Gipuzkoa Zero Zabor, Europe Zero Waste

Gipuzkoako hainbat ordezkari politikok, azken hilabeteetan, hautsak harrotu ditu, herrialde horretako 34 herritan, hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezarriko den kariaz.

Ez da nire asmoa haiek kritikatzea, ez eta beste batzuk goraipatzea ere. Nire helburua, gaurkoan, gaiari buruzko informazio ahalik eta argiena eta objektiboena ematea da. Ondoren, norberak atera ditzan bere ondorio propioak.

Esan dezadan, hasteko, azken berrogei urteetan gure gizarteak izugarrizko aldaketak jasan dituela. Errealismo italiarreko filmografiak hain ondo erretratatu ohi dituen herri txikietako bizimodu sinpleetatik, ia konturatu gabe, modernitatera igaro gara. Horrek, gure egunerokotasunean, izugarrizko aldaketak ekarri dizkigu, bereziki, ekonomiari eta kontsumo-ohiturei dagozkienean. Denda txikietatik, superfizie handietara, eta, ondorioz, produktuak eta elikagaiak zuzenean gure poltsetara sartzetik, bilgarriz atondutako elikagaiak erostera igaro gara, ia oharkabean.

Hasieran “berrikuntza” bat iruditzen zitzaigun hori, pixkanaka mamu bihurtzen hasi zaigu. Horren arrazoia oso sinplea da. Horrenbeste ontzi, bilgarri, paper, kartoi, plastiko erabiltzen ari gara, ezen horren ondorioz sortutako zaborra arazo bilakatu zaigun.

Etxeetan sortzen dugun zabor-kopurua handitzen joan gara esponentzialki, eta horiek botatzeko erabiltzen genituen zabortegiak betetzen hasi zaizkigu. Gainera, toki horiek ingurumenari egiten dioten kaltea ikusi dugu, eta alternatibak topatzeko beharra dagoela ulertu dugu.

Badira urte batzuk, gaiari irtenbidea eman nahian, gaikako bilketarako edukiontziak ezarri zirela herri guztietan. Kanpainak bideratu ziren, erakundeetatik eta eskoletatik, edukiontzi horiek erabil zitezen, baina, itxura batean, hori ez da nahikoa izan. Sortzen dugun zaborraren % 30 inguru besterik ez dugu birziklatzen. Eta hori arazoa al da? Erantzuna baiezkoa da, bi arrazoi direla medio. Batetik, zaborraren gainontzeko % 70, alferrik galtzen denez, berriro ere natura ustiatuz lortu behar dira antzeko gaiak, dauzkagun baliabideak alferrik galduz. Bestetik, zabor hori kudeatu beharra dago, eta, horretarako, egun, bi aukera daude: aski ondo ezagutzen ditugun zabortegiak eta inork bere inguruan nahi ez dituen erraustegiak.

Zabortegiak arazo bat direla esperientziak erakutsi digu. Espazio-arazoez gain, inguruko lurrak eta urak kutsatzen dituzte, bertan sortzen diren lixibatuen bitartez. Horrez gain, animalia-izurriak dakartzate: kaioak, arratoiak…

Erraustegien inguruan, esperientzia gutxi izan arren, osasunarentzat kaltegarriak direla esan dezakegu. Alde batetik, materiaren errekuntzan, gas toxikoak eta berotegi-efektua areagotzen duten gasak isurtzen dira airera. Gainera, prozesuaren ondoren, tratamendu eta zabortegi bereziak behar dituzten eskoriak geratzen dira. Horrez gain, errekuntzarako erabilitako materia organiko guztia (gaika sailkatu ez den % 70 hori), alferrik galtzen da, eta natur baliabideak agortzen ditugu.

Zero Waste” (zero zabor) ekimena arazo horri alternatibak bilatzen ari zaizkio. 70. hamarkadan sortu zen kontzeptu horretatik abiatuta, besteak beste, hondakinak kudeatzeko bide jasangarriak jorratzen dituzte, eta atez ateko bilketa-sistema, filosofia horretan dago oinarrituta.

Hondakinik onena sortzen ez dena dela jakin arren, helburua zera da: sortutako hondakin hori, berriz ere, kontsumoaren gurpilean sartzea. Nola? Berrerabiliz, konpostatuz ala birziklatuz.

Atez ateko bilketa-sisteman, herritarra behartuta dago sortzen duen zabor guztia gaika sailkatzera. Ondorioz, zaborra beharrean, hondakina sortzen du, hau da, berriz erabil ahal izango den gaia. Hondakina organikoa bada, konpostatu ahal izango da, ongarriak sortuz. Bestelako gaiak, aldiz, gaika sailkatuta birzikla daitezke, berriz ere oinarrizko gaiak eta materiak lortuz, produktu berriak ekoiztu ahal izateko. Modu horretan, natura gehiegi ustiatzea ekiditen, eta baliabideak alferrik galtzea saihesten dugu.

Atez ateko sistema ezarri duten herrietan, birziklapen-tasak % 80 inguru dira. Datu horiek, oraindik, hobe daitezke, baina gauza bat argi geratzen da: erraustegien beharra desagertu egiten dela.

Lan handia geratzen da, oraindik ere, sistema hori hobetzeko eta benetako Zero Zabor egoera batera heltzeko. Birziklapen-plantak eraiki beharko dira, eta errefusa gutxitzeko neurriak hartu beharko dira, besteak beste. Hala ere, bide horretatik, soilik, lortuko dugu Gipuzkoa jasangarriago bat, eta Europako herrien artean aitzindari izatea ingurumen gaietan.

Eta hori guztia zertarako? Orain arte egin dugun planetaren ustiapen mugagabea frenatzeko eta ondorengoen baliabideak ez konprometitzeko.

Izan gaitezen ausartak eta aitzindariak horrenbeste buru hauste sortzen ari den arazo honen aurrean. Eman aukera atez atekoari, eta bihur dezagun Gipuzkoa Zero Zabor, ondoren Europe Zero Waste lortzeko bidean.

ingurumena, iritzia
joxepa

JOXEPAREN KAIERA