[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XIV

Langileriaren errogabetasuna XIV –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Laborarien errogabetzea langileriarena bezain larria da. Nahiz haiekin eritasuna ez den hain aurreratua, badu zerbait oraindik asaldagarriagorik,  natura kontrakoa delako gizaki errogabetuek lurra lan dezaten. Arreta bera eman behar diegu bi arazoei.

Langileriaren errogabetasuna XIV

Zer nahi gisaz, ez da kontsiderazio seinale publikorik eman behar langilei ez badiegu ematen beste bat simetrikoa  laborariei. Izan ere, laborariak biziki kilikak dira, biziki minberak, beti ahanzten ditugulako beldurragatik xifrituak baitira.

Oraiko sofrikarioen erdian haiei pentsatsen dugula dakitelako, laborariak lasaitzen dira. Baina aitortu behar dugu haiei askoz gehiago pentsatzen dugula gose garenean  ase garenean baino. Hau egia da  gure behar fisiko guziak baino maila biziki goragoan hausnarketa jartzen dugunentzat.

Langileek badute joera bat sustengatu behar ez duguna: Populuaz hitz egiten dugularik, langileek erruz uste dute haietaz bakarrik mintzatzen garela. Ez da horretarako inolako arrazoirik nun onartzen dugun laborariek baino arrabots gehiago egitea arrazoi nahikoa dela. Langileek lortu dute  populuaren alderako inklinazioa zuten intelektualak horretaz konbentzitzea. Hortik datorke gure laborariek toki guzietan duten herra politikan ezkerra deitzen dugun aldearen kontra, salbu eta laborariak eragin komunistarenpean erori diren tokietan, antiklerikalismoaren pasioa nausi den tokietan, eta oraindik beste kasu batzutan beharbada.

Frantzian, laborarien eta langileen arteko zatiketa urrundik datorkigu. Bada XIV. mendeko kexu- erreserki bat zeinean laborariek, azentu urragarri batekin, zenbatzen baitituzte gizarteko klase guziek–artesauek barne– sofriarazi zizkieten ankerkeriak.

Makur ez banaiz, Frantzian, mugimendu herrikoien historian,  ez da sekula gertatu langileak eta laborariak elkarrekin izan ziren okasiorik. Ezta 1789 ere, noiz eta kointzidentzia bat izango baitzen beharbada edozer baino gehiago.

XIV. mendean dudarik gabe laborariak ziren Frantzian dohakabeenak. Baina materialki erosoagoak direnean ere ez dira horretaz ohartzen. Zorigaitzez, zenbait opor-egun herrian pasatzen duten langileak espantuka aritzera lerratzen dira, eta horregatik dena hirietan pasatzen delako sentimentuagatik laborariak xifritzen dira, eta «out of it» direla iduritzen zaie; Bistakoa da ezpiritu- estatu hori larritu egiten dela  irratia eta zinema herrian sartzearekin, eta Confidences edo Marie-Claire bezalako aldizkarien zirkulazioarekin. Aldizkari horiekin alderatuta kokaina  lanjerik gabeko produktu bat da.

Egoera horrela izaki, zerbait asmatu eta aplikatu beharra dago laborariek senti dezaten berak ere «in it» direla.

Beharbada penagarria da ikustea nola Londresetik ofizialki datozen testuetan, langileak beti laborariak baino askoz gehiago aipatuak diren. Egia da erresistentzian parte askoz tipiagoa hartzen dutela laborariek. Baina hori ez da arrazoi bat gehiago baizik errepikatzeko haien existentzia aitortzen dugula.

Gogoan atxiki behar dugu ezin dugula erran populu frantziarra mugimendu baten alde dagoela  laborarien gehiengoa ere ez bada mugimendu horren alde.

Araua izan behar litzateke zerbait berririk edo hoberik langilei nehoiz ez hitz emaitea, ez badiegu  laborariei beste horrenbeste hitz emaiten. 1933ko urtea baino lehen, Nazi alderdiaren abilezia handia izan zen langileen aurrean agertuz langile-alderdi bezala, laborarien aurrean laborari-alderdi bezala, burges tipien aurrean burges tipi-alderdi bezala eta horrela. Nazi alderdiarentzat erraza zen zeren gezurra sakatzen baitzion jende guziari. Guk gauza bera egin beharko ginuke baina nehori gezurrik erran gabe. Zaila bada ere, ez da ezinezkoa.

Azken urte hauetan, laborarien errogabetzea izan da lanjer bat langileen errogabetasuna bezain hilgarria. Duela zazpi edo zortzi urte, sintoma larrienetariko bat zen landa-eremuak jendez husten jarraitzen zuela eta hori langabeziaren krisi bete betean.

Nabarmen da landa-eremuen jende-husteak ororen buruan heriotza soziala ekartzen duela. Espero izan daiteke horraino ez garela joanen. Baina funtsean deus ezdakigu. Egundaino deus ez dugu ikusten jende-huste hori bara lezakeenik.

Landa eremuen jende -huste  horri dagokionez bi gauza hauteman behar ditugu:

Bata da gizon zuriek fenomeno bera eragiten dutela joaiten diren leku guzietara. Adibidez, eritasun hori, iritsi da, duela mila urtetik seguraz ere herriskez osatua zen Afrika kontinenteraino. Jende horiek  jakin zuten, bederen, beren lurretan zoriontsu bizitzen, nehor jin ez zitzaieno sarraskitzera, torturatzera edo esklabo egitera. Gurekiko kontaktuagatik gaitasun hori galtzen ari dira. Horrek dudarazten ahalko liguke Afrikako beltzek, kolonisatuen artean primitiboenak izan arren, ez ote zuten gehiago guri erakasteko guk haiei baino. Egin dizkiegun ongiek finantziariarenak zapatagileari [2] egindakoa dirudite. Ezerk ez du munduan konpentsatzen lanean pozik aritzearen galera.

Ohartzekoa da, estatu totalitarioaren baliabide iduriz mugagabeek ezin dutela ezer egin gaitz horren kontra. Alemanian ere, gaitz hori behin eta berriz ofizialki aitortu dute. Zentzu batean, hainbat hobe guretzat, horrek emaiten digulako haiek baino hobeki egiteko aukera.

Krisi garaian, gari erreserben suntsiketak iritzi publikoa  arrazoirekin asko harritu du , baina orai  ongi pentsatu eta, industriaren krisian landa eremuen abandonatzeak[1], zerbait oraindik eskandalagarriagorik dauka, hau ahal bada. Eskandala hau ez badugu geratzen, nabarmen da ezin dela langileen arazoa soluzionatu. Ezin da eragotzi langileria proletargoa izaiten baldin eta, bestetik, beren lehenagoko  bizimoduarekin mozten duten laborari uholdeagatik langileria etengabe hanpatzen bada.


[1] «Exodo ruralaz» mintzaitzen zaigu XX. mendean azkarki garatu zena.

[2] konparaketa hau ez dut ulertzen.

Langileriaren errogabetasuna XIV Langileriaren errogabetasuna XIV Langileriaren errogabetasuna XIV Langileriaren errogabetasuna XIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XIV”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-09-22 12:10

    “Egundaino deus ez dugu ikusten jende-huste hori bara lezakeenik” eta “landa-eremuen jende-husteak ororen buruan heriotza soziala ekartzen du…”
    Esaldi horietarik kasik ehun urtez geroz, mundu guzian eta gurean harentzat okerrena zen gidoia da burutu. BGurean ere beti ongi ikusten ez ditugun ondoriekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude