[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna III

Langileriaren errogabetasuna III –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Iraultzaren izen berarekin, eta usu kontsigna eta propaganda gai berekin, bi kontzepzio erabat kontrako ikusten dira. Batek gizartea eraldatu nahi du langileek erroak bertan izan ditzaten, besteak, berriz, langileei inokulatutako  eritasuna gizarte osoari inposatu nahi dio  Ez da erran edo pentsatu behar iraultzaren bigarren kontzepzio hori izan daitekeela lehenbizikoaren aurrekaria, hau gezurra da. Izan ere bi norabideak kontrakoak dira, eta sekula juntatzen ez direnak.

Langileriaren errogabetasuna III

Gaur bigarren kontzepzioa da usuena,  orobat miltanteen artean eta langile-klasearen barnean. Erran gabe doa kontzepzio hau  gero ta gehiago zabaltzen dela errogabetasuna luzatu arau, eta desmasiak handitu arau. Aise ulertzen da, horrela jarraikiz, gaitza konponezina bilaka litekeela egun batetik bestera.

Kontserbadoreen aldetik antz bereko errua ikusten da. Talde tipi batek zinez nahi du langileen erroztamendua; Alabaina horren desioa erlazionatua dago irudikapen batzuekin zeinen gehienak, etorkizunari begiratu beharrean iraganean hartuak baitira, gainera, parte handi batean, fikziozko iragan batean hartuak. Beste kontserbadoreek proletargoari inposatzen zaion “giza-gaia”ren estatusa mantendu edo larritu nahi dute eta kito.

Horregatik ongia zinez nahi dutenak, jadanik guti direnak, areago ahulduko dira sartzen badira bi talde etsai horietan zeinekin deus ez baitute partekatzen.

Frantziaren bapateko gainbeherak, jende guzia denetan harritu duenak, sinpleki erakutsi digu  zein errogabetua zen herri hau; alta erroak kasik osoki janak dituen arbola lehen kolpean erortzen da. Frantziak erakutsi baldin badu beste herri guziek baino ikuskizun penagarriagoa, arrazoia da zibilizazio modernoa, bere pozoin guziekin  barnago sartu zela Frantzian beste herrietan baino, Alemanian izan ezik. Baina  Alemanian errogabetasunak itxura oldakorra hartu baldin bazuen, Frantzian hartu zuen letargiarena eta harridurarena. Diferentzia hori kausa guti edo asko ezkutatuetarik dator, ongi bilatzen baginu, dudarik gabe kausa zenbait aurki ginitzake. Baina,  Alemaniak eragin lehen izu-ikara uhinari hobekien aurre egin duen Herria da tradizioa bizien eta hobekien atxikia zuen herria, Inglaterra alegia.

Frantzian, proletarioaren kondizioak eragin errogabetzeak langileriaren zati handi bat harritu eta otzandu egin zuen, eta beste bati gizartearen kontrako gerla-portaera sistematikoa eragin zion. Langileriaren baitan erroak bortizki eta bapatean moztu zituen diru-gose bera horrek erroak karruskatu zizkion burgesiari, zeren eta aberastasuna kosmopolitoa baita; oraindik doi-doi bizirik zegokeen herriaren alderako atxikimendu ahula errazki gainditua izan zen, batez ere 1936ez geroztik, langileen alderako herra eta beldurragatik. Laborariak, berak ere kasik errogabetuak ziren 1914ko gerlaz geroztik. Izan ere, jokatu zuten kanoi-aragiaren rolak, beren bizitzan diruak hartzen zuen inportantzia beti handiagoak, baita hiriaren korrupzioarekiko zuten kontaktu askoz usuegiek, laborariak adoregabetu egin zituzten. Inteligentziari dagokionez, hau kasik itxalita zegoen.

Herriaren eritasun orokor horrek loeria mota baten itxura hartu du, eta loeria horrek bakarrik du gerla zibila eragotzi. Frantziak hastiatu zuen lo egiten eragozten zion gerla. Horregatik 1940ko maiatzaren eta ekainaren kolpe ikaragarriak erdi zentzordatuta, Frantzia babestu da  Petainen besoetan lotan segi ahal izaiteko sekuritatearen itxurako zerbaitetan. Ordutik, etsaiaren zapalketak loa eraldatu dio ametsgaisto hain mingarrian nun mugikatzen hasia baita, eta iratzarriko duten kanpoko laguntzak antsiarekin goaitatzen baititu.

Gerlaren eraginpean, errogabetasunaren eritasuna hain da larritu Europa guzian nun ulergarria baita izu-ikaran egoitea. Esperantza piskabat eman lezakeen seinale bakarra da sofrikarrioak, kasik hilak ziren oroitzapen batzu hein batetaraino bederen biziberritu dituela, hala nola 1789ko gertakarien oroitzapena Frantzian.

Ekialdeko herrietan, zenbait mende hauetan, baina batez ere azken berrogeita hamar urteetan, zuriek berek sofritzen zuten errogabetasunaren eritasuna zabaldu dute. Japoniak aski ongi erakusten du zein larri den bertan sofritzen duen forma aktiboa. Indotxina da berriz  forma pasibo baten etsenplua. Indiak, bere aldetik, gorde du tradizio bizi bat, baina nahikoa kutsatua dago. Izan ere, tradizio horren izenean publikoki mintzatzen direnek amesten dute beren territorioan eraikitzea mendebaldear antzeko nazio moderno bat. Txina oso misteriotsua da. Errusia, beti erdi europakoa eta erdi ekialdelkoa, Txina bezain misteriotsua da. Izan ere, Errusiari dagokionez, ezin da jakin ospez betetzen duen energia errogabetasun aktibo batetik datorkion, alemanei bezala, azken hogeita bost urteko historiak hasiera batean sinetsaraziko ligukeen bezala, ala aitzinako denboretarik  jalgitako eta azpiz kasik osorik egondako populuaren bizi sakonetik datorkion.

Kontinente amerikarrari dagokionez, nola, hainbat menderen danik, bere populua oroz gain imigrazioari esker hazten den, imigrazioaren eragin nausiak errogabetzearen perila asko larritzen du.

Langileriaren errogabetasuna III  Langileriaren errogabetasuna III  Langileriaren errogabetasuna III

 

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

4 pentsamendu “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna III”-ri buruz

  • Pasarte hau aurrekoak baino pixkat konplexuagoa iruditu zait, filosofiarekin nahasten baititu historiaren gaineko hainbat gogoeta zeinen gainean, datu gehiago eman ezean, zaila den sakonki hausnartzea. Orain, gauerdia igaro dela idaztera noanean, espero dut nekearen pisuak gehiegi nire gogoa ez zamatzea. Tira:

    Hasieran SWek aipatzen du nola badiren langileen gainean eragin nahi duten bi indar. Haietako bat komunismoa-sozialismoa izango zitekeen, ulertzen dudanagatik, zeinek langilearen egoera zuztarritu nahi duen ideal sasi-iraultzaile baten pean. Bestea, ikuspuntu kontserbadore batetik langilearen morala gorde nahi duena. Ados nago SWek egiten duen baieztapen hauekin, egun ere gertatzen baitira. Iruditzen zait, ordea, badela subjektu politiko bat ezartzeko arazo bat, bi mugimendu horientzako langilea ez delako baizik ente pasibo bat. Eta ente pasibo moduan askotan arrotzak egiten zaizkion preskripzioak heltzen zaiozkio, bai langile mugimendutik zein moralaren begiratzeko mugimendutik. Nola egon liteke langilea erroztaturik baldin eta ez bada bere bizitzaren jabe ezta horren jabe sentitzen? Langilea ezin da erroztaturik sentitu, nire ustez, baldin eta ez bazaio aukeratzeko aukerarik ematen. Horretarako, ordea, langilea subjektu bilakatu behar da, bere bizitzaren eta erabakien jabe.
    Aurrekoan aipatzen genuenez, gaitza izan da gizartearen komunismoaren noranzko bidea etapa irmo eta hertsietan irudikatu izana, badirudielako gizarte guztiaren proletarizazioa gertatu behar zela horretara heldu ahal izateko. Azkenean, gauzak gaizki ulertzearekin batera, “langileei inokulatutako eritasuna gizarte osoari inposatu nahi dio” sektore batek. Zortez eta tamalez, orduko garaitik hona esan daiteke langileen sektore handi batek lortu duela jakintza eta hezkuntza nahiko errespetagarri baterako sarbidea. Zorte bat da jadanik intelektualen (edo horrela deituriko bizkarroiak) diktadurapean ez delako ibili beharko langile mugimendua, hala nahiko balu, gutxi inporta beharko zaio orduan inteligentzia itzalita edo piztuta dagoen. Baina tamalez ere bai, lanpostu askoren teknifikazioarekin, behin langile aristokrazia bat sortu denean, zaila izango delako, gauzak aise ongi doazenean, formazio on batera heldu direnak pobreenetan pobreen direnen alde zentzu iraultzaile batean jartzea. Hori gertatzen da erdian daudenak uste dutelako aldaketa batek haien pribilegio eta ongizatea zapuztuko duela, haien estatusa jaitsiz besteena igo ordez.
    SWek ongi adieratzen du ongia zinez nahi duenak bi mugimendu horietatik ihes egin behar duela, biek ala biek langilearen miseria mantentzen baitute, bide batetik edo bestetik.

    Ulertzekoa da nola, aipatzen denez, Frantzian, proletarioaren kondizioak errogabetzea ekarri ziola langileriari. Proletarioa ez da ezeren jabe, teorikoki bere lan indarraren jabe ez bada eta, aurretik esan bezala, ezer ez daukana eta aukeratzeko aukera gutxi daukana ezin da erroztaturik egon. Munduari ez dio gauza askorik zor eta, nolabait, gizarteak deribara abandonatu egin du, klase burgesaren neurrira moldatutako mundua ezin zaio arrotza baizik egin. Normala da gizarteko sektore handi batek gizartearen eredu hegemonikoaren aurkako sumindura nabaria izatea.

    Aberastasuna kosmopolita izatearen gaitzetako bat, kapital metaketaren izenean arrazoi instrumentala gailentzen denean, profanoki esanda, edonork bere ama salduko lukeela da. Egun ikusten dugu ere nola dolar gutxi batzuengatik badiren herri oso bat akatzeko kapazak direnak. Edo gurean gertatu den bezala, batez ere Hego Euskal Herrian, etekin gehien eman liezaieken bandora igaro direla asko inolako etika edo moralari heldu gabe. Normalean langileei moral irmo bat ezarri nahi izan dieten industrial handi kontserbadore hipokritak izan dira horiek.

    Tamalgarria da pentsatzea nola munduko beste herriei ziria sartu diegun modernitatearen ideia batzuekin. Modernoak izan nahi zutelarik guk haien zorroan eskua sartzeko aprobetxatu dugu eta, azkenean, modernitateak ekarri zitzakeen etekinen ordez gaitzekin geratu dira batez ere , etekinak guk atera ditugularik harreman horretatik. Eta ez guk, zehazki, baizik eta dirua maneiatzen dutenek.

  • Beñat Castorene 2021-07-09 11:54

    Enekorix, hainbat aldi beharko ditut zure iruzkinaren aberastasuna esplotatzeko.
    Galdatzen duzu:
    “Nola egon liteke langilea erroztaturik baldin eta ez bada bere bizitzaren jabe ezta horren jabe sentitzen ere?”
    Arrazoi duzu, hau ezinezkoa da eta beraz galdera honen erantzunetik dator Swek iradokitzen digun soluzio argia bezain zaila.
    Swek bere burua ikusten zuen hasieran aipaturiko lehen klaseko iraultzaileekin ( erraiten duelarik “Batek gizartea eraldatu nahi du langileek erroak bertan izan ditzaten”). Hau da, langileak berrerrozta daitezen proletario kondizioa eraldatu zutenen lehen alderdi minoritarioan ez eta beste guziei zabaldu nahi zutenen bigarren arderdian. (Ez da ahantzi behar , hasieran, anarko sindikalista talde batetik bere hurbiltasuna)
    Zer zuen salatzen bada bigarren alderdi iraultzaile horretan? Estatu sobietikoan sozialismo errealaren politika, adibidez laborarien pertsekuzioa, edo industriko langile sobietikoaren idealizazio jakin bat; Aldiz Frantzian orduko komunisten sozialismoaren kontzepzio pobrea, lanaren antolakuntzaren gai erabakigarrian sustut sobera sartu gabe lantegien nazionalizazio teknokratikoan mugatzen zena.
    Urrengo atalean ikusiko dugun bezala, SWek aitzitik, langileek gizartean berriz erroak izan ditzaten, proposamen zehatzak eta aberatsak, estonagarriak ere batzuetan, egiten zituen. Nabarmen da proposatzen zituen neurriak ezin zirela orduko gizartean ezta gaurko gizartean ere zabaldu eta erabat orokortu eraldaketa politiko handi bat egin gabe, eta zentzu honetan erran dezakegu SW iraultzailea zela.
    Baina, sentitzen dutan bezala, ez dut uste baztertuko zuenik esperimentazio mugatuak ere orduan zeuden edo, zergatik ez, gaur dauden egoeran politikoan ere. Ildo horretatik, interegarria litzateke bere testu ugariren barna apuntatzea eta biltzea kooperatibetaz erran zuen guztia.

  • Beñat Castorene 2021-07-09 14:44

    Artetik erraiteko, pasarte honetan eta beste batzuetan ere, biziki interesgarri deritzot Amerikaz ( estatu batuetaz pentsatzen dut) ohartarazten diguna :
    Estatu hau indiano populuen kontrako konkista ezin errogabetzaileago batekin hasia zen, gero europar errogabetu etorkin ondoz-ondoko uhinez bitartez populutu zen eta « azak ontzeko » amerikarrek Afrikatik bortxaz atera eta beren plantazioetan sartu zituzten milioika esklabo beltz ezin errogabetuago.
    Guztiontzat nabarmen izango da globalizazioaren ideologia apologetikoa, besteak beste, batera doala erroztamenduaren beharrarekiko arroztasunarekin.
    Estonatu behar garea ordea Estatu batuak globalizazioaren ideologiaren eta obratzearen puntan egon badira ?

  • Benat Castorene 2021-07-11 15:22

    Enekorix diozu ” …(SWek)filosofiarekin nahasten (bai)titu historiaren gaineko hainbat gogoeta…” egia duzu eta batzuetan horrekin ni ere galtzen naiz.
    Baina ez dugu ahantzi behar testu honen testuinguru eta helburu politikoak. Testu honetan, filosofoak, hausnarketa filosofiko bati esker, bilatzen zituen Frantziaren Alemaniaren kontrako porrot militar traumatikoaren eta Frantziarren errezistentzia-izpiritu eskasaren arrazoia eta sakonkiago bilaten du zer aldatu behar litzatekeen geroko Frantzia libratuan horrelakorik gerta ez dadin berriro.
    Azkenean testu hau ez da filosofo batek pentsatu filosofia-politikako testu bat baizik eta De Gaulle generalari, seguraz ere idurituko zitzaion “Errealismo politikorik” ez zeukala. ( SWek koloniak segituan askatu nahi zituen…)
    Beraz ez gara estonatu behar testuak nahasten baditu filosofia eta historiaren gaineko gogoetak.
    Gertatzen da historian zehar inportantzia handia esleitzen diola herrien, populuen eta komunitateen erroztatzea ala errogabetzeari.
    Eta batez ere II.mundu gelaren kari. Izan ere, porrota nazionala frantses guzien errogabetze orokor bati leporatzen dio. Eta errogabetze hori leporatzen dio arrazoi sozialari. Eta arrazoi sozial hori leporatzen dio balizko iraultza sozialaren alderako postura kontrakoei edo diferentei.