Ez du zentzurik

Ez du zentzurik – 

el show de truman. Ez du zentzurik.Ez_du zentzurik. Goserik gabe jateak. Janaririk gabe gosea sentitzeak. Eguzki izpiek janzten duten kaleetara aterki eta xirarekin ateratzeak. Zaparrada aurreko isiltasun momentuak soinean daramatzazun txankletei begira igarotzeak. Ez du zentzurik. Zergatik ez dakit. Horrela omen da. 

Bidaia bat. India, Tailandia ala Islandia. Hiruretako edozeinekin konforme. Hilabete bat. Minimo. Ez du zentzurik. Dirurik eta egun librerik ez. Landetara. Merkeago, gertuago, ikusiago. Hobe udan, orain ez du zentzurik. Udarako 4 hilabete. Urte herena. Ez dago gaizki. 16 igande gutxi gora behera? Ez dut kontatu, barkatu. Baina ezin gara etorkizunean pentsatzen bizi. Ez_du zentzurik. Zergatik ez dakit. Horrela omen da. 

Ba etxean. Lagunak bertan, potetxo bat algara batzuk askatzeko. Ez dago gaizki. Kaka. Asteartea oraindik. Ia denak lanean eguna amaitu arte. Ia denak bizitza sozialik gabe. Eta ia horren barruan sartzen ez direnak crossfiten. Ez du zentzurik. Horrek bai ez duela zentzurik. Hau idazten ari naizen bitartean, ez dut aulkian ondo esertzea lortzen. Gero miñez. Ondo esertzeko, ordea, belauna aulki gainean jarri behar dut. Ondo esertzeko gaizki eseri behar naiz. Zuzen jartzeko okertu egin behar naiz. Zuzen egoteko oker jokatu behar dut. Ezadu zentzurik. Baina horrela omen da.

Itsasoak 4 metroko olatuekin soilik erakartzen du gure begirada. Tontorrak elurtzen direnean bezala. Inork sekula entzun ez duen abeslari hori hiltzen denean bezala. Lagun edo familiar hori gaixo jartzen denean bezala. Oraintxe bertan kritika sozial bat egin nezake. Baina artikulu honetan ez du zentzurik. Zergatik ez dakit. Horrela omen da. Ezerk ez du zentzurik, lerro hauek ere ez.

 

Ezduzentzurik

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude