[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XIV

Arimaren Premiak XIV –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Jabetza pribatua

Jabetza pribatua da arimaren funtsezko beharra. Arima bakartua eta galdua da baldin eta harentzat gorputz-adarren luzapenak diren objektuen ingurumen batean ez bada bizitzen. Edozein gizakik, izan dadin lanerako, plazerrarako edo bizitzaren beharretarako, luzaz eta jarraituki erabili duen guziaz gogoz jabetzeko joera du. Horregatik, baratzezainak, luzara, baratzea sentitzen du berea balitz bezala. Baina jabetza-sentimenduak jabetza juridikoarekin ez badu kointziditzen, gizakia beti bizi da desjabetze-mehatxu biziki mingarri batenpean.

Jabetza arimaren behartzat aitortua baldinbada, orduan denentzat ohiko kontsumoko objektuez gain beste zerbait bere edukitzeko ahalbidea behar du gizakiak. Behar horren modalitateak asko alda daitezke zirkunztantziekin, baina ongi litzateke jende gehienak ontasun batzuen jabe izan daitezen, alegia, bizitegiarena, inguruko lur poxi batena baita haien lan-herramienteena ere, bederen ezintasun teknikorik ez dagoenean. Adibidez, lurra eta abereak laborariaren lanabesen parte bat dira.

Jabetza pribatuaren printzipioa hautsita dago, zuzendari baten manupean  morroi eta mutil batzuek etekinak kobratzen dituen jabe hiritar baten lurra lantzen dutelarik. Izan ere lur horrekin erlazioa bat duten guzietarik, ororen buru,  nehor ez da artez edo moldez harekin arrotz ez denik. Lur hori galduta dago, ez bakarrik ogi-bihiaren ikuspuntutik baizik eta ase lezakeen  jabetza beharraren ikuspuntutik ere.

Muturreko azken kasu honen eta bere lur propioa familiarekin lantzen duen laborariaren beste muturreko kasu horren artean, bitarteko kasu asko daude zeinetan gizakien jabetza-beharra ez den batere edo biziki guti baizik kontuan hartua.

Arimaren Premiak XIV

 

Jabetza kolektiboa

Ontasun kolektiboetan parte hartzearen beharra, hau da jabetza-sentimentuan datzana ez eta gozamen material hutsean, da beste beharrak bezain garrantzizkoa. Kontu juridiko bat baino gehiago izpiritu-egoera bat da. Egiazko bizi zibikoa den tokian, bakoitza pertsonalki jabe sentitzen da monumentuez eta baratze publikoez, baita zeremonien ospeaz ere. Horrela kasik gizaki guziek desiratzen duten luxua pobreenei ere emana zaie. Baina kontentamendu hori ez du estatuak bakarrik eskaini behar, baizik eta edozein kolektibitate motak.

Jabetza kolektiboaren beharrari dagokionez, lantegi moderno handia xahuketa handia da. Izan ere, ez langileek, ez administrazioko kontseiluaren soldatapean den zuzendariak, ez lantegia inoiz ikusten ez duten administrazio-kontseiluko kideek, ezta horren existentzia ere ezagutzen ez duten akziodunek ere, horietarik guzietarik nehork ez dezake aurki lantegi horren baitan den mendren kontentamendurik jabego kolektiboaren behar horri dagokionez. Ontasunen trukatze eta jabetze moduak eraldatu egin behar dira, horrelako materialen eta moralen  xahuketak eragiten dituztelarik, 

Ez da inolako lotura automatikorik jabetzaren eta diruaren artean. Gaur ezarririko lotura hau ez da sistema baten ondorioa baizik, zeinak motibazio posible guzien indarra diruaren baitan elkarretaratzen baitu. Sistema hau okerra izanez gero, diruaren eta jabetzaren arteko alderantzizko bereizkuntza egin behar da.

Jabetzaren egiazko irizpideak erraten du jabetza zilegi dela baldin eta erreala bada. Edo bestela erranez, jabetzari dagozkion legeak hainbat hobeak dira noiz eta gizakiek mundu honetako ontasunetan duten jabetza-beharraren asetzeko ahalbideak hobeki baliatuak direnean.

Horregatik, oraingo jabetze eta edukitze-moduak eraldatuak izan behar dira jabetzaren printzipio beraren izenean. Edozein jabetza mota ezertzat jo daiteke ez badu jabetza pribatuaren beharra norbaiten baitan asetzen.

Horrek ez eiki du erran nahi jabetza hori  estatuari[1] transmititu behar zaiola abtsolutuki, ez, baizik eta egiazko jabetza bihurtzera ahalegindu behar dela.


[1] Hemen SW nazionalisazioaz ari zaigu, mirakulu-erremedioa ez dela sinetsita. Uste dut SWek jabetza kooperatiboaren soluzioa lehenetsiko zukeela nahiz eta  horretan ere ekipa batek edo estruktura batek jabetza sentimentua konfiska lezakeen bere portaeragatik.

Arimaren Premiak XIV Arimaren Premiak XIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XIV”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-06-18 16:20

    Konturatuko zaretenez, SW jabetza-modu desberdinez ari delarik, ez du behin ere “dretxo” edo “eskubide” hitzak erabiltzen guk ikusi eta entzun ohi dugun bezala. Arimaren beharretan edo premietan oinarritzen du bere hausnarketa.
    Ikuspuntu horretatik, jabetza pribatua ez du batere kondenatzen baina mugatzen du bizirako edo lan pertsonalerako ezinbestekoak diren ontasunetara.
    Aldiz jabetza kapitalista, adibidez lantegi handiei dagokiena, kritikatzen du zentzu ezohiko batean, hau da, egiazko jabetza sentimentua ez liokeela nehori eskainiko, ez jabe legalei, ez langilei. (Beste testu batean ez da lantegi patronal tipiaren kontra agertzen).
    Gerla aurreko “Front populaire” denborako lan-uzteek eta lantegi okupazioek SW betikotz markatu zuten. Uste dut hurbildik ikusi zuela hor, beti lanean lehertuak bizi ziren langile xumeetan, jabetza kolektiboaren gose hori ezin nabarmenkiago azaltzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude