Eskandaluak

Eskandaluak –

Iritzi publikoan inpaktua eta sumina eragiten duten ekintza ez-moral edo gaitzesgarriek osatzen dute eskandalu bat. Hain zuzen ere, aste honetan gehien errepikatu den hitzetako bat izan da.

Txertatze kanpaina hasi da eta goi kargu batzuek dagokien txandatik at lehen dosia jaso dute. Txikitan ilaran jartzean kolatzen zen zigortzailearen antzera, txertoa besteek baina lehenago jaso dute. Gertaera hauek kanpainaren lehen astean izan ziren baina txikitako zigortzailea ez bezala, ezkutuan egin ziren. Aste honetan, eskandalua argitaratu da eta haien arduragabekeriagatik dimisioa aurkeztu behar izan dute.

Hau gutxi balitz, txertoa jasotzeko haien postuen posizioaz baliatu diren bi pertsona baina gehiago dauden susmo ziurra dago, eskandaluaren dimentsioa areagotuko duena seguruenik. Kargu publiko batean dauden pertsonek herritarrek baina ardura maila handiagoa izan beharko luketela pentsatzen dut. Eta kosta egiten zait pertsona batek tentuz eta ardura osoz halako erabaki berekoi bat hartzea.

Eskandaluak
Urtarrilaren 20ko istiluetako zauritua

Era berean, Donostiako azken egunotako Ertzaintzaren jokaera eskandalu bat iruditzen zait. Denok ikusi ditugu irudiak, denok onartzen dugu jende aglomerazioa egon bazegoela. Baina jendea etxera bidaltzeko biolentziaren erabilera kondenagarria da. Norbait “jotzeko egingo dugu tiro” baina esaldi beldurgarriagorik ez zait okurritzen. Zein da norbait jotzearen helburua? Bat-batean helburu sanitarioak ahaztu eta errepresioa bilatzen duten kargak bihurtzen dira.

Atzetik datorren polizia indarkeriaren irudiak ikusi ahal izan ditugu, baina oraindik ere, kosta egiten zait “jotzeko egingo dugu tiro” hitzen atzetik guztientzako komenigarriak diren jokabideak ikustea. Niretzako, hitzok eskandalu bat dira eta Iñigo Cabacas-en auzia Europara eramango dela jakin dugun aste berdinean egin dira. Ez da ezer aldatu, eta hori da eskandalua: txikitan kolatzen zirenak ere, handitan kolatzen dira.

Eskandaluak