Eztula beranduegi datorrenean

Eztula beranduegi datorrenean – 

Eztula beranduegi datorrenean

Itsasoari so bizi izan banaiz ere, ez naiz itsasoak dakarrenaren esperoan bizi izan denetarikoa. Bai ordea nire familiaren zati eder bat. Amuma esaterako, ur zabalari begira bizi izan da, urte bakoitzean alaba bat gehiago magalean, hari so haren soinuak deszifratzen. Bazekien, horren arabera, aitxitxak zer nolako joana edo etorria izango zukeen.

Nire ama eta hiru izebak berdin, itsasoaren gora beheren berri doktoratuak, beti aitxaren pentsamenduan. Amak beti daki ze eguraldi egingo duen, haixe zantar horrek galarrena ekarriko duen ala errekaixe epelaren ostean zerk joko gaituen. Itsasoa zen bere aita eta bera lotzen zituen komunikabide bakarra, honen fenomenoak horien hizkuntza.

Nik ez dut lotura estu hori garatu, ordea. Beti gustatu izan zait hari so egotea, baina sarri harrapatu nau olatu batek goitik behera… Edota hondartzara joan eta –amak partea eman arren- arean etzan eta 5 minutura… JAUNGOIKO PRAKAZABALA! Itzelezko galarrena, hondarra edonon –hondar ahoak?-. Horregatik espezializatu nintzen beste sare batzuetan, sare sozialetan.

Aditu asko, larregi, dabiltza aspaldion ni itsasoarekin bezala, olatuaren gatza mingainean sentitu arren pauso bat aurrera eman eta goitik behera blaitzen. Bigarren olatua bizitzen ari garen une honetan, olatu berbera bigarrenez, honen danbatekoak astinduta ere berdin jokatzen jarraitzen, ustez adituak direnak hasiberri. Ez al dute ezer ikasi?

Egindako astakeriak ezin disimulaturik, eztula beranduegi datorrenean bezala, puzkerra agerian utziz.

Eztula beranduegi datorrenean

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara