EUSKALDUN PESIMISTAK

Eta hemen ari natzaizu idazten, irakurle! “Belaunaldi galduaren” semea nauzu. Gerla doilor batek utzitako saminean hezi, eta gorrotoan bizitako erdal hiztunen hazitik sortua, euskaraz ikasia, inguru euskaldunak maneiatua arotzak egurra legez. Komunikabideek egurtua. Bai, euskaldun bat naiz XXI. Mendean eta galduta ikusten dut ene burua guk sorturiko oihanean.

Herri zaharra garela etengabe esanaz, une oro zilborra begiratuz, ariketa antzua dela konturatu gabe. Aldarriak aurrera eta atzera; “independentzia!” oihukatuaz denok, baina ez denok batera, galbiderantz goaz, nora bestela? Espainian, Europako kontinente anitzean, munduan… ezin ziurtasunez esan, baina bai pentsa, leku bakarra garela alderdi marxista bateko botoak- honek hauteskundeetan parte hartzea debekatua izanik- eskuineko alderdi batera joaten direna. Funtsean, ezkerra eta eskuina existitzen ez diren leku bakarrenetarikoan gaudela, non abertzaletasuna askoz ere garrantzitsuagoa den azken hautua egiterako orduan.

Zabaldua dago euskara krisian dagoenaren uste okerra, zabaldua dago eta gizartean pesimismoa da nagusi. Nik, euskaldun eta abertzale gisa ez dut halakorik uste. Zuk zer uste duzu bada, irakurle? Uste al duzu berpiztu berri den hizkuntza honek, azken urteetan 200.000 hiztun potentzial irabazi dituen honek, krisia bizi duela? Uste al duzu krisi dei diezaiokegula honi? Nik benetan diotsut ez zaidala inolaz ere hala iduritzen. Beti ere noski hizkuntzaren egoera osotasunean begiratuaz, ez lurraldeka, Iparraldeko egoera katastrofikoa baita.

Benetako krisia, krisi kezkagarria, abertzaletasunak bizi du. Geroz eta banatuagoa aurkitzen gara egungo panoraman. Arrazoiak sinpleak dira; batzuen diru gosea eta besteen fanatismoak sorturiko zulo beltza, ETA-ren terrorismoa alegia. Irakurle adeitsu hori, animatu behar zaitut euskaldun bezala aurrera begiratu eta burua altxatzera, harrotasunez abertzale gisa gure zutabe denari, gure hizkuntzari gogor heldu eta baikor izatera.

Euskara baita abertzaletasunaren giltza.

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude