Diferentiak izaten dira amorrayak ta eskalluk…

 20081109elpepivin_4.gif

Futbol Selekzioaren gora behera honen erdian, Paul Dutournier zenaren esanak datozkit gogora. Sarako alkate zaharra izenaz ere ezaguna zen Paul, eta dokumentaltxo bat ere egin genuen haren bizitzaren ingurukoa: pare bat aldiz nazien konzentrazioguneetatik ihes egina, bon vivant ospetsua, Donostian urrezko danborra ere eman ziotena, Churchilekin baxoerdiak hartzen zituen Europa  mugazgainekoa euskaldunok aspaldi asmatu genuela erakutsi bitartean, kontrabandisten errege, gerrako heroi dominaz josia —Legion d’Honneur eta bestelakoak—, pottoken eta Agirreren ikurrinaren salbatzaile, iparretik hegora edo hegotik iparrera iheslarien babesle, errebote joko eta xanpain finenaren zale, mila eta bat gauzari egiten zion hark dale…

Berak neuri esana (eta grabatuta dago ETBko artxiboetan): “Euskadi izan ez balitz, zenbat gauza salbatuko litz!”. Eta gero hasten zitzaizun esaten Euskal Herria izan dela beti euskaldunen aberria, eta Euskadi esatea Bizkaia esatearen antzeko zerbait izan dela Iparraldeko askorentzat, baita Nafar askorentzat ere. “Zugarramurdikoak, Sarakoak… beti izan gira Euskal Herrikoak, ez Euskadikoak”… Asko zatitu duen izena dela Euskadi hori, eta halaxe esana ziola behin eta berriz Jose Antonio Agirre lehendakariari eta edonori. “Kalte handia egin digu euskaldunoi Euskadik”, gaineratzen zizun gero, Xaho eta Abbadiaren bideari eutsi nahirik.

Beraz, Miren: Tradizioa? Zein tradizio? Noren tradizioa? Tradizioa izan al daiteke hain berri? Eta hala balitz, ez ote hobeto okerra behingoz zuzendurik?

Gogoan dut, halaber, Patxi Noblia enpresaburu hendaiarrari Euskal Departamentuaren inguruan galdegin ziotela behin telebista frantziar bateko albistegian, eta, gutxi gora behera, honela erantzun zuen: “Hara, mundu guztian  ibiltzen naiz ni, eta galdetzen didatenean gure enpresa non dagoen, zer erantzun behar diet? Akitanian dagoela? 64garren departamentuan? Pirinio Atlantikoetan…? Hara, Euskal Herrian dagoela esaten diet eta kitto. Berehala ulertzen didate!”

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Diferentiak izaten dira amorrayak ta eskalluk…”-ri buruz

  • noizbehinkakoa 2008-11-15 10:43

    Ez dator harira, baina aipatu behar dizut gauzatxo bat; esango zizuten dagoeneko, agian: Jaurlaritzako ordenagailuetan ezin gara zure blogean sartu, pornografikoa delakoan (alua madarikatua…).
    Ondo segi.

  • Noizbehinkakoa, ez ba, ez nekien fitsik. Ez dakit, gainera, “pornografikotzat” har nazaten hori, ez ote den ohore. Mertzi, albisteagatik.

  • jaurlaritzako langilea 2008-11-19 10:26

    ez da ba egia…ni behintzat sar naiteke inongo arazorik barik!

  • noizbehikakoa 2008-11-25 13:22

    Gaur sartu naiz arazorik gabe. Badirudi
    zorrozten ari direla babesteko daukaten
    sistema, eta batzuetan ez dute uzten sartzen
    hitz jakin batzuk dituzten orrialdeetan.
    Agian lehenengo abisua izan zen.