Gaztetasuna eta pazientzia

pazientzia

Pazientzia ez da sekula nire bertutea izan. Amorratzen nau gauzak hartu eta egin daitezkeenean ingurumarietan galtzea, burokrazia tonak irenstea, gauzak askotan errepikatu behar izatea. Gazteon kontua dela ere esaten da, baina tira, zahar-gazteen arteko betiko parabola izanen da, gorputza sendo eta odola azkar dugunez.

Gaztetasuna eta pazientziaNekez bihurtzen da zahar arbola, eta kostata lurra baratza. Ormaiztegin herri baratzak eskuratzeko aukera daukagu herritarrok, duela lauzpabost urtetik hona. Lur sailak ez dira lur zailak, aurretik herriko soro onenak han inguruan omen zeuden eta; erribera lurrak dira, eta eguzkia sortaldetik agertu eta sartaldetik desagertu bitarte ez da argi izpirik falta. Hogei partzela daude , eta hiruzpalau libre, oraino; duela gutxi erdia baino gehiago hutsik zeuden.

Uste dut baratza modan dagoela. Modan, diot, afizioz eta ez ofizioz hartutako zeregina delako gehienon kasuan; beharbada laster da Eguzkitze gai hauen inguruko programaren bat aurkezten, “Sorginen baratza” edo horrelako zerbait. Egunerokotasuna ulertzeko beste era bat dakar lurra lantzeak, eta badirudi askok heldu diotela bueltan; Jakoba Errekondok Joxelu Anaiakek baino herri gehiago zapaldu ditu bere hitzaldiak ematen, bere liburua asko zabaldu da, eta orain Altza Porru kaleratu dute, liburua komiki bihurtuta. Baratze baten inguruko pelikula baten ekoizpenaren atarian ote gaude?

Gure amaren erabakia izan zen baratza hartzea, niri ez ninduen asko tentatu sekula kontu honek. Baina lanean hasi nintzenean gustuz heldu nion. Belarra kendu eta lurrari buelta ematen hasi nintzen aitzurrarekin, inuzente, eskularru gabe, eta nik bakarrik dakit hurrengo egunean atzaparretan neukan potajea. Simaur bataioa ere jaso nuen lagun baten baserrian. Simaur ingurura heldu ginenean pentsatu nuen “beno, ez da hainbesterako, usaina aski onargarria da”, baina pala txokolatean sartu eta azpiko pastela ateratzean usaindu nuen esentzia, parez-pare. Kalekume baten mila eta bat pasadizo izan ditut tarte labur batean, eta hala ere, gustura.

Kontua da bolada batez gogaitu samar egon naizela. Gauza gehiegi, ardura gehiegi, zeregin gehiegi, eta dena (eta denak) antzarak ferratzera bidali eta egun batzuetan lagun baten etxera joan naiz. Aste bat igaro dut berarekin, jan, edan, lo, paseatu, bainatu eta “gu baino hobeto bizi dena kabroia galanta” esatea baino lan gehiagorik gabe.

Itzuleran, treneko leihotik begira, bide bazterrean zeuden baratzeetan ipini nuen arreta, eta bizkitartean, gurean pentsatzen nuen. Zer moduz ote dago? Ez ote ziguten karakola eta bareek gain hartuko? Landatutakoa hasi ote da lehen fruituak ematen?

Etxera iritsi eta baliza desegin ostean, baratzera abiatu naiz.

Hasi naiz hurbiltzen, hasi naiz zurbiltzen, eta hasi naiz ur biltzen. Zur bilketan hasiz gero ene bizkarra berotuko bainuke makilakadaka.

de-paciencia-1Hori da hori belar txar festa! Mekauen sos! Landatu nuen guztiaren artean belarra zegoen berriro ere. Bi belar txarrek yihada deklaratu didate: aieneak eta uztauek. Aienea kiribildu egiten da inguruan dauzkan lore eta barazkietara, eta ito egiten ditu, eta berau kentzeak eskatzen duen lana ikusita ondo merezita dauka izena; uztaue, aldiz, morroiari beldurrik ez dion belar txarra omen da, eta ez zait harritzen gure zaharrek hori esatea. Jada bi aitzur kirten hautsi ditut bera sailetik kendu nahian. Sustraiak luzeak, lodiak eta harria baino gogorragoak dauzka.

Orduak igaro genituen ama eta biok belarrak kentzen, aieneak sortutako korapiloak deslotzen, eta Martin Larralde ere horrelako egun batez hilko zela otu zitzaidan, ortu zitzaidan, hori da hori aspertua harrapatu genuena. Baina beno, garbitu genuen, eta gerri buelta akabatuta eta pazientzia minduta itzuli ginen etxera.

Atzo itzuli nintzen ze panorama zegoen ikustera. Berriz ere antzeko dago.

Pazientzia ez da sekula nire bertutea izan. Baratzean ere, arestian argitu bezala, berria naiz, eta ez dakit ze fruitu jasoko ditudan lehen saiakera honetan; baina uste dut dagoenekoz pazientzia ematen ari zaidala.

Gaztetasuna eta pazientzia
baratza, gaztetasuna, osasuna, pazientzia
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude