Esne abertzalea

Lankide batek, lehengoan, zera esan zigun: Entzun al duzue Euskal Herria izeneko esnea saltzen dutela hainbat supermerkatutan? Barrez hasi ginen, txiste errazak botaz, “zenbaiti eman beharko diogu, ea edaten duen horretaz kutsatzen den”.

Kontua da atzo Eroski supermerkatu batera joan nintzela, eta, esnea erosteko garaian, bi tetrabrik hartu nituela eskuetan: bata betikoa, Kaiku, bestea Euskal Herria. Bi ontziak aztertzen hasi nintzen eta prezioaz gain, ez nuen zalantzarik izan aukera egiterako orduan. Lehenengoan, euskararen erabilera “anekdotikoa” zen: gauza batzuk bai, baina bigarren plano batean, hizki txikiagoz… Bigarrenean, aldiz, dena euskara hutsean, Euskal Herria, bai horixe, eta gainera, sei herrialdeetako ezkutuak agerian.

Tontakeria bat izango da, agian, baina ez dut imajinatzen Basagoiti jauna izen hori daraman ezer erosten. Bizkaiko baserritarren iniziatiba omen da, Karrantzako esnea, ez da ziurrenik eremu euskaldunena izango, baina hautu bat egin dute, nire uste apalean txalotzekoa. Euskal produktu bat, euskaldunok kontsumituko duguna, eta informazioa bada euskaraz, egoera normalizatu batean espero zitekeen moduan.

Ea negozioa ondo doakien, eta beste enpresa euskaldunek antzeko pausuak ematen dituzten. Euskararen normalkuntzarako mesedegarria izango litzateke, eta, bide batez, gaztelaniaz dioten moduan: “si de lo que se mama se cría”?

On egin!

 

joxepa

JOXEPAREN KAIERA