formulatzen

1.- Iratzargailu madarikatu!
Berriro klasera, kaka!
Motxila hartuz bizkar gainean,
ttipi ttapa, ttipi ttapa.
Matematika eta fisika,
besterik ez nuen falta;
halere maisu sartu ezazu
beldurrikan gabe txapa,
nire gogoa beste norabait
ihesi joango da ta.

2.- Unibertsoan edukiera
dun X metro kubiko,
lerro batean zauden puntuak
hamar mila eta piko,
mugagabea aztertu nahian
zenbat hitz filosofiko,
alper alperrik ari hitunan
Bolzano ta Demokrito,
nik zenbat maite haudanan isla
bakarrik dun infinito.

3.- X eta Y ezezagunak
hi eta ni izanikan,
bion baturan emaitza zagon
maitasunaren argitan,
kendura, berriz; ezereza dun,
bion bihotzak hutsikan;
ez ekuazio sistema honek
ez zaukan erantzunikan
ez zagon eta isolatzerik
X-a Y-rengandikan.

4.- Matematikak zion haizela
formarikan gabekoa
ez piramide ezta kuboa
ezer ez dun antzekoa,
erpin gabeko edertasuna,
aurpegi bakarrekoa;
irudi hori izan ziteken
Vitrubion ordekoa,
esfera bezain perfektua den
gorputz geometrikoa.

5.- Attosegundu bateko hire
begirada miopea
niretzat aski dun izozteko
denboraren joatea;
ez segundua, ez minutua,
ez astea, ez urtea,
dudarik gabe beste zerbait dun
denbora unitatea:
hik emandako ondoz ondoko
muxu arteko tartea.

6.- Korronte batek beti eremu
magnetiko bat sortzen din
ta hire muxu elektrikoek
egin diten berdin berdin,
eremu horren erakarpena
niretzat hain dun atsegin,
iritsi eta muxu bat eman
bakarrik nahi diñat egin,
maitasunaren korronte hori
sekula agor ez dedin.

7.- “Eguzkia da gure argia”
sarri diñagu entzuna,
baina uhinek ez zeukanate
hortarako gaitasuna,
energiaren transmisio bat
besterik ezin den suma;
ez eguzkiak, ez ilargiak
ezta lanparak laguna,
argi egiten duen bakarra
dun hire edertasuna.

8.- Ametsetatik jaitsi nauena
gela ertzeko txirrina,
oharkabean pasa ez zait ba
hau lan egun atsegina,
trasto guztiak motxilan sartu
eta kalera jakina,
orain hasten da berriz niretzat
benetako esamina,
pozik nengoke egingo banu
amestutako adina.

Oier Aizpurua

Ekaitza bainuontzi batean