Euskal Herria: bolborategirik bai? (I)

Arabiar herrietako erreboltek tokian tokiko gobernuetan aldaketa politikoa baino gehiago suposatu dute munduarentzat. Komunikazioan lan egiten dutenek ongi azpimarratu dute hori. Sare sozialek erreboltei oihartzun eta bultzada ematerakoan jokatu duten paperaz asko idatzi den arren, adituak ez datoz bat zenbateraino izan diren erabakigarri facebook, twitter eta antzerakoak. Hori bai, nola antolaketan hala oihartzunean errebelio hauek ezberdinak izan direla adosterakoan bat egiten dute guztiek: hainbeste teorizatu ondoren, paradigma politiko-komunikatiboa berri baten plasmazioa izan da.

Antonio Gutierrez Rubi edo Francis Pisanik auzitan jarri dute twitterrek (soilik) boterea eskuratzeko balioa duenik. Ez dira bakarrak Gutierrez Rubi eta Pisani: Evgeny Mozorov edota Malcolm Gladwellek ere, errebolta hauetan twitterrek izan duen eragina gainbaliotu egin dela uste dute. Egia da, egia denez: sare sozialek, bere horretan, soilik, ez dute (ezin dute) aldaketa (politiko-soziala) burutu. Komunikazioan hain erabilia den txinparta-metxa -bolborategiaren logikan metxa lana egin dute sare sozialek, hori bakarrik eta hainbeste: gertakari bat sentimendu pertsonalarekin batu eta sentimendu pertsonala sentimendu kolektibo bideratua bilakatzen lagundu dute. Hori izan da, eta ez gehiago, (bideratzea eta antolatzea) sare sozialen ardura.

Gatozen, baina, horregatik jarri baitiot titulu hau blogeko lehen post honi, Euskal Herrira. Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak urratuak dituen kolektibo batek astero-astero du aldaketaren iturri izan daitekeen txinpartaren bat piztua, baina metxa ez dabilelako edo bolborategia agortua edo bustia dagoelako ez du mugimendu antolatu eta bideratu batean eztanda egiten. Zerk egiten du huts eta non? Metxa da funtzionatzen ez duena (iraindua, jazarria, umiliatua izatearen sentipen pertsonala gehiagorengana bideratzeko eta antolatzeko ezintasuna: gaur Xabier Gantzarainek gaurko Berriako Jiran, euskal tribua, nekeak jota, lotsak janda, konplexuek erasanda, dagoela dio) ala bolborategia da (gizarte mugimendu atomizatua, alderdi politikoen hautes-lehiak, orain gutxira arte egoera ekonomiko ona, bizi baloreen aldaketa …) jendartearen zati handi batek desio dugun aldaketa sozio-politikorako bidean huts egiten duena?

Ikus, adibide gisara, Gutierrez Rubik Egiptoko erreboltaz egin azterketa. Txinparta egoera Buazizik bere burua erretzea izan bazen, txinparta hori bolborategiraino (Egiptoko errealitate sozio-ekonomiko eta politikoa) bideratu besterik ez zuten egin sare sozialek. Askoren sentimendu pertsonala bistaratu eta kolektibo bilakatu zuten facebook, twitter, sms-ekin, zentralitaterik gabeko (ohiko komunikabideen ereduaren baztertzea, Al Jazeeraren salbuespenarekin) eta aldibereko sareko komunikazio bide baten bidez.

Txinparta ez bada arazo, ba ote Euskal Herrian bolborategirik? Eta baldin bada, zergatik ez zaio txinpartaren garrik heltzen? Sentimendu kolektiboa Gantzarainek dioen bezala, nekeak jota, lotsak janda edo akonplexatua dagoelako ala Luistxo Fernandezek Aukeraren leihoa artikuluan zioen bezala, epe motz-ertainean independentzia kolektiboa lortzeko planik egon ez eta indar guztiak epe oso laburreko proiektuetan xahutzen direlako? Edota alderdi politikoek espresio politikoen kudeatzaile eta gidari izateari utzi ziotelako izango da?

Paradoxikoa da, zentzu horretan, Euskal Herrian, une garrantzitsu batean, abaniko politiko abertzalea Aberri Egun bateratu batetarako ados ez jartzea eta, une berean, Herrialde Katalanetan, alderdi politikoak bigarren plano batean utziz, nola egituratu den herri galdeketa sare indartsu bat ikustea.

(jarraituko du)

Txinparta, metxa eta bolborategia? Paisaia lainotua egun lainotua Armendigainen

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria