Gizatzarra… eta ona

Gizatzarra… eta ona –

Udazken azkeneko hotza Gasteizen, goizeko 9ak gutxi gorabehera, egun lanbrotsua, hezea. Bide bazterreko belarra bustita dago. Pozik noa, eder gertatzen zaidalako momentua eta parkeko aintzira txikira laster iritsiko naizela dakidalako. Izugarri gustatzen zait ura ukitzen duen zubi esekitik pasatzea. Zubia laburra da, ahateak janari eske iristen direnerako, beste aldean zaude (bide batez, ez zaie ogirik eman behar ahateei, kalte egiten omen die!). Umeekin nagoenean, haien aitzakiaz, pausu indartsuak egiten ditut gehiago mugi dadin. Umerik gabe nagoenean baina ez dudanean inor inguruan, beste horrenbeste.

Gaur horietako egun bat izango dela dirudi. Ez dabil inor inguruan eta urrutiagotik ez ninduke inork ikusiko laino honekin. Ez bada! Zubira iristeko metro gutxi gelditzen zaizkidala, hor datorkit baten bat aurrez aurre. Zubira iristen naizenerako zeharkatuta izango du berak, edo ia. Zakur handi bat dakar lotuta. Aterki berde loreduna. Gizonezkoa da eta, gehixeago hurbildu ahala, zehaz dezaket ez dela gaztea. Zein ondo, gizonezko bat guardasola koloredun batekin, zakur baten ondoan lanbroan zehar ibiltzen parkean udazken goiz batean.

Baina, aski hurbildu garenean, bat batean plazer estetikoa pikutara joan zait, edertasun ametsa hautsi egin zait: guardasola loredunaren gizona ez da nik irudikatutako izaki sentibera poetikoa, zakur otzanari zakar tira egiten dion gizatxar erretxina baizik. Nabaria da zakurra beldurtu egiten duela zubiaren dantzak. Beldur horrez gain lepoko uhalaren tiraldiak eta bere jabearen orruak jasan behar ditu. Gaixo zakurra. Eta gaixo ni. Zer eskubide ote du gizon horrek berari bizia eta niri goiza hondatzeko?

Zerbaitegatik lurralde arteko autobusetako zakarkeria etorri zait gogora, gero eta deserosoago otzan-otzan onartzen dugun zerbitzua, zakarkeria kutsakorra balitz bezala. Niri oinak bermatzekoa kendu didatela, ziurtasun uhala hondatuta dagoela, ez dugula lekurik eserlekua etzateko edo ondokoa ez ukitzeko… ba nik oihuka hitz egingo dut, telefonoa nahi bezala erabiliko dut, aurpegi txarra jarriko diot ondoan eseritzera ausartzen denari… eta denok iritsiko gara helmugara bidaia hasi baino pixka bat haserreago munduarekin, geure buruarekin, gizatxarrago.

Gizatzarra... eta onaBarne aterpera ihes egitea gelditzen da. Ahal delarik, irakurtzera, babesa eta plazera batera ematen dituen jarduera horretara. Iñaki Uriarteren (El País, 2021.XI. 28) artikulu batean murgildu naiz eta berriro gogoratu naiz goizeko gizatxarra eta zakurraren gertakizunaz. Artikuluaren azken aldera dio katu pare batekin bizitzearen alderik onena ez dela maiz izaten dugun antropomorfizazio jolasa (gizakiak balira bezala hitz egitea eta halakoak, alegia) horren kontrakoa baizik. Onena omen da (eta da) ohartzea beste espezie bateko animalia batzuekin bizi zarela naturaltasun osoz; oso desberdin, ulergaitz eta arrotz izanagatik ere, zeure antzeko diren izakiak, senideak. Eta denok kontent. Katuak bizikide dauzkagunok gozatzen duguna ez omen da haiekiko identifikazioa, baizik eta hain desberdin gertatzea. Borgesen aipu bat dator gero eta, ondoren, haiku baterako inspirazioa eman zion bere etxeko korridorean izan zuen bizipena: katua eta bera gurutzatu omen ziren, bakoitza bere norabidean. Katuak ez omen zion kasurik ere egin eta berak, agerkunde moduko batean, galdetu omen zion bere buruari, «nolakoa ote da honen bizitza?».

Pixka bat sendatu nau jakiteak halakoak ere gertatzen direla, badirela gure espeziean horrelako oharmenak. Nahiago nuke aintzirako gizonak bere zakurraganako Uriartek bere katuenganako duen errespetua izango balu (eta autobusak zerbitzu direla esaten dutenek hitz horren esanahiaz pentsatzeko bakea izango balute… bere espeziekideenganako gutxieneko begirunea, alegia).

Galde 35 negua/2022

galde

Gizatzarra… eta ona

2 pentsamendu “Gizatzarra… eta ona”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-06 18:13

    Katuen jaioterria Egipto ei da. Baina izen hori euskal-iberierazko da, alegia
    KATU *ka-tui, “muturrik bagekoa”;
    euskeraz *ge-an-tui izango litzateke, gauza bera adierazteko.

    Eta iberierazko testuetan “KATU” agertzen da “gorabehera bageko terrenoa” esateko.

    EGU BERRI ON katuen espezie-kideentzat ere.

    Ongi etorri Egiptotik!

  • ge-an-tui?
    Hau ez da euscara. Nehondic ere ez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude