[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna – I eta II

Langileriaren errogabetasuna –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

II. ATALA

Errotua izaitea, hau da, erroak edukitzea, da beharbada arimaren premia garrantzizkoena, baita premia gaizkienik ezagutua ere. Definitzeko zaileenetarikoa da. Gizaki batek erro bat dauka parte hartzen duelako errealki, aktiboki eta naturalki kolektibitate baten existentzian zeinak bizirik gordetzen baititu iraganeko altxorrak, eta etorkizunerako aurre-sentimentu jakin batzu. Parte-hartze naturala diogu, zeren eta lekuak, jaiotzak, ofizioak eta ingurumenak baitiote oso naturalki erroa emaiten gizaki horri. Izatez, gizaki bakoitzak erro anitzak behar ditu. Izan ere bizitza moral, intelektual eta ezpiritual kasik guzia naturalki parte hartzen duen ingurumenetarik jaso behar ditu.

Langileriaren errogabetasuna

Ingurumen oso diferenteetako eraginen trukaketa ez dira ingurumen naturalaren baitako erroak baino gutiago garranzizkoak. Baina komunitate zehatz batek ez du kanpotikako eragina jaso behar aportazio zuzen gisa  baina soilik bere bizi propioa biziagotzen duen pizgarri gisa. Komunitatea kanpotikako eraginekin elikatu behar da araiz bainan bakarrik eragin horiek diseatu eta gero, eta komunitatea osatzen duten kideek ez dituzte eragin horiek jaso behar baizik eta komunitatearen bitartez. Balio egiazkoko margolari bat museo batean sartzen delarik, delako museo horren jatortasuna ez du berresten baizik. Berdin izan behar da munduko populu baten eta beste giza-komunitate esberdinen artean.

Errogabetzea existitzen da konkista militarra gertatu den herri guzietan, eta zentzu horretan konkista kasik beti gaizkia bera da. Errogabetzea gutienekoa da konkistatzaileak herri konkistatuan etxekotzen direlarik, bertako herritarrekin nahasten direlarik, eta beraiek bertan errotzen direlarik. Horrelakoa  izango zen helenoen kasua Grezian, keltoena Galian baita mauroena ere Espainian. Baina konkistatzailea konkistatu herriarekin arrotz geratzen baldinbada, orduan errogabetasuna eritasun kasik hilgarria bilakatzen da populu konkistatuarentzat. Eta errogabetzeak maila altuena jotzen du desterratze masiboak egiten direnean Alemaniak okupaturiko Europako herrietan bezala, edo (Frantziak okupaturiko) Niger ibaiaren bihurgunean bezala, edo (Gauguin eta Alain Gerbault margolariak  sinesten baditugu) Polinesiako frantsesen kolonietan bezala zeinetan Frantziak tokiko tradizio guziak suntsitu baititu. Baina konkista militarrik gabe ere, diruaren botereak eta ekonomia-menderakuntzak eragin arrotza inposatzen ahal dute errogabetasunaren eritasuna emaiteraino.

Azkenean, herri-barruko gizarte-harremanak berak ere errogabetze faktore oso lanjerosak izan litezke. Gaurko egunetan, gure herrietan, konkistaz aparte badira bi pozoin eritasun hau zabaltzen dutenak. Bata da dirua. Izan ere, edo nun ere sartzen den, diruak erro guziak suntsitzen ditu, dirua irabazteko desirak motibazio guziak ordezten baititu. Dirua irabazteko desio horrek zailtasunik gabe gaina hartzen die beste mobila guziei, zeren eta haiek baino arreta-esfortzu hain tipiagoa eskatzen baitu. Izan ere,  ezer ez dago  hain argirik eta sinplerik nola den zenbaki bat.


Langileriaren errogabetzea

Bada kondizio sozial bat diruari osoki eta jarraituki zintzilikatua dena: soldataritzarena[1] da, sustut ekoizturiko pieza kopuruaren araberako soldata ezarria izan zenetik. Izan ere, soldata kalkulatzeko modu horrek langile guzien arreta osoa bahitzen du, eta langileak kondenatzen ditu  diru kontatzen denbora guzia pasatzera

Bai, kondizio triste horretan da larriena errogabetasunaren eritasuna. Bernanosek idatzia du, haren ustez, gure langileak ez liratekeela ordea Ford jaunaren langileak bezala izan behar, etorkinak alegia. Alta gure garaiaren arazo handiena da preseski gure langileak ere etorkinak direla zentzu batean. Geografikoki hemen berean egon arren, moralki errogabetuak izan dira, desterratuak, eta berriro onartuak tolerantziaz bezala, lanerako aragi gisan. Ororen buru, langabetasuna da 2. berreturako errogabetasuna. Izan ere, langileak etxen ez dira ez beren fabriketan, ez beren bizitegietan, ez beraientzako omen egindako partidu eta sindikatuetan, ez aisialdiko tokietan, ezta kultur intelektualean ere, hau bereganatu nahi badute.

Langileriaren errogabetasuna II

Izan ere, errogabetasunaren bigarren faktorea da orai bezala kontzebitua izan den erakaskuntza. Pizkundeak denetan moztura bat sortu du jende jantziaren eta masaren artean. Baina kultura nazio-tradiziotik moztu bazuen ere, bederen tradizio grekoan murgildu zuen. Geroztik, nazio tradizioekiko lokarria ez bada berriz ezarri, Greziarekiko lokarria ere ahantzi dugu. Horren ondorioz, badatorkigu kultura bat ingurumen oso hertsian, giro konfinatuan, baita mundutik mozturan ere garatutakoa. Kultura hori biziki orientatua da teknikara, eta beronek biziki eragindua da. Pragmatismoz oso kutsatua dago, espezialisazioak sobera fragmentatzen du, mundu honekiko kontaktuez erabat gabetua dago, baita bestearen alderako idekiduraz ere.

Egungo egunetan, gizon bat “jantzia” izan daiteke giza-patuari buruzko den mendreneko ideiarik eduki gabe ere. Bestetik, gizon horrek ez du jakingo, adibidez, konstelazio guziak ez direla sasoi guziertan ikusgarri.

Eskuarki pentsatzen dugu laborari-seme tipi batek, lehen hezkuntzaren ikaslea denak, Pitagorrek baino gehiago dakiela, otzanki errepikatzen duelako ludiak iguzkiaren itzulian biratzen dela. Baina egiazki izarrak ez ditu gehiago begiratzen. Eskolan mintzatzen zaion iguzki horrek ez du deus ikusteko ikusten duenarekin. Laborari seme tipi hori inguratua den bere unibertsotik erauzten dugu, polinesiar tipiak erauzten ditugun bezalaxe  «gure arbaso galiarrek adatsa holiak zituzten» bezalako gezurrak errepikatzera bortxatzen ditugularik.

Gaur egun maseen erakastea deitzen duguna funtsean zer da? Delako kultura moderno hura ingurumen hain hertsian eraikia, hain biziotua, egiari hain axolagabea, eskuetan hartzea, oraindik laukakeen urre puru guzia erauztea, eta “dibulgazio” deitzen dugun operazio batean gelditzen den ondarra ikasi nahi duten gaizoen memorian sakatu, xoriei mokotara bat emaiten diegun bezala.

Gainera ikasteko gogoa bakarrik ikasteko, edo egiaren egarria biak ala biak gaur oso bakan ikusten dira. Erran ginezake kulturaren erakargarritasuna ez dela kasik igoera sozialaren baliabide huts bilakatu; Horrela gertatzen da semea errient amesten duen laborariarentzat, edo semea normaliar[2] amesten duen errientarentzat, baita ere jakintsuak eta idazle famatuenak lausenguz perekatzen dituzten goi mailako jende handientzat.

Etsaminek badute eskoletako gazteriaren gainean obsesio-ahalmen bat, langileen gainean piezaka ordainduriko soldatek  duten bezalakoa. Nekezari batek, lurra lantzean, pentsatzen baldinbadu laborari dela ezbaitzen tamalez errient izaiteko gai, erran dezakegu sistema soziala larriki gaixorik dagoela.

Gaur, badago ideia konfusoz eta guti edo aski faltsuz osaturiko nahasta bat “Marxismo” izenaren pean ezagututakoa, zeinean, Marx beraren ondotik, intelektual burges mediokre batzuek baizik ez baitzuten parte hartu. Nahasta hori ekarpen oso arrotza da langileentzat ere, asimilaezina. Izatez “marxismo” hori ez zaie langileei batere elikagarria, zeren, tamalez Marxen idazkietan zeuden egia kasik guziaz hustu baitugu. Batzuetan, nahasta horri gaineratzen diogu kalitate txarreko dibulgazio zientifiko bat. Osotasun horrek  langileen errogabetasuna ez du maila gorenera baizik eremaiten.

Errogabetasuna da urrundik gizarteen eritasunik lanjerosena, zeren berariaz biderkatzen baita. Izan ere, izate zinez errogabetuei ez zaizkie bi portaera baizik gelditzen ahal: edo erortzen dira arimaren ilaunkeria batean, kasik heriotza bezalakoan, Erroma denborako esklaboen gehiengoaren bezalakoan; edo errogabetu horiek ekiten diote aktibitate bati errogabetuak oraindik izan ez direnak, ez osoki behintzat, gehiago errogabetzeko nahian, eta hori usu egiten dute  metodo bortitzeenekin.

Erromatarrak ez ziren ihesle banda bat baizik zibitate[3] batean artifizialki bilduak. Alta mediterranear populuak beren bizi propioz, beren patriaz, beren tradizioez eta beren iraganaz gabetu zituzten halako gradoraino nun haien erranei fidaturik ondorengoek erromatarrak eremu horietako zibilizazioaren sortzailetzat hartu zituzten. Hebrearrak ihes egindako esklaboak ziren, eta suntsitu edo esklabo bihurtu zituzten Palestinako populu guziak. Hitlerrek alemanak bahitu zituenean, berak tairik[4] gabe errepikatzen zuen bezala, alemanak proletarioz osaturiko nazio bat ziren, hau da, errogabetuak. Izan ere, 1918ko umilazioak, inflazioak, muturreko industrializazioak, eta partikulazki langabeziaren krisialdi larriak eritasun morala haiengan ereman zuten arduragabekeria sortzen duen larritasun mailara. Koloreko populuak sarraskitu edo menperatu zituzten espainolak eta inglesak beren herrietako bizitza sakonarekiko kontaktua galdu zuten abenturazale batzu baizik ez ziren. Berdin da frantziar inperioaren parte batentzat, zeina frantziar tradizioaren bizitasuna ahuldua zegoen garai batean eratua izan baitzen. Errogabetuak errogabetzen du. Erroztatuak ez du errogabetzen.


[1] Salariat testuan.

[2] Normalien horrek errefernetzia egiten du SWek berak egin zuen parisko Normal sup eskola famatuenari.

[3] Cité testuan.

[4] Eten gabe.

Langileriaren errogabetasuna

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

5 pentsamendu “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna – I eta II”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-07-02 17:00

    Pasarte honen lehen zatiak tratatzen du gurean pilpilean dagoen problematika; partikularraren eta unibertsalaren betiko auziaren modalitate bat baizik ez dena.
    Luzaz hasarretzen nintzan aditzen nuenean norbaiterraten ez zuela bere burua euskal identite bakarrari mugatu nahi, eta horregatik SWen erro kontu horiek ez zitzaizkiola gustatzen. Baina aitortu behar nion bederen bazela problematika bat:
    Nola atxik eta gara egiten gaituen gure identitate propioa baina aberastu eta sendotuko gintuzkeen kanpoko erroak eta eraginak ukatu gabe? Azkenean gure aintzinean suizidatzeko edo desagertzeko bi modu baditugu eta geldizen zaigun aterabidea hertsia da.
    Ulertzen dutanez, SWen aburuz, komunitate batek ez du erro bakar bat baizik eta erro hanitzak–eta ongi zaio horrela– baina erro horietarik bat da erabakigarria harentzat. Nola bestenaz ulertu komunitate horrek lehenik diseatu behar dituela eragin horiek ez eta zabaldu etortzen diren bezala?
    alta SWek ez zuen oraindik ikusi bere osotasunean zabaltzen globalizazioaren fenomeno kulturala, orai artinoko gure erresistentzia zaildu baizik ez duena.
    Horregatik argigarri zaizkigun erdarazko testuak euskaratzea da ariketa baliagarri bat, kanpotikako aportazio beharrezkoen digestio lan bezalako zerbait,anitzen heinekoa da eta beti animagarria gainera .

  • Benat Castorene 2021-07-05 17:09

    Ene ustez, Marxismoa sakon aztertu eta ongi ulertu zuen SWek. Esplotazioaren analisi zehatza eta kapitalismoaren hainbat joera ekonomikoena ere hartu zizkion interes handirekin dudarik gabe.
    Izan ere, inportantzia handia baina arrazoigarria eta kritikoa ere emaiten zion Marxismoari. Adibidez, besteak beste, Marxi ez zion batere sinetsi proletargoaren misio kasik ” predestinatu”aren kontzepzioa. Erran ohi zuen erligioa populuen pozointzat aldarrikatu ondoren, Marxek berak asmatu zuela proletargoaren misioaren ideia erlisiozko bat. Iduri eta politikan Marx ez zela materialista bururaino egon ahal izan. Pundu horretan behintzat, SW ustez “mistikoa” Marx bera baino materialistagoa agertu zen.
    ( artetik erraiteko, iduri du SWi “mistiko”aren etiketa (argazkian bezala), jarri ohi zaiola bere filosofia eta analisi politiko zorrotzak hasieratik eta behin betiko deskalifikatzeko. Etiketa hori hilgarria baita gaurko “pentsamolde zuzen”ean)
    Izan ere, SW beste ezkerreko intelektual handik ez bezala berak biziki goiz ulertu zuen zertan zetzan Estatu sobiietikoetan” sozialismo erreala”. Nola oligarkia berriak proletargoa martirisatzen eta esplotatzen zuen lotsarik gabe. Gainera Pariseko automozioko industrian, hurbildik ikusi eta sentitu zituen esplotazio kapitalistaren desmasiak langileen kontzientzietan beren ekimen iraultzailerako gaitasuna larriki ahultzeraino. Horren guziaren gatik, proietargoaren defentsa sutsua hartu arren, SWek ez zuen proletargoa sobera idealisatzen marxistek batzutan oraindik egiten duten bezala.

  • Lehenbizi, Beñat, eskerrik asko egindako ahaleginagatik. Aipatzen duzunez, oso garrantziskoa dirudit egiten duzun itzulpen saioa. Behin obra horrekin bukatzen duzularik agian liburuxka atera zenezake, onuragarria izan daitekeena. Agian azken sarreretan ez da egon feedback askorik bain beno, jakizula badela pantailaren atzetik zureak irakurtzen dituen jenderik. Azkenean, pasatu zitzaidanez, hemen esango dizut Lapurdiko Biltzarraren inguruan eta Lafourcadek izendatutako “la démocratie basque”n inguruan irakurri nuela eta interesgarria zeharo iruditu zitzaidala. Azken finean, erroak bilatu nahi dituenak historiara jo behar du, erro horiek kontzienteki ezagutu nahi baditu, aro modernoan gure erroen gainean hausnartzea, eta hauen etorkizunaren gainean, berebiziko lana baita zuk diozun moduan globalizazioa den desafio horren aurrean ez galtzeko.

    Beti bezala oso interesgarriak SWek adierazten dituenak, askotan badaukatenak gura hausnarketak gidatzeko hainako pisu heuristikoa. Erroak anitzak ez ezik erroen arteko harreman, uztarketa eta talka ere garrantzizkoa da. Kontua da, esaterako, visigoten, frankoen, kalifen eta erromanoen presiorik gabe nora joanen ote zen euskal enda historian zehar, zer nolako sustraiak eratuko zitezkeen, azken finean zein forma hartzen du zuhaitz batek landa hezea edo lehorra bada, edo harrokaz josia, edo haizeak jotzen badu iparraldetik hegotik baino gehiago… ulertzen da esan nahi dudana. Eta beti bezala, bagoaz gai honen oso erroan dagoen beste gai batera, identitatearenera hain zuzen ere. Eta goan aipatu bezala, zelan txertatu daiteke euskalduna, erroa atxikiz, influentzia arrotzez bonbardatzen gaituzten garai batean? Bere nazio kontzientzia garatzen izan behar da, dudarik ez. Baina berriz ere, euskalduna izatea zer denaren afera daukagu. Batzuek euskalduna euskaraz hitz egiten duena dela diote, baina hor nonbaiten zerbait atzean uzten dugunaren susmoa daukat, hizkuntzek baitute erakusten munduaren ikuskera bat, eta mundu ikuskera horrek berak balioak badirela esan nahi du, egiteko jite bat. Honekin ez dut esan nahi esentziaren baten bila ibili behar garenik, baina egin daukagun aldakortasun gehiegizkoaren ideologiari aurre egin behar zaio, ez baigaude euskaldunok influentzia arrotzetatik aske, eta horren kontzientziarik ez daukan herria kondenaturik dago. Euskaldun askok formalismoa besarkatu dute jadanik, kultura arloan horrek esan nahi duelarik dena eraikuntza denez eta dena aldakorra denez nolabait gauza gehienek balio antzekoa dutela eta aldaketa bera ez dela txarra eta besarkatu beharrekoa dela. Nolabaiteko neofilia akritikoa iruditzen zaidana. Hau zure lehenbiziko iruzkinari dagokionean.

    Bigarrenari dagokionean, proletargoaren idealizazioan Marxek berak ez zuen sinesten, proletarioa baita nolabaiteko gizaki degradatu bat kapitalismoaren botaren azpian. Egungo ezkerrak popularra den guztia idealizatu duen heinean proletarioa dena idealizatu du eta horrek esplotaziotik eratorritako giza egoera degradatu bat identitate positibotzat hartzea ekar lezake. Horregatik Marxek berauek ere esaten zuen proletargoa garaitu beharreko zerbait zela eta ostean Leninek ere Gizaki Berriaren apologia egin zuen, gizaki berri hori, zuk esan bezala, bere garaian egindako iraultzaren ostean etorri ez zen arren. Nolabait, garaian baxuenatzat ziren balioak sublimatu ditu egungo ezkerrak. Alienazioaren eta deserrotzearen arteko konparaketa oso justua dirudit. Gainera, marxismoaren eskatologia oso kristaua egiten zait batzuetan, dinamika aparenteki autonomoan garatzen den dialitektika historikoaren joanak halabeharrez komunismoa ekarri behar baitu. Kontua da ez dela heldu, nahiz eta produkzio indarren garapena sekulakoa izan den, eta agian horregatik justuki, sinesgaitza egiten zaiolako egungo gizakiari horrelako “bigarren etorrera” eta nahiago baitu kate klientelarretan zehar langile aristokraziaren edo klase ertainaren parte izan.

    Ondo segi!

  • Benat Castorene 2021-07-06 15:39

    Eskerrik asko Enekorix ni animatu nahi izaiteagatik. Bi motibo nausi nituen itzulpen honi lotzeko. Lehenik iduritzen zitzaidan, ideia konfusoak buruan itzulikatzeko joera dugun garai erabakigarri hauetan SWen pentsamolde sakon bezain argiak laguntzen ahalko gintuela izpirituz zorrotzagoak izaiten. Bigarrenik nunbait ene buruari frogatu nahi nuen gure hizkuntza gai zela jaso eta transmititzeko ( albert Camus zioenez) filosofo “unibertsal” horren hausnarketa. Alde horretatik dudarik ez dut gehiago, nahiz beste anitzek frogatuko zuketen nik baino hobeki.
    Gero SWek guk “globalisazio”a deitzen dugun fenomenoaren aurre-seinaleak baizik ez zituen ezagutu arren, orai globalisazio bete bete honetan erroei emandako fidelitatearen inportantzia sekula baino gaurkoagoa da, baita (geroago ikusiko dugun bezala) gizarterako eta gizakiarentzat lanari emaiten dion zentraltasuna ere. Erroak eta giza-lana horra bi hitz zeinen inportantzia globalisazioaren zaleek asko maite ez baitute.
    Ene iduriko ongi egin duzu Maite Lafourcade irakurririk. Enetzat misterio bat da iparraldean Lapurdiko foruek beti hain interes guti sortu izana. Seguraz ere, gutariko batzuen konplizitatearekin, frantses ezkerrak sinetsarazi digu 1789ko iraultzak aurre-historia feodal basa eta itsusi batetik atera gintuela, Lapurdi feodalismoa gutien ( batere ez erraiteko) ezagutu zuen lurraldea zela.
    Baina nola hori (orokorkiago historia) jakiteak laguntzen ahal gintuzke globalisazioaren ondorio perbertsoak kontra egiten? gurea ez gutietsiz eta aitzitik errespetaraziz?
    Espero dut iruzkin bat eginen diguzula urrunago jinen diren lanari buruzko pasarteen karietara.

  • Nik uste dut, Beñat, historian izan ditugun gauza positiboak balioan jartzeak indar handia daukala nazio kontzientzia garatzeko bidean. Horietako bat, esaterako, Biltzarra da, tradizio demokratiko batekin lotzen gaituelako. Badago, zuk ongi diozun moduan, sinesmen bat zeinaren bidez euskaldunak berak bere burua garatu gabeko herritzat hartzen duen, batzuek akonplejatu hitza erabiltzen dutelarik hori definitzeko. Globalizazioak munduan txertatxen gaituela ukaezina da eta ukaezina da ere bai haren bidez euskaldunak munduan bere tokia eta oniritzia lortu dezakeela. Kontua da ea euskaldunok nola nahi dugun gure burua nazioarteko komunitate horretan aurkeztu, eta nik uste dut hori gure historiaren aintzatespenaren bitartez egin daitekeela, historiak berak identitate bat ematen baitigu gure aurka gaizkiesaka ibili direnei esan diezaiegun: “ikusi nola gu ez garen eta ez garen izan zuek diozuen herri basati eta atzerakoia”. Gure erroa globalizazioari eta (post?)modernitateari aurkeztu behar diogu euskaldunok, baina guk erabakita zer den aurkeztu nahi duguna. Ipar Euskal Herrian esaten duzuen bezala, fier izan behar dugu euskaldunok, eta horretarako euskaldunak behar du bere historia ezagutu, bere erroa, horrela jakin bailezake euskaldunak tradizio kultural eta politiko aberats baten seme-alaba dela, gizaldietan zehar arrotzen inbasio nahiei eutsi dienak eta, gure etsaien gaizkiesanen aurka, modernitatean txertatxeko gaitasun handia duen herria dela. Nolabait, harro erakutsi ditzakegun tradizioak modernitatean txertatu behar ditugu, paralelismo bat sortzearen bidez, agian.

    Badaukat aurreko sarrerak berrirakurtzeko intentzioa, gaiaren ikuspuntu berritu bat izateko. Eta noski, Beñat, beste sarrerak egiten dituzularik emango diet nire partez eman diezaekedan erantzunik onena. Agur eta ondo izan!