du, kasurik egin gabe.

Kerman institutura bidean doa. Euria ari du eta ez du aterkirik, beraz, etxeetako hormei pega-pega eginda doa. Bat batean, etxe bateko garajetik auto bat irteten da, eta Kerman jotzen du.

Roberto bizikletan doa lanera gaur, nahiko mantso. Ohitura falta. Atzetik bizi-bizi segika Markel doa eta Roberto ezkerretik aurreratzera doa. “Kontuz!”, esaten dio. Bere albotik pasatzera doala, Robertok ezkerrerantz egiten du pixka bat konturatu gabe. Elkar jotzen dute eta lurrera doaz.

MP3 gailuek eta entzungailu erraldoiek gizarte osoa gortu dute. Isolatuta, zonbi modura ibiltzen gara kalean, inguruan zer gertatzen ari den zehatz-mehatz ez dakigula. Baina ez digu axola. Boteretsu sentitzen gara eta begiekin nahikoa dugulako ustean, entzumena alde batera uzten dugu, plazer akustikoari bidea emanez. Ez goaz erne, ez gara gai ingurua kontrolatzeko ezta arriskuak aurreikusteko ere, abisu akustikoak desegin egiten baitira gure entzungailuetatik irteten den musikarekin. Baina zein ederra den musika eta zein erraza den amets egitea gure gustuko doinu gozoen erritmoan!

UDAZKEN KOLOREAK