Gogoan geratu zaizkidan tontakeixak 1

Hemeretzi urte neuzkan. Ilea motza, kateorratz txiki bat aro batetik zintzilik ezkerreko belarri gingilean. Praka estuak  eta anaiari kendutako kremaileraz jositako larruzko txupa beltza soinean.

Amona bixitatzera gindoazen, izeba Pakiren etxera, Donostiako Gipuzkoa plazara. Anaiak eraman gintuen, geroago herentzian jasoko nuen, pegatinez atondutako, Seat Panda txuri zaharrean.

Zebrabide batean geratu zuen anaiak autoa. Ama jaitsi zen lehenik, ondoren ni, atzeko eserlekuan bainindoan. Kalera salto egin eta bi tipo ikusi nituen. Buruari buelta eman nion, ezagunak baizitzaizkidan. Ordurako, jada, kuttuna nuen Ruper Ordorika  eta bere lagun Bernardo Atxaga ziren, zebrabide hura oinez zeharkatzen. Nire begiradaz jabetuta edo, Ruperrek ere buelta hartu eta begira geratu zen une batez. Harrituta egongo zen, agian, miresmen puntu batekin egin nielako so, duela hogeitabost urteko kontuez ari naizela kontuan izan. Edozein kasutan, emozionatu egin nintzen Ruperrek begiratu egin zidalako, eta irribarrea ahoan joan nintzen amonarengana.

Egun eta une hura ez zait sekula ahaztu, eta ez dakit gau hartan Ruperrekin egin ote nuen amets, baina nire plazerrerako gogoan hala gordetzea erabaki dut.

JOXEPAREN KAIERA