Ez gara herri

 Ez gara herri –

Ez gara herriEtsiak jota nabil, barkatu beharko didazue, baina, ametsak amets, gero eta argiago ikusten dut ez garela herri. Eta ez soilik burujabeak ez garelako, bai zera. Gaitzerdi hori balitz giltzarri nagusia. Egunotan Biarritz aldean ibilia naiz, Hondarribian, Hendaian, Donostian, Lasarten… baita Bilboko partean ere, hara eta hona autopistak hezurmamitzen digun geografian. Eta ez dut ikusi herririk, bazterretan ez da Euskal Herririk ageri.

Herri izateko behar direnak ere ez ditugu, ez hizkuntzarik, ez literaturarik, ez zinemagintza edo bestelako osagai nazionalik. Neurririk ere ez dugu, herri izateko modukorik. Mujikaren simulakroak eta Atxagaren makilaiak, biek antzezten dute gure ekosistemaren espejismoa. Gernikako arbola pipiak jango balu ere, ez legoke goiz bateko malko antzua besterik. Zer esanik ez Amaiurko harria birrinduko balitz. Ereserkirik ere ez daukagu, denok biltzen gaituenik. Lurraldea ere, mila zati.

Ez gara iraganaren harea baizik,  atoloi hondartuaren aletxoak, karramarro saldoen artean galdurik. Ez gara herri: ez dugu eta herri izan nahi. Ez dugu benetan horretarako batere gogorik.

Ez gara herri

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Ez gara herri”-ri buruz

  • Larregitan eman dugu amore. Lehen asaldatzen ginen Iparraldeaz aritzean “Frantzia” aipatzen zenean. Abesbatzetako programetan euskal taldeen ondoan “Espainia” ikusiz gero, sutan jartzen ginen. Euskal hiztegietan, gaztelania eta frantsesa parez pare agertzen ziren. Ez genuen estatuturik eta foru-hobekuntzarik ikusi ere egin nahi. Autodeterminazioa ez zen negoziagai. Euskaraz kiskun-kaskun egiten zuenari euskaraz egiten genion.

    Orain akiturik gaude, baina iritsiko da eguna, iritsiko denez.

  • Herririk ez dugu baina dirulaguntza guztiak behar ditugu kultur emankizunik den mendreena aurrera ateratzeko ere. Ez gara herri, ez daramagu ez potro ez alurik aldean, hutsik gaude, estetika merkeen merkatuan burubelarri sartuta gaudela ere ez gara konturatzen. Izan nahiaren sindromeak bizi gaitu, antsietate zorabio batean. Epe motzerako artistak gara, kaka zaharra.

  • “Ez gara herri” esalditik tiraka berehala irits gaitezke “ez gara deus” itsubide metafisiko unibertsalera. Baina (beti dago “baina” esateko zirrikiturik) gogoan dut behin “ez gara deus” esan nuela, larri, eta erantzun egin zidala lagun min batek: “tira, deus ez izateko, begira zenbat garen”. Ez zen kopuruaz ari.

  • “Harea lurrik anonimoena… hareaz eginak desparadisoaren zutabeak”, Atxaga, makillajerik gabe.

  • Buf. Urrutitik ikusi eta hau irakurriz, ez naiz ni izango, argizpi baikorra, San Francisco-ko zeru urdinean aurkituko duen, euskaldun bakarra munduan ezta?
    Makillajearekin edo gabe, subjetikbitate jatorrizkoari eutsiz, hiri bilalakatu ezkero. Hori herri izatea litzateke?
    Zer da hori?
    Dagoenarekin egin beharko dugu bada, deitu nahi duzuen moduan.
    Nik ez dut aukeratzen ametsetan edota ezkortasun mugagabean galtzea.
    Dagoena ondo nahastea.

    “Basque” hori da duguna.
    Utz, objektua.
    Subjetua dugu.

    Zer egin horrekin? Hor dago gakoa.
    Beno, bskd1. bestaldetik.