Gogoratzea ahaztu

Gogoratzea ahaztu –

Batzuek diote unibertso pronoikoa -gizakia barne?- ez dela kasualitatea, gutariko bakoitzarentzat dagoela egina eta edozein helburu zehazteko anbizioa -zentzu onean- martxan jartzea bizitza konplikatzea dela, ez baita beharrezkoa. Aer… nortasun agiriarekin edota kirol selekzioarekin identifikatzen bazara eta asmorik gabeko egun luzeetan morroiak nonahi badituzu palmondo baten hostoez haizeztatzeko, tira. Are gehiago, bizitzaren kausalitateak halabeharrez konbinatu zirela eta unibertsoa -gizakia barne- ere paranoikoa dela esango nuke, ezin baitira erratua egon gehiegi sufritzen duten hainbeste bizidun. Neri, ordea, identitate galduaren bila nabilenez, gauetan “Apnoia” izeneko makina-morroi batek aspalditxo laguntzen dit arnasa hartzen, ahosabaiak ere laringearen garraixi neketsuen ondoren lo hartzen didalako. Egunez, ordea, bizikletarako eskuzko puzgailu bat erabiltzen dut pneumarik gabe geratzen naizenerako. Egun hauetan beroaren kolpeekin, deseinuz bete hiruzpalau elastiko aldatu ditut egunero -beno, batzuk ez dira batere elastikoak ezta transpiragarriak ere. Artikora emigratu dut, ametsetan, xede zabaleko hartz goseti baten hamaiketakoan bihur ez nadin, eta tarteka, hierarkiarik gabeko horizontaltasuna aurkitu ere izerdiz bete bainuontzian, materia eta pultsioen arteko indarrak hobeto banatzen baititut flotagarritasun gehiagoko lekuetan. “Kratos”aren piramideen puntako ziztadek ez ditut batere jasaten -ez zutikako piramideena ez alderantzizkoena- bereziki beldur zein ezbehar arrastoak nonahi uzten dituztenenak, ez gutxik noski. Baina horrela omen dela esaten digute, ezagutzen ez ditugun interes komun orokor batzuen izenean -zehazki, beraien komuneko interes partikularrei jarraiki. Horizontaltasunaren aktibitate hau oraino ez dago sailkatuta, baina, laugarren sektorean txertatzeko eskaera formala egingo diet Estatuen Gezurren Ministerioko Artxiboei. Bertan, hitzen esanahiak, alegiazko legeen aplikazioa eta beste subjektuak prostituitzen adituak direlako, ohitura zitalak beharrezkotasunarekin nahasten dituzten horiek. Angelurik gabekoaren bila ibiltzea hegi handikoa da, ze hierarkia zaleak oso iaioak dira zangotrabaren jolasean eta konturatu orduko sudurra zoruaren kontra zanpatu eta beheranzko aldapa duen hegia-osterara bultzatzen zaituzte. Betiko bazkalondokoaren lokumatik, diseinuzko “dultze-galbana”ren glamourratik eta ez dakit zenbatgarren dimentsioko kontenplaziotik haratago doa -“eskerrak” enkriptatuak dituzten hodeiak ere gehienez hirurogeita bost urte barru liberatuko dituzten. Hau bai arazoak albait azkarren ebazteko xedea!! Lehengoan, haritik tiraka, kasik, Descartesek -Jainkoaren folletoietan eskolastikoa, eta Galileorekin ados egon arren badaezpada ere gehiago busti ez zena- birdefinitu zuen bigarren substantzia orokor hori, sortua eta hedadurarik gabekoa, gorputzetik alde egiten dit hodei haietako batera, baina, pasahitza eskatu ziotelako berriz itzuli zen nire hirugarren substantzia edo “res extensa” honetara. Beste gau batean, Firenzeko Arno ibaiaren hertzera bidaiatu eta hango ardoaren substratuma -substantzia partikularra- dastatuz esperientzia horren lekuko oniriko bihurtu nintzen. Arnoa oso ona, bai, horditurik edo kuantitatiboki ezaugarrituta, ene bikotearen senaren haserre itzela ez jasateagatik ene gorputz minberatu eta desorekatura itzuli behar izan nuen arren. Hala ere, dudarik ez zait geratu, eraginkor, hezigarri eta zirraragarriagoa egiten zaidala Hegelek definitu zuen izpiritua elikatzea, esperientziaz lortzen omen den «zea zeatzeko zea» hori baina jaioberritan ez omen daukaguna. Soilik maskaradun gizakiek al dute kontzientzia? Iruditzen zait jaio nintzeneko izaitea landareen xileman bihurtzen ari zaitela gutxinaka. Modu batean edo bestean, gune zentraletan edo periferikoetan euskarri den hoditeria eroalean bihurtuta izerdi landugabea sustraietatik hostoetara garraiatzen duen materia hil horretan. Noiz lortzen dugu orduan identitatea? Bizitzaren azken esperientzian edo hurrengo unean? Kontzientzia nor edota zer den gu ez garen hori jakiteko bere(gure)biziko lehen pausua dela jakinik, gure zoritxarretik etekina ateratzen bizi direnen auto-kontzientzia distortsionatuek baimentzen die etengabe gauza bera egitea. Gizakiaren historian zehar sarraskiak baizik ekartzen ez dituzten gerlen zirikatzaile sado-belikotikoek, halaber, gertakarietatik agertzen zaiena fenomenoen interpretazio zentro dialektiko zantarretan desitxuratzen dute. Historia baino hauen kirtenkeria dela ziklikoa esango nuke, tesia eta antitesia oholtza berdinetatik hasteko premia dutelako beti, eta sintesian edo adiskidetzean probetxua ateratzeko zilegitasuna eskatuz gainera. Azala epistemologikoa behar da gero, gehiegizko botere-nahiaren bitarteko ustelak erabaki erabilgarri-egokienaren zientzia praktiko sasi-moralista baten baitan justifikatzea, eskaintzen zaizkigun estetika liluragarriz apaindutako antzezpen emanaldi ahalkegarriekin. Eufemiok dio armada guztiak “defentsarako” soilik badaude gaitz erdi, ze jarrera honekin trasteak herdoildu bitartean inork ez dituela sarraskietan alperrik galduko denen eskubideak berdintzeko baliagarriak diren izpirituak zein materiak.

Beste errealitate batera itzulita, alegia, aurreko bitartekoen buffet librean helburuen arabera aldatzen den horretara, jakin dut Barne Ministerioak intxaurrondoko kasernako eraikinean “Gatito Lindo” izeneko hamar eguneko inkomunikazio eta tortura tailerra programatu duela Donostiako jaien inguruan, militar, epaile, exekutibo, parlamentari, senatari, kazetari, lobby eta estilista andanaren kolaborazioarekin batera. Bere jomuga argia da, fikziozko kontakizunak asmatzeko baliabide eraginkorragoen eskumenak transferitzea hemengo “armairu ibiltari” delakoen autoritatearen doako indarkeriarekin batera barneratze prozesua azkartzeko. Gainera, izena emateagatik kilo erdi “bikarbonato sadiko” oparitzen dizute lehen irakasmenak ondo digeritzeko. Baina berehalaxe ohituko direla dio eskuliburuak, ongiaren eta gaizkiaren gaineko sorgortasuna lortzea posible delako Estatuen izenean. Hau bai txiringitoarekiko maitasuna!! Praktikak mundialak omen dira ze teoretika oso landuta dago garrasien oihartzunak gure belarrietara heltzen zirenetik eta hiltegi instituzionaletatik objektualizatzaile profesionalak kargu publiko zein pribatudun subjektuetan errazki transmutatzen ikusten genituenetik. Kosmosean dena konektatua egongo al da? Dena den, norbaitek noizbait Atenasen esan omen zuen -seguruenik beste norbaiti entzunda, ez baitugu inoiz jakingo lehenengo gizarajo bikoteak osotasunaren jabe zen mendeku zaleari plagioa egin ote zion edo bere eskubideak erosi ote zizkion-, injustizia egitea okerragoa zela berau jasatea baino, batean bidegabe bihurtzen zinelako eta bestean ez. Bada zalantzan nago, ze injustizia latzak pairatzen dituztenak oso kontzienteak dira eta beraien ondorengo egunak baldintzatuak daudenez izugarri axolako zaie. Desabantailak besterik ez injustu ez direnen hilobiak gainezka daudelako. Aitzitik, abantaila handia ongiaz eta gaizkiaz haraindi egotea botere-nahiarekin batera, oso kontziente ere zenbateko gustua ematen duen instituzioen babesarekin baldintzarik gabe hobby hauetan aritzea. Historiaren kontakizuna bereganatzeko operazioaren zantzuak nonahi, adibidez: “La 2”eko dokumental batean olagarro batek haitz batetik bestera ihesi dabilen karramarro koloretsu bat harrapatu eta jan orduko, narratzaile-epaile-gizakiak ahots limurtzailez gosez dagoen animalia eraile bezala definitzen du. Horrela, olagarroak harrapatu eta jateko barren-kezka hori disolbatu eta itsasoetako urpeka(ta)riek lanean jarraitzen dute. Nola ez dute ba Galizako itsaskiek ihes egingo modu honetan iraintzen badituzte? Argi dago historialari ofizial estetizistei eta lobbyei ere onurak dakarzkiela albo-kalteetako negozio-nitxoetan parte hartzea: txirotzearekin ultraberastea, hobi komunen teknologian etengabeko hobetzea, ikaztutako gorputz biltegiak erregai bihurtzea, e.a. Armatuenaren legearen baitan edozer basakeria egiten goxatzen dutenak ez al digute esaten ari paradisu ezagunena -eta ziurrenik bakarra- mundu honetan dela, alegia, Spinozak definitutako “Erreala, baina ez okarkikoa, den Ia Guztia” honetan?

Transmigratzeko intentzioa duenari beste animalia basati batean egiteko gomendatuko nioke -gizakiarenak ez baitu erremediorik- Atenaseko justuaren dizipulu eta mundu ideal zalearen disgusturako bada ere. Gerrarik? Ez, inoiz ere ez, baina ahal bada eee…

Gogoratzea ahaztu