Gasteizko bitxikeri geografikoak

Gasteizko bitxikeri geografikoak –

Txikitan aitak etxera ekarri zuen Gasteizko mapa batekin hasi zen nire zaletasuna: Gasteizko Udalak argitaratutako mapa horretan ikusi nuen nire hiria nik uste baino askoz handiagoa zela. Izen ere hiria bera ez ezik inguruko herri eta mendi asko ere Gasteiz zirela deskubritu nuen. Orduak eman nituen mapa hori arakatzen.

Ordutik hona gauza asko aldatu dira, internet etorri da eta berarekin batera ehundaka mapa, muga eta mapa-freak ezagutzeko aukera. Baina esan bezala, nire zaletasuna Gasteizko bitxikeriekin hasi zen eta hona ekarriko ditut haietako batzuk.

Garaiena eta baxuena

Gasteizko punturik garaiena Alde Zaharrean zegoela pentsatu izan dut beti, Oihaneder jauregiko sarreran, 545 metrorekin; baina DiSuAr1-k ohartarazi zidanez oker nenbilen. Gasteizko punturik altuena Armentiako “etxe merkeetan” dago, Mendiko Bidea kalearen amaiera, 553 metrorekin.

Punturik baxuena aurkitzea errezagoa da, ibaiei jarraitzea nahikoa da. Ura behera doa, eta Gasteizko ur guztiak Zadorrara doaz. Zadorra 493 metroko garaieran Gasteiztik ateratzen denean, Iruña-Okan sartzeko.

Udalerriko punturik garaiena, Pagogan, 1029 metro.

Gasteiz handia da, baina Gasteizko gauza batzuk ez daude Gasteizen

Handia da Gasteiz udalerria, 277 km2 ditu eta hor sartzen dira Gasteiz hiria eta beste 63 herri. Baina Gasteizko gauza guztiak ez dira hemen kabitzen, kanpoan geratzen dira. Autobus geltokiak, esate baterako. Tuvisak (Gasteizko autobus urbanoak) hiru geltoki ditu gure mugetatik kanpo, hirurak ere Arratzua-Ubarrundiako udalerrian.

Gure hiritik kanpo hainbeste sona lortu duen Eraztun Berdearen zati bat ere Gasteizko kanpo dago, eta berriro ere Arratzua-Ubarrundian. Buesa Arenatik aurrera jarraitzen baduzu, Zurbaora joateko, errotondan topatuko duzu Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiaren arteko muga, seinalizatu gabe badago ere. Eta hortxe dago, eskuinaldean, Eraztu Berdearen zati bat gure hiritik kanpo. Marra horia Gasteizko muga da, argazkian eraztun berdearen zatia.

Ohea Gasteizen eta sukaldea hemendik at

Durako geltokia auzoko (hortik igarotzen zen VascoNavarro trena) bi etxe Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia artean erdibituta daude. Etxeko atariak Arratzua-Ubarrundian badaude ere etxeen zati bana Gasteizen dago. Nori ordainduko ote diote Ondasun Higiezinen gaineko Zerga?

Argazkiko zati berdea Gasteiz da, urdina Arratzua-Ubarrundia.

Irlak

Itsasotik urrun bagaude ere gasteiztarrok baditugu geure irlak.

Irla mingarria, Iruraiz Gaunaren barrendegia. Udalerri horrek 50 bat hektareako barrendegi bat dauka Aberasturitik gertu. Goitik ateratako argazkietan ikusten denez aparteko baliorik gabeko eremua da. Beraz hemendik deialdi bat egiten diot Gasteizko alkateari lur zati hori konkistatzeko, ez dut uste Iruraiz Gauna herriaren erantzuna oso beldurgarria izango denik gasteiztarrontzat.

Argazkian, gorriz Gasteizko muga, eta zuriz urdinez barrendegia.

Irla bitxia, Okina. Okina herria Bernedo udalerriari dagokio, baina bertako herritarrek gure udalerria zeharkatu behar dute nahi ta nahiez herritik autoz atera nahi badute. Bizikletaz eta mendian bai, badute modua Okinatik Bernedora joateko, baina autzo joan nahi badute kristoren buelta eman behar dute eta Gasteizko lurra zapaldu.

Tren irla, Krispiña herriko zati bat. Burdinbideak erdibitzen du Krispiña eta trenbidearekin eta Jundizeko industrialdearekin herriaren zati bat isolatuta geratu da. Zubia zeharkatu behar duzu borobil gorrian dauden etxeetara iristeko.

Hildakoen irla, Gamarrako kanposantua. Bakarrik egon ohi dira hildakoak, baina are bakarrikago Gamarrakoak, autobide baten erdia egonda ezinezkoa baita bertako hilerrira iristea oinez edo bizikletaz; eta autoz joanda ere debekatuta dago aparkatzea. (Eskerrik asko Manex Agirreri abisatzeagatik)

Zuhaitz irlak. XX. mendearen hasieran hariztiek betetzen zuten Lautadaren zati handia. Giza jardueraren ondorioz baso horiek desagertu ziren, baina hala ere oraindik ere geratzen dira baso zati txiki batzukHarizti-irlak izena dute eta horietako bi (gutxienez) Gasteizen daude. Irletako bat Zuhatzun dago, Zabalgana eta Jundizeko industrialdearen artean, Sarbikotxeakoan. Bestea Estibalizerako errepidean. Fijatu zarete inoiz errepide ondoan dagoen merendero txiki arraro batean (traktorearen ondoan)? Ba hortxe dago, errepidearen beste aldean.

Gasteizko bitxikeri geografikoak

Kuatrifinio

42.79293, -2.77927 koordenadetan bat egiten dute Gasteizek, Iruña Okak, Argantzunek eta Trebiñuk. Gure hiriak duen kuatrifinio edo tetrapuntu bakarra.

Gasteizko bitxikeri geografikoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude