Ez dago itzultzerik

America Beauty filmeko irudia

Lagun ar, heterosexual eta bihotzeko batekin bazkaldu dut gaur, neu baino urte batzuk zaharxeagoa bera. Eta nola ez, ba, geure bizitza sozial eta afektiboaz hitz egiten amaitu dugu, nolabait, geure familiak, bikoteak eta abarrak ekarri ditugu ezpainetara, ohi dugunez, horretarako ere bai baikara lagunak.

Baina bai bera eta bai ni, ez gara jada lehenagokoak, ez eta gutxiago ere. Izango da, agian, uneoro benetan bizi dugulako, edo izango da auskalo zergatik, kontua da egunero 24 ordu eta urtean 365 egun zahartzen garela biok hala biok, baldin eta urtea bisustua ez bada. Neu ez bezala, gainera, bera aitonduta dago eta urteen pixua gero eta zaio zamatzenago, betigazte horietakoa baita berez eta espirituz: gorputza, itxura, osasuna… denak zaintzen ditu, nik baino hobeto.

Halako batean neska gazteez hasi gara hizketan, eta ez dakit patetikoa ala komikoa iruditu zaidan esan didana, galdera eder askoa nolanahi ere. Galdetu dit: “Zer egingo genuke guk hogeitabost urteko neska eder batekin?”

Eta niri sputnika bezala atera zait irudimena hegan. Segundo labur batzuetan, aukera posible eta inposibleen katalogo bikaina eta amaiezina egin dut eta horretan segiko nukeen, irudimen bizikoa izan bainaiz ni beti, berak erantzun dion arte berak jaurtitako galderari.

Jakina, biok euskaldun jator askoak izaki, bere benetako iritzia baino, lagun kataluniar batek esaten duena erantzun dit: “Hogeitabost urteko neska batekin egin dezakegun bakarra, bainera batean sartu eta haren gorputz gainetik esponja bat gozo-gozo pasatzea besterik ez da”.

Diodan bezala, ederra iruditu zait irudia. Eta komikoa eta patetikoa ere bai, aldi berean, paradoxikoa den arren. Eta oroimenera etorri zaizkit film bateko irudiak, nahiz eta bertan kontatzen zenaren argumentua lainopean daukadan: American beauty.

Eta nire kasuan guztizko egia ez dela esan dezakedan arren —alegia, antxoilla eta vermouth bat hartzera ere gomitatuko nukeela neskatoa gutxienez—, aitor dut esponja pasatzearen kontu horrek ez nauela guztiz atsekabetzen.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)