Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahi

Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahi – 

Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahiGaur eseri naiz kulunkarian, engongelan, lehiatearen aurrean, burusiaz estalita, kokorikatuta goxo-goxo egoteko eta neure burua apur bat zaintzeko. Norbere zaintza, gutxitan egiten dudan gauza hori. Atzo parranda egin nuen mutil batekin eta bere lagunekin. Mutil hau orain dela nahiko gutxi ezagutu dut, eta oso ona dela ematen du, ondo tratatzen nau, oraingoz, eta ez nago batere ohituta. Sexua sekulakoa da, plazerrean eta orgasmo luzeetan murgiltzen gara. Oraino ez da penetraziorik egon nik ezin dudalako, nahi dudan arren. Aspalditik laxanteak hartzen nituen egunero Elikadura Jokaeren Nahasmendua dela medio eta orain dela aste batzuk larrialdietara joan behar izan nuen sabela hondatuta neukalako eta ipurdia haragi bizitan. Hau irakurtzea deserosoa bada, imajina ezazue bizitzea, zelako errua sentitu nuen, zelako zigorra eta nola alde batetik pentsatzen nuen hori zela merezi nuena. Probiotikoak, kremak eta minerako pilulak eman zizkidaten.

Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahiOrduan, ulergarria da ezin dudala penetrazioa praktikatu, ezin didate ezer sartu, ezta ukitu ere. Mutil honek ez dit behin ere aipatu, esan edo aditzera eman penetrazioa nahi zuela eta egiten ez genuenez gero berari gure txortaldiak ez zitzaizkiola gustatzen, inoiz ez. Halere, nahiz eta ez esan, atzo parrandatik bueltatzean nire etxera joan ginen eta nik sartzeko eskaini nion oso ondo jakinda eta oso jakitun egoten ez nuela disfrutatuko eta ziur aski minduko ninduela. Halaxe izan zen.

Baina zergatik egin nuen? Zergatik egiten ditut horrelako erasoak neure buruaren kontra? Ez dakit zer gertatzen zaidan sexuarekin. Alde batetik sentitzen dut ematen ez badiot, orokorrean edozein mutili, ez dudala bihotzaldirik jasoko. Hau da, gehienetan larrua jotzen dut trukerako txanpon gisa txera lortzeko. Beste aldetik, gizonei atsegin eman behar diedala sentitzen dut.

Horren harira Kate Nashen Pumpkin soup abestia bururatu zait hala esaten duelako: I’m not in love, I just wanna be touched (ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahi). Eta oso ondo deskribatzen du nire egoera. Ez nago maiteminduta, baina uki nazaten nahi dut maitatua sentitzeko. Nire barnean dagoelako amodioa sexuaren bidez erakusten den ideia hori. Eta askotan ez dut txortan egin nahi, anitzetan pertsona hori, edo pertsona horiek, ez zaizkit gustatzen, batzuetan ez fisikoki, bestetan bere izateko modua. Batere gustatzen ez zaizkidan gauzak egin ditut, gustatzen ez zaidan jendearekin, gustatzen ez zaizkidan lekuetan eta nahi ez dudan momentuetan eta gero txarrago sentitzen naiz, zikin eta goibelduta. Baina untzea jotzen dut etsita nagoelako. Gauza guztien gainetik, maite nazaten gura dut. Behar dut. Zeinek ez? Agian galderek izan beharko lukete: zer gertatu zait lehen, beharbada seintzaroan, hau holan eramateko? Eta, beste pertsona batzuei ere gertatzen al zaie? Ez naizela bakarra sentitu beharra daukat.

Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahi

Zure konfiantzazko euskal marika zoratua naiz.

Zer duzu buruan “Ez nago maiteminduta, uki nazaten besterik ez dut nahi”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-04-09 03:07

    Oraingoz hiru testu irakurri dizkizut. Benetan eskertzekoa da hain konplexuak diren bizipen eta sentimenduak hain garden, hainbesteko argitasunez hitz lauz paratzea.

    Bo, lehen testuan irakurri dut:
    “… mintzen nau mugimendu ezkertiarrek psikiatra eta psikologo gehiago eskatzen dituztenean”
    Ni horren alde nago ba: psikiatra, psikologo eta buru-osasuneko langile gehiago, ikerkuntza gehiago, terapia hobeak, botika eraginkorragoak… Antipsikiatriaren ekarpenak, ikusi beharko zein.

    Baita ere, terapia elektrokonbultsibo edo elektroshok erabiltzeari buruz oso kritiko azaldu zara.

    Batek TEC delakoari buruz daukan informazio bakarra “One Flew Over the Cuckoo’s Nest” filma edo-eta Naomi Kleinen testuan oinarrituriko dokumentala baldin bada, seguru pentsatuko du TEC, funtsean, tortura metodoa dela. Praktikan, anestesiarekin egiten da eta gaur egun depresio koadro jakinetan erabiltzen da, mundu osoan, funtzionatzen duelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude