Flow bila

Surflariak18 urteekin lagun batek eskaladan hastea erabaki zuen. Eskalatzeko oinetakoak eta eskuetarako magnesioa erosi zituen. Apurka-apurka, eta baselinarik gabe, edozein berriketa eskaladarekin lotzen hasi zen: horma bat ikusten zuen bakoitzean, begira geratu eta iruzkin sasi-teknikoak egiten zituen. Behin, beste ezagun batekin eskalatzera joan zen: oinetakoak jantzi, magnesioa eskuetan eman eta kito. Nire kalkuluen arabera, aipatu zituen 10 hormako bat ere ez zuen igoko.

Berari esker barre handiak egin genituen, bere kontura, noski. Eskalatzaile arropaz jantzita imajinatzen genuen logelan zutunik, apalategira igota, oin bat tiraderaren gainean eta bestea ohean, magnesioa eskuetan, liburuak ordenatuz. Nahiko patetikoa zen dena, eskerrak ezkutuan egiten genuen, bestela haserretu egingo zen ala mendekua hartu. Larunbatak eskalatzeko-hormeei begira emateak hotzikara eragiten dit oraindik, lagun on batengatik ere.

Zaplaztekoa urteekin dator, ordea. Adinez aurrera egin, fisikoki eskas, burutik nazkatuta egon, eta surflariei arreta jartzen diezu. Hain guapo dira denak eta erakargarriak; irribarretsuak eta jatorrak, non neoprenoak begiratzen dituzun Decathlonen… Zalantzak dituzu neguan ura ez ote den hotzegi egongo, baina urte osoan kolore ona dute, sasoian egoten dira, eta lagunei proposatzen diezu surfean probatzea. Ea haien itzalaren apur bat pegatzen zaizun. Olatuei begira egoteari gustua hartu diot. Furgoneta erosten badut, deitu psikologoari.

Flow bila

Argazkia: “Surf Friends, San Diego” by moonjazz is licensed under CC BY-NC-SA 2.0

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Flow bila”-ri buruz