Erromesen alua

Erromesen alua –

Erdi Aroaren inguruan mito asko eta asko daude. Aro ilun, zikin, misteriotsu eta pobre gisa identifikatu da askotan. Ikusi besterik ez dago serie zein pelikula gehienetan zergatik erdi aroan ez duen inoiz eguzkirik egiten. 2013an Malagan egindako Alu Errebeldearen Prozesioaren performancearen ondorioz Abokatu Kristauek jarritako salaketa urte honetan ebatzi da ere. Elisak, 2.700 euroko isuna ordaindu beharko du kristau sentimenduen kontrako delituagatik. Zer zerikusi du arestian esandakoak honekin? Nola egin dezakete bat kristautasunak eta Alu intsumisoak? Ba Erdi Aroan noski.

Hementxe duzue Brujasen aurkitu den kristau erromesek berekin eramaten zuten intsignia, hiru zakilek prozesioan daramaten alu koroatu bat (1375-1450). Zakilek aluari dioten miresmena errepresentatzen da.

Erromesen intsigniak amuleto eta oroigarriak ziren. Erromesa etxera heltzean ateetan jartzen zituen etxea babesteko; uretan ere murgiltzen ziren ura osasuntsu eta sendagarria izan zedin eta beste batzuetan ibaira botatzen ziren botozko ofrenda gisa. Erromesaldian, arropetan, kapelan, otoi liburuetan josten zituzten. Irudi hauetan nahiko ondo ikus daiteke.

Erromesen alua

Prozesioko alura bueltatuz, ikerlarien batzuen arabera, alu honen helburua, erlikien gehiegizko exhibizionismoa barregarri uztea zen. Ideia hau garai horietan nahiko normala zen baina liburuen ertzeko marrazkiak ziren ohikoena eta animali pertsonifikatuek egindako prozesioak izaten ziren.

Beste batzuek aldiz, lizunkeria eta sexu harremanak irudikatzen dituela defendatzen dute. Badaude ere Maria ama birjinarekin lotzen dutenak. Dena dela, ikerlari gehienak bat datoz eta hipotesiak badira ere, zigor moduan erabiliko zirela pentsatzen dute. Komunitateak adulteroari lotsa publikoa sentitzeko soinean eraman beharreko santzioa.

Aluak ez ezik, zakilen intsigniak ere badaude. Kasu honetan Vlaardingen-en aurkitu zena. Bertan emakume batek zakil asko dituen otarra bat eramaten du zakil erraldoi baten gainean dagoela. Aluaren prozesioan zakilek miresmena erakusten zuten bezala, oraingoan, emakumeak zakilekiko adorazioa adierazten du. Figura hauek zehazki zer ziren eta nola erabiltzen zituzten ez badakigu ere, garai bateko gizartearen inguruko informazio asko ematen dute. Izan ere, uste baino ohikoagoak zirela pentsatzen dute adituek eta hauen konnotazioa denboraz zehar aldatuz joango zela ere, gurtza, bultza edo zigor izatera. Gainera, etxean hauetako bat nahi duenak Internetetik museoetako erreplikak erosi ditzake. Hori bai, ez diegu Kristau Abokatuei ezer kontatuko Alu bat prozesioan ikusi eta agian erosketa garesti aterako zaigu eta…

Erromesen alua

Erromesen alua

2 pentsamendu “Erromesen alua”-ri buruz

  • Hemen denetaz barre egitea sanoa da, ez dut ukatuko. Baina islamarekiko isekak noiz ikusiko ditugu? Amaia, gustatuko litzaidake islamataz barre egiten duen zure artikulu bat irakurtzea. Edo homosexualekiko isekak ere bai. Umorea sanoa da.

  • Eta islamak isekarako aukerak eskaintzen ditu, eta ez gutxi: paradisuan zain dituzun neska birjin kopuruarekin hasita adibidez. Eta neskek gizonezko birjinak izango dituzte zain… edo nola da? Hau buruhaustea!