Gabeziak

Gabeziak –

Gabeziak
Arg: Stephen Edmonds (wikipedia)

Gaur zilegi bekit esperientzia pertsonal batetik abiatzea: joan den asteburu honetan, “apaiz erremindu moralista” deitu didate, eta gaineratu eskuinean akituko dudala, “kontserbadurismo berri baten defendatzaile”, “teoriaren aurka, feminismoaren aurka” eta, tira, oro har, munduan diren gauza on guzien aurka. Ongi nago, ez zaitezte kezkatu; anitz gustatzen zait jendeak nitaz gauza politak erratea.

Solasera ekarri dut kontua, hedatzen ari den eztabaidatzeko manera baten adibide ederra iduritzen zaidalako. Norbaitek gurekin ados ez dagoela adierazten badu, haren argudioei arrapostua eman beharrean, gaiztoen saldokoa dela erakusten saiatuko gara. Niri ez zait estilo hori bereziki gustatzen, baina sortzen didan errefusak, bistan dena, nire gabezia pertsonaletan du jatorria: eskas dut eztabaidatzeko metodo horrek eskatzen duen lotsagabetasun intelektuala, eta eskas dut, orobat, egoera edozein dela, behin ere hutsik egin gabe ideologiaren alde eguteran erortzeko gaitasuna. Baina nire eskasiak alde batera utzita, aitortu behar dut arrunt metodo praktikoa dela: batetik, lan intelektuala izugarri arintzen du, solaskidea iraintzea di-da batean egiten baita, eta, bertzetik, munduko gauzak sailkatzen eta txukuntzen laguntzen du, anbiguotasun moral oro baztertuta: zer zaren da inportanteena, eskuinekoa, gaiztoa alegia, edo ezkerrekoa, zintzoa alegia, ez zer diozun. Izan ere, edozein merkekeria botea ere, ezkerrekoek zurekin eginen dute bat, betiere benetan ezkerrekoak badira.

Jarrera horri ikusten diodan oztopo bakarra da zure burua ezkertiarren apezpiku nagusi izendatu behar duzula, eta karnetak banatzeko eta kentzeko boterea egotzi. Horretarako, harropuzkeria puntu bat behar da, baina hori ere falta dut. Ikusten duzuen bezala, eskuinekoa izatea nire gabezia ttikiena da.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 25ekoa]

Gabeziak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.