Felipe Gonzalez eta GAL


Egilea: A. Etxaniz (Zuzeu)

Elkarrizketa luzea da eta, niretzat bederen, interes gutxiago duten beste gai askoz hitz egiten du. Gaur ordea, GALen funtzionamenduari eta ETAren aurkako borrokari buruzkoak jasoko ditut hemen.

Elkarrizketaren lehen herenean, adibidez, Galindori buruz galdetzen dio Millasek. Zehatzago esateko, kargua igo ziola Galindori galdetzen dio Millasek. Gonzalezek, oraindik gaur, tipo izugarri ona dela dio [“un gran tipo”]. Bere arduretatik kendu zutenean ezagutu zuela, ez lehenago dio, eta bi-hiru hilabetean behin orduko PPko bruak bisitatzen zuela Intxaurrondoko kuartelean. Gonzalezek bitarte horretan ez ei zuen agurtu ere egiten, ez baitzekien nor zen. “Baina prozesatu zutenean deitu egin nion, ezagutu gintezen.”

Millasek Galindo inozentea zen ere galdetzen dio. Gonzalezek, ahoan bilorik gabe, baietz dio, “bai behintzat akusatu zuten zati handienaz. Ziur nago horretaz” Millasek, gaiarekin jarraitzeko, Guardia Zibilaren generalak Lasa eta Zabalaren hilketan parte hartu zuen galdetzen dio. Honetan ere, ziur, ezetz dio Gonzalezek. “Ez zuen parte hartu eta ez zuen agindua eman.” Gonzalezek, behin eta birritan dio, ezetz, ez zela Galindo izan haren arduraduna.

Jarraian Barrionuevo eta Verak Segundo Mareyren auzian izandako parte hartzeaz hitz egiten du eta Espainiako Estatuak salatari eta infiltratuekin 80ko hamarkadan jokatzeko [eta ordaintzeko] zuen moduaz. Hala eta guztiz ere, elkarrizketako pasarte interesgarriena, Millas berak ere titularrera daramana.

Honakoa da pasarte hautatua:

“Oraindik ez dakit ondo ala gaizki egin nuen. Ez naiz arazo moral bat planteatzen ari, oraindik ez baitut segurtasunik. Aukera bakar bat izan nuen nire bizitzan ETAko buruzagitza akabatzeko. 1992ko Bidarteko atxiloketak baino lehen izan zen. Joko Olinpikoak izorratu nahi zituzten eta mundu mailako proiekzioa izan… Ez dakit zenbat denbora lehenago, agian 1990ean edo 1989an, nire inplikazioengatik nigaino heldu behar zuen informazio bat ailegatu zitzaidan. Ez zen terrorismoaren aurkako operazio arrunt bat gehiago: gure jendeak -ez dut esango nork- ETAko buruzagitzaren bilera baten leku eta orduak ezagutu zituen Ipar Euskal Herrian. Buruzagitza osoa izango zen bertan. Denbora asko zeramaten operazio hura jarraitzen. Ordu eta lekua bagenekien arren, haiek atxilotzeko aukera hutsaren hurrengoa zen, gure eremuetatik kanpora baitzeuden, eta garai hartan, Frantziak haiek atxilotzeko agindua ematea ia ezinezkoa. Orain errazagoa zatekeen. Orain gure zerbitzuek ETAko buruzagitzaren bilera bat detektatuko balute Frantziako herriren batean, Frantzia gainera joango litzaieke guztiak atxilotuz. Baina garai hartan ez. Garai hartan bilduko ziren etxean guztiak batera lehertarazteko aukera zegoen. Ez dizut azalduko ze nolako inplikazioak zituen Frantziar eremuan ekiteak, ez dizut literatura osoa kontatuko, baina kontua bere sinplean honakoa zen: “denak akabatzeko aukera dago”. Erabakia bai ala ez da. Laburbilduz, esango dut: EZ esan nuen. Eta hau hau gaineratuko: oraindik ez dakit ondo jokatu nuen.”

Fondo erreserbatuez galdetzen dio Millasek gero eta baita itzaleko jardunbideaz ETAren aurka egiteko, eta kontu gehiagoz ere bai, jakina.

Jaime Iribarrenek facebooken dioen bezala baina, elkarrizketa honek ez al du garbi uzten, Gonzalez izan zitekeela GAL auzian hainbestetan aipatu zen X jauna? Zergatik bestela heltzen zaio berari bere karguagatik heldu beharreko informazioa? Presidente karguaz ari da ala ezkutuko ekinbideen beharra defendatzen duen buruzagiaren karguaz?

Postdata gisara:

Bahiketa eta hilketaz akusatutakoak publikoki defendatzea eta jendea hiltzeko planak argitara ematea ez al da biolentziaren apologia egitea?

ARTIKULU ORIGINALA HEMEN
Hasier Etxeberriak ere idatzi du artikulua gaiaren inguruan, hemen duzue.

CC by SA

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude