GARABI talde eraberrituak Kafe torero egitasmoa zabalduko du

Garabi musika taldea Kafe Toreron

Datorren ostegunean, hilak 25, blues musika eta poesia errezitatua uztartzen dituen emankizun berezia eskainiko du Zarauzko Garabi musika taldeak Euskalduna tabernan, aurtengo ikasturteko “Kafe Torero” kultur egitarauari hasiera emanez.

Hileko azken ostegunarekin, formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak eskaintzea da “Kafe Torero” egitarauaren asmoa. Udaz kanpo eta aste barruan antolatzen dira ekitaldi hauek, jendea hilean behin sofatik altxarazteko esperantzarekin. Zarautz eta inguruetako artista berriei plaza berri bat eskaintzea da, baita, egitarau honen helburuetako bat.

Azken horren haritik, ikasturteko lehen ekitaldi hau Zarautzen sortu berri den talde baten estreinaldia izango da herrian. Lau zarauztar gaztek osatzen dute Garabi:

Gitarra akustikoa: Axier Arriaga

Gitarra elektrikoa: Mikel Lazkano

Ahotsa eta harmonika: Oier Aranzabal

Baxua: Oihan LarraƱaga

Garabi, izenak dioen moduan, hasiera batean bikote bezala sortu zen, Axier Arriaga eta Oier Aranzabal gazteen ideia batetik. Oierrek Axierri komentatu zion, nola bazituen poema batzuk, eta ea animatuko ote litzatekeen poesia musikatua egitera bien artean. Horrela sortu zen taldea.

Poesia errezitatu hutsekin hasi ondoren, beraiek eginiko kantuak probatzen hasi ziren eta blues doinu akustikoak jotzen, horrela, musika eta olerkia uztartuz eta lan polit bat eginaz.

Eskoriatzan egin zuten haien lehen agerpena jendaurrean, zehazki Eskoriatzako unibertsitateko hitzaldi gelan. Honen ondoren Anje Duhalderekin batera jo zuten Leioan, Harrabots aldizkariaren aurkezpenean eta ondoren uda hasieran Larrabetzuko gaztetxean. Gauza geroz eta serioago hartuaz taldera Mikel Lazkano elkartu da gitarrarekin akonpainamentu eta punteoak eginaz eta baxuarekin aldiz Oihan LarraƱaga sakontasuna emanaz.

Laukotea bihurturik Euskaldunan joko dute hilaren 25ean. Blues doinuak eta olerki errezitatuak gustuko dituen oso ager dadila Euskalduna tabernara.Ohi bezala, 21:30ean hasiko da emanaldia, eta erabat doan izango da.

Ekaitza bainuontzi batean