Ez dut astirik

Ez dut astirik –

Arin doa dena. Arinegi. Albisteak, gertaerak, bata bestearen atzetik kateatzen dira. Inkognitaz betetako karrusel arraro baten aurrean nagoela sentitzen naiz askotan. Denbora behar dut asimilatzeko, interpretatzeko. Erritmo dardaratsua dela diote. Niri ikaragarria iruditzen zait. Aski izan da Austriako Gobernuak, balizko itzalaldi orokor baten inguruan, zerbait esatea Europa osoa hankaz gora jartzeko. Pandemia, argindarraren prezioa, hondamen ekologikoa, hornigaien falta eta migrazio-krisia gutxi balira bezala… orain beste hau etorri zaigu. Erotu al gara? Erotuko gaituzte? Apokalipsia dator?

Ez dut astirik
Arg: Ishrona

Eskerrak atzo, astero legez, Dorisekin gelditu nintzela pasiera emateko. Horixe da gure momentua. Bi orduko ibilalditxoa izaten da, normalean. Atzo ordu erdi gehiagoz izan ginen. Terapiaren beharra. Urduri zegoen. Eta haserre. Ez balizko itzalaldi orokor horrek izan litzakeen ondorioez. Ez; berak apenas ikusten duen telebistarik, eta jasotzen duen informazioari ere oso galbahe zorrotzak ezartzen dizkio. Ez. Bere haserrearen iturria lan-lekuan zegoen. Hezkuntzan dabil, eta oso estresatuta daramatza azken bi ikasturte hauek. «Zuk uste duzu normala dela horrela ibiltzea?», galdetu dit. «Zer duzu, bada?», itaundu diot. Bere berbaro arinari segituan hasi zaizkio txinpartak ateratzen: «Lanean ezartzen dizkiguten zeregin oro atzeraezinak dira. Zuzendaritzak iradoki digun formakuntza ikastaroa —teoriaz borondatezkoa zena— orain ia ezinbestekoa dela azpimarratu digu. Ebaluazio sistema berria Gabonetan, bai edo bai, ezarri behar da. Laneko ordenagailua izorratu zait. Gelako gurasoak atzetik ditut hitzordu eske, eta, noski, haiek nahi duten ordutegian izan behar da. Sakelakoa etengabe kalaka eman eta eman ari da eguneraketak instalatu behar ditudala esanez. Kokoteraino nago. Eta gainera…», arnasa hartu, eta ginga jarri dio bere hitz aspertuari, «Marixarekin dudan harremana bukatu egin da, bost urteren buruan. Nekatuta nago, Txema; nekatuta oso».

Nekearen gizartean bizi gara. Byung Chul Han filosofo hegokorearrak pandemia baino dezente lehenago horretaz egin zuen gogoeta, oso modu gordinean gainera. Pandemiak areagotu egin ditu joera horiek. Dena aldatu da. Denok aldatu gara, baita giza harremanen iraupena ere. Dena estutu, dena laburtu, dena mehetu da. Albisteak ere.

Disrupzio digitalaren garaian hazi den eredu berria errendimenduaren inperatibopean eraiki da. Norberaren kotizazioa nork bere produktua saltzeko duen gaitasunaren arabera neurtzen da. Errendimenduzko gizakiak bihurtu gara. Ekintzaile izan behar dugu. Ekintzailetza goratzen da. Baliabide faltaz kexatzen bazara… «hi haiz hi etxekalte alua», entzungo duzu laster. Positibotasuna miresten da. Egoera makurrenari ere alde ona bilatzea. Askotan, baina, arazoak bere gordintasunean azaldu behar dira, ezer estali gabe, ezer makillatu gabe. Ez dago, bada, hori modan. Hori ez da super izatea. Hori ez da lehiakorra izatea. Eta oso lehiakorra izan ezean, arrakastarik ez. Gakoa zera da, jendeari zerbait aldatzen ari garela sinetsaraztea, nahiz eta, funtsean, gauzek antzera edo okerrago jarraitu. Irudia modernizatu egin behar, ederrago azaldu behar dugu. Lider izan behar.

Nago dinamika hori handitu egin dela dezente azkenaldian. Horrek dakarren zama psikologikoa benetan ikaragarria da, eta sortzen dituen patologiak egunero ikusten ari gara: antsietatea, estresa, etsipena, depresioa. Telelana ez da panazea bat izan. Gero eta jende gehiago ohartzen ari da horretaz. Lanaren esklabo bihurtu gara. Byung Chul Han-en esanetan, neke horiek beste bortizkeria mota bat dira, komunitatea, nortasuna eta gure bizimodua bera ere zapuzten ari direlako. Teknologia berriek gauzak erraztuko zizkigutela uste genuen. Eta neurri handi batean horrela izan da, baina teknologiok egoki, neurriz eta norberaren erritmoak eta ahalmenak errespetatu gabe ezartzen badira… makina horiek egin ditzaketen kalteak oso garrantzitsuak dira. Gero eta gehiago entzuten dugu gure inguruan: «Ezin dut gehiago, leher eginda nago, ohera noa».

Dinamika frenetiko honek dituen ondorioak ez dira soilik patologikoak. Ideologikoak ere badira. Egoera horietan ur-lasterren kontra egitea ia ezinezkoa da. Hobe da korrontearen baitan kulunkatzea, isilik geratzea, nola edo hala egoera kudeatzen dugula irudikatzea, ezer arriskatu gabe. Errekan gora saiatu? Zertarako? Inertziak boterea du lagun. Beti.

Ibilalditxoa amaitzean, Doris eta biok taberna batean sartu gara. Zurito bana eskatu dugu. Telebistan, T5eko albistegia. Pantailan Santiago Abascal, Madrilgo kongresuan hitz eta pitz: «Sanchez jauna, aurtengo hauek ETAren aurrekontuak dira». Tabernariak Antena 3ra egin du jauzi. Casado mintzo da: «Alderdi Sozialista Otegi zuritzen ari da. Bilduk ETA gaitzesten ez duen bitartean haiekin ezin da ezer negoziatu». Azkenean, ETB2n pausatu da tabernako nagusiaren urrutiko agintearen seinalea. Gure telebistan, lehendakaria, ohiko duen solemnitate eta ahots nekatuaz, berbetan ari zaigu: «Ezker abertzaleak ETAk eragindako min injustua aitortu behar du». Elkarri begiratu diogu, Urkulluk zer esan nahi duen oso ongi ulertu gabe. Doris ausartu da galdera egitera: «Zein da min justua?». Bekainak goratu, sorbaldak jaso, eta beste hau bota diot nik hari: «Eta nork du orain ETAren beharra?». Airean gelditu dira galderak.

2021ean gaude. Ez 2011n edota 2001ean. Baina orduko inertziak agintzen duela dirudi, ezer gertatu ez balitz bezala. Beste zurito bat hartzeko gonbita egin diot Dorisi. Ezetz esan dit hasieran, meet bidez guraso batzuekin konektatu behar zuela… «Ez dut astirik, Txema». Maiz entzuten ditugun hitzak dira. Gure garai txepel eta arraro hau markatzen duten berbak. Ez dut astirik. Nola arriskatuko dugu ezer astirik ez badugu? Azkenean, Dorisek amore eman du, eta onartu du beste taberna batera joatea. Ez, ordea, bere iritzi aldaketari justifikazio dotorea topatu gabe: «Badakizu zer gertatzen den astirik ezean ezta, Txema?». «Astirik ezean… zurekin ohean, akaso?», bota diot, txotxolo. Kar-karka hasi da. «Ez, gizon, ez. Astirik ezean… inertziak bidelagun eta betikoak agintedun».

Barrezka irten gara tabernatik. Beste batera joan gara. Konspiratzera.

Ez dut astirik  Ez dut astirik  Ez dut astirik  Ez dut astirik  Ez dut astirik  Ez dut astirik  

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU