[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XV

Arimaren Premiak XV –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Egia

Egiaren premia da beste guziak baino sakratuagoa. Alta ez da sekula erraten. Material faltsuaren itzeltasuna eta kantitatea  lotsarik gabe zabalduez ohartuz geroz, baita autore sonatuen liburuetan ere, irakurtzeko beldurra sortzen ahal zaigu. Orduan iturri pozoitu batetik bezala irakurtzen dugu.

Arimaren Premiak XV

Alta badira gizakiak egunean zortzi orduz lanean ari direnak, eta ikasteko arratsetan irakurtzen gogor ahalegintzen direnak. Eta liburuetan irakurritakoa egiaztatzeko ez dira biblioteka handietan ibiltzen ahal. Idatzitako hitza sinesten dute. Horregatik debekatua zaigu haiei faltsutik jatera emaitea. Zer erran nahi du bada autoreak fede onekoak direla? Alabaina haiek ez dute fisikoki lan egiten egunean zortzi orduz. Gizarteak hazten ditu astia izan dezaten, eta erruak ekiditen ahalegin daitezen. Bere lanean erratutako treina-orientzailea gaizki errezibitua izango litzateke argudiatzen balu fede onekoa zela.

Arrazoi gehiagoz, lotsagarria da aldizkariak onartzea, zeinetan, denek dakigun bezala,   kazetaririk ez bailiteke egon berorrek  noiztenka ez balu  onartzen egia jakinean traditzea.

Publikoa kazetetaz mesfiatzen da,  mesfiantzak ordea ez du publikoa babesten. Jakinez, kazeta batek, guti gora behera, egiak eta gezurrak erraiten dituela, publikoak albisteak bi kategoria horietan saikatzen ditu, baina itsura, ala bere gustuen arabera. Horregatik irakurlea beti erruaren mehatxuarenpean egoiten da.

Denek dakite, kazetarigintzak gezurra zabaltzen duenean, krimena  badela. Baina sinesten dute krimen hura zigortezina dela. Alta zerk debeka dezake bada egitate bat zigortzea krimentzat joa denetik beretik? Nundik datorke bada krimen zigortezintasunaren kontzeptzio arraro hura? Ezpiritu juridikoaren makurtze izigarrienetarik bat da.

Ez litzatekea ordea aldarrikatzeko ordua frogaturiko krimen guziak zigorgarriak direla, eta ahalbidea dugunean, deliberatuak garela krimen guziak zigortzera? Interes publikoari dagokionez, zein lirateke neurri errazak, herritarrak egiaren aurkako erasoetatik babestuko lituzketenak?

Lehenbizikoa, babes horretarako eraturiko auzitegi bereziak eta goraki ospatuak ezartzea litzateke. Auzitegi horiek  lan horretarako hautatu eta formatu legegizonez osatuak lirateke. Auzitegi horiek gaitzespen publikoaren bidez zigortu beharko lituzkete saihesgarriak izango ziren erru guziak, eta presondegia baita lan bortxatua ere inposa litzazkete frogaturiko fede txarrak larriagotu errepikapen usuaren kasuan.

Adibidez, Antzinako Greziaren maitale batek esaldi hau irakurriko balu Maritain-en azken liburuan:

«Antzinaroko pentsalari handienei ez zitzaien otu esklabotza gaitzestea»

orduan maitale horrek Maritain auzitegi horietariko batetara eremanen zuen. Bertara ekarriko zuen esklabotzari buruz etorri zaigun testu inportante bakarra, Aristotena. Bertan legegizonei irakurraraziko zien esaldi hau: «batzuek berresten dute esklabotza natura eta arrazoia erabat kontrakoa dela». Oharraraziko zien deusek ez digula pentsatzetik debekatzen batzu horiek ez zirela antzinaroko pentsalari handienetarikoak. Auzitegiak Maritain gaitzetsiko zuen baieztapen faltsu bat inprimatu izanagatik, Maritaini hain erraza izango litzaiokeelarik errua eta baieztapen faltsu hori ekiditea, jakinez bazegoela hor nahigabeko kalomnia deitoragarria zibilizazio oso baten kontra. Egunkari, astekari eta aldizkari guziek, errebistek eta irratiek auzitegiaren gaitzespena publikoari ezagutarazi beharko zioten, baita Maritainen erantzuna ere egina izan balu. Baian kasu berezi honetan nekez eginen zuen.

Gringoirek in extenso publikatu zuenean Pariseko bilera batean hitz egin behar zuen baina azken mementoan etorri ahal izan ez zen anarkista espainol baten hizaldia, egun hartan horrelako auzitegi bat ez eiki zen soberan izango. Horrelako kasuan fede txarra «bi gei bi igual lau» baino nabariagoa zen, eta presondegia edo lan bortxatua ez ziren menturaz gogorregiak izango.

Antolaketa horretan, testu inprimatu edo irrati-saio batean erru saihesgarri bat aurkituko lukeen edonork akusazioa ekar lezake auzitegi horien aurrean.

Bigarren neurria izango litzateke edonolako propaganda oro debekatzea irratien edo egunkarien bidez. Bi hedabide horiei ahalbidetuko ginieke bakarrik informazio zuzenak emaitea.

 Auzitegi horiek ahaleginduko lirateke informazioa ez dadin sekula alderdikoia izan.

Hedabidei dagokienez, auzitegi horiek epatu beharko lituzkete baieztapen faltsuak, baita ahanztura nahizkoak edo alderdikoiak ere.

Ideiak sortzen dtuzten eta ezagutarazi nahi dituzten taldeek astekariak, astebikariak edo hilabetekariak edukiko lituzkete bakarrik. Izan ere, ez da maiztasun gehiago behar jendea pentsarazi eta ez zozotu nahi badugu.

Auzitegi beroriek zaindu beharko lukete gogatze-baliabideen zuzentasuna. Aldizkari bat geldiaraz lezakete egiaren kontrako albisteak maizegi emaiteagatik; baina aldizkari horren egileek berragerraraz lezakete beste izen batenpean.

Neurri horietan ez litzateke izango libertate publikoen kontrako inolako erasorik. Alderantziz, izango litzateke giza-arimaren behar sakratuenaren asebetetzea, hau da, enganatzearen eta erruaren kontrako babesa.

Baina norbaitek galdegin lezake: «nork segurtatzen ote lezake juje horien alderdikaritasun-eza?». Berorien independentzia osoaz gain, garantia bakarra litzateke juje horiek gizarte ingurune oso diferentetarik etor daitezen, berez inteligentzia zabal, argi eta zehatzez  dohatuak izan daitezen, eta hezkuntza ez bakarrik juridikoa baizik eta lehenik espirituala baita intelektuala ere emaiten duen eskola batean moldatuak izan daitezen. Eskola horietan egia maitatzera ohituak izan beharko  lirateke.

Ezin da populu batean egiaren beharra asebete,  ez bada bertan aurkitzen egia maite duten gizonik.

Arimaren Premiak XV Arimaren Premiak XV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XV”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-06-27 10:00

    Norbaitek galdegingo balit zer diren SWen filosofiaren ezaugarri nagusiak, hasteko erantzunen nioke:
    Egiaren bilaketa eta ahulenen defentsa.
    Biak zentzu konkretu, prakktiko eta erradikal batean hartuta. Horien ondoan “mistizismo”aren akusioak zinez anekdotikoa dirudit.