Ez dakit nola azaldu

Ez dakit nola azaldu –

Aurrekoan “Irabazi Arte” telesailaren existentzia deskubritu nuen. Emakumezkoen futbol talde baten sorrera du abiapuntu telesailak, bertan, futbol munduko aukera eta baldintza desberdintasunak islatzen dira. Flash back moduko bat egin nuen telesailaren argumentua ezagutu nuenean.

Eskola kirola: Ostikada batez hezkidetza jokoz kanpoDBH1, institutuan kirola hautatu behar genuen. Futbola, saskibaloia ala hockeya. Nik futbola aukeratu nuen. Betidanik gustuko izan nuen kirola baitzen. Talde polita sortu genuen, dexente ginen. Bi belaunalditako neskak elkartu ginen. Berioko futbol zelaian entrenatzen genuen. Antiguoko talde ospetsuko mutilekin partekatzen genuen zelaia. Partekatu diot, zerbait esatearren. Pixkanaka, gizonezkoen taldeen entrenamendu eta partida orduak gureak irensten hasi ziren. Okerrena da, ordu kaskarrenean partida guk jokatzea oso normalizatuta genuela. Pixkanaka jendea erretzen hasi zen baldintzen ondorioz. Hurrengo artean taldearen zati handi bat, beste talde batera joan zen, beste batzuk kirolez aldatu genuen (saskibaloira pasa nintzen) eta beste batzuk kirola utzi zuten besterik gabe. Pena.

Lehen Hezkuntzan, eskola kirolean aritzen ginenean, gogoan dut kurtsoko neskon ametsa hondartzako futbol partidetan jokatzea zela. Mutilek soilik zuten aukera hori. Inozo inozo, partida guztiak irabazten saiatzen ginen (arrakasta handirik gabe) horrela akaso hondartzan jokatzera iritsiko ginela sinistuta. Gauza bera gertatzen zen belarrezko zelaiekin. Gure klaseko mutilek belarrezko zelaietan jokatzen zuten bitartean, guk harrizko zelai okerretan jokatzen genuen larunbatero. Ez genuen deus ulertzen. Baina oso normalizatuta genuen.

Gaur egun, gauzak aldatu dira (gehiago aldatu daitezke). Eta esan behar dut ez dakidala oso ondo nola azaldu duela urte batzuk neskek hondartzan jokatzeko aukera izango zutela irakurri nuenean sentitu nuena. Ez dakit oso ondo nola azaldu kuadrilan saskibaloira pasako nintzela esan nuenean sentitu nuena. Oraindik ez dakit nola azaldu.

Irabazi Arte” telesailaren 1. atala

Ez dakit nola azaldu

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude