“Ezdakitzer” hori

“Ezdakitzer” hori – 

Norberak  berea du. Urteko egun bat. Urteko hilabete bat. Urteko sasoi bat. Momentu bilduma bat. Pertsona bat edo batzuk. Elkartzeko aitzakia. Berritzen doazen ohiturak. Auzoko berelkartzeak. Berezi diren otorduak. Abesten diren dantzak. Eta dantzatzen diren abestiak.

jaiak

Zuk ere 2 urte daramatzazu egun, sasoi edo dantza horren zain. Sarritan imajinatu duzu nola izango litzatekeen oraina pandemiagatik izango ez balitz. Urteko egun, hilabete hori iritsi bada ere, ez da dantzarik egon. Ez da abestirik egon. Ez da jairik egon. Ez da elektrotxaranga hori egon. Ez da herri bazkari hori egin. Ez da anekdotarik sortu. Ez da ospatu. Pandemia bat da horren erantzule. Ospakizun hori ez da priotitatea. Une honetan ez da garrantzitsuena. Noski, ezetz (eta ez naiz sarkasmoa erabiltzen ari). 100 % ulergarria, erabat ados.

Horrek, ordea, ez du kentzen, norberaren egun, hilabete, sasoi horri nostalgiari eskutik emanda erreparatzea. Ez du kentzen, balkoietako apaingarriak ikusten “ezdakitzer” bat sentitzea. Ez du kentzen gelako apalean zintzilik duzun zapi hori urte osoan begiratu ez duzun bezala begiratzea. Ez du kentzen, jai batzordeen mezu eta komunikatuak triste irakurtzea. Ez du kentzen zain geratzea.

Ez dakit horrelakoek bertan behera egoteari uzten diotenean zer gertatuko den. Dakidana da: pandemia aurreko azken jaietan, ez genuela sekula imajinatuko zetozen 3 urtetan biziko genituen azken jaiak izango zirela. Eta hori hala izango zela jakingo bagenu ez genuke horren ondo pasako, hainbeste disfrutatuko. Ez genukeelako jakingo azkenak zirela.

Ez dut uste disfrutatzeko justifikaziorik behar dugunik. Ez dut uste ondoan ezbeharren bat gertatzera itxaron behar dugunik bizitza aprobetxatzeko erabakia hartzeko. Jai batzuk ez egiteak ez du kentzen egun horretan “ezdakitzer” hori sentitzea, pertsona horretaz oroitzea, beste horrekin elkartzea eta abesten diren dantzak eta dantzatzen diren abestiak gogora ekartzea. Besterik gabe, ez ahazteko.

balkoia

“Ezdakitzer” hori

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude