Ez dizut gezurrik esango

Ez dizut gezurrik esango-

Ez dizut gezurrik esango. Azken bi artikuluen ostean, ez dakit zer idatzi. Ez dizut gezurrik esango, gaur ez dut inor xaxatu nahi. 

Badirudi artikulu mota hauek idaztean zerbait aldarrikatu edo kritikatu behar dela beti. Esango nuke orain arte idatzitako artikulu guztietan hala egin dudala. Gaur ez dut nahi. Bai, konturatu naiz, dagoeneko kritika bat egin dut. Kaka. 

Asko gustatzen zaidan ohitura bat dut bi lagunekin. Elkarri abestiak bidaltzen dizkiogu. Gustu oso antzekoak ditugu musikan. Elkarri ondoren buklean sartzeko abestiak deskubritu izan dizkiogu. Oraintxe horietako abesti bat ari naiz entzuten (I Always Knew – The Vaccines). Ez dizut gezurrik esango, ohitura hau asko gustatzen zaidala gaur baloratu dut. 

mapa

Kuadrilako bat, El Salvadorren ari da praktikak egiten. Aurrekoan berarekin hitz egiten, laguntasun harremanei buruz hausnartzen aritu nintzen. Gogoeta politak partekatu genituen. Ez dizut gezurrik esango, begiak ireki zizkidan.

Urte zaila izan da. Muga, neurri eta baldintzak izan ditugu bidelagun (ez hain lagun). Horrek, ohiturak aldatzera bultzatu gaitu. Tabernak itxita? Ezin kalean egon dirutxoak utzi gabe? Poteoa honen etxean, frontenis bat edo mahai jolas kedada bat. Egoera gordin honek ez digu elkarrekin egoteko ilusio eta gogo sorta kendu.

Gazteoi soinean jarritako erantzunkizun, erru eta kritika guztien aurrean elkar babestu eta zaindu gara. Nik behintzat pribilejio hori izan dut ingurukoekin. Ez dizut gezurrik esango, hori ere orain, hilabete batzutara, baloratu dut. 

Familia bi herritan dut. Alde batekoa oso maiz ikusteko pribilejioa (berriro hitz hau bai) izan dut. Bestea urte eta pikon ez dut ikusi. Beldurra da horren erantzule. Eta denok dakigu beldur horren erantzule nor den. En fin. Kontua da luzaroan ikusi ez ditudan horiek berehala ikusiko ditudala, urduri nago bai. Ez dizut gezurrik esango, horrek maiz ikusi ditudan horiekin edukitako eztabaida, barre eta otordu momentuak baloratzea egin du. 

Protokoloagatik pixukideengandik aldenduta egon naiz astebetez. Bakoitza punta batean. Ez dizut gezurrik esango, tuberiei buruzko hausnarketak faltan botatzen ditudala konturatu naiz, orain punta horietako batean nagoenean.

txanpona Ez dizut gezurrik esango

Oh Maialen, ze poeta. Gaur bai. Konturatuko zineten dagoeneko. 

Gaurko lerro xamurrekin amaitzeko, Barrexerka aipatu nahi dut. 4 urte daramatzagu elkarrekin. Oztopo eta urduritasun gehienak emanaldiek ekarri dizkidate. Aurten inoiz baino gehiago. Autokonfinatu egin gara badazpada (beste asko bezala), azken unerarte tentsioan egon gara, “hau honen kontaktua denez konfinatu behar da?”, “zer egingo dugu?”, “nor da ordezkoa?”, “emanaldia neurri berriengatik bertan behera geldituko da?”, “iritsiko gara emanaldi honetara?”. Ufff. 

Txanponaren beste aldea genuen motibazio eta ilusio iturri. Egoera dela eta jendeak emanaldiak egin izana eskertu digu. Hori da txanponaren beste alde bat. Baina beste beste alde bat du. Taldearen barne atmosfera, erreakzio gaitasuna, erlatibizatzekoa ere. Elkar babesa eta zaintzak. Ez dizut gezurrik esango, ekaitzaren aurrean konturatu naiz taldeak ferri bat osatzen duela.

Ez dizut gezurrik esango, hau ez da berria. Oso erromantiko gelditu zait badakit. Ez dizut gezurrik esango eta hasieran abisatu dizut. Ez nekien zer idatzi. 

Ez dizut gezurrik esango

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Ez dizut gezurrik esango”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-18 09:06

    Busturialdeko doinua:

    “Matxalen Busturiko, gauen gauen
    Errondian dábiltza zure portalian,
    Ai Matxalen Matxaleeen
    Aiiii Matxaleeen,
    Errondian dabiltza
    Zure portalian”

    Ba bai, horixe da Elitearen asmoa: elkarrengandik urruntzea;
    ze lehendik jada, natura ingurunetik aski urrunduta baigaude.

    Anpara gaitzala Matxalen Busturikok eta bere errondariek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude