[Errogabetasuna] Arimaren Premiak X

Arimaren Premiak X –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Iritzi- askatasuna (1/3)

Iritzi-askatasuna eta elkarte-askatasuna eskuarki biak batera aipatu ohi dira. Errua da. Multzo naturalak izan ezik, elkartea ez da behar bat, bizi praktikoaren jokamoldea[1] baizik.

Arimaren Premiak X

Aitzitik, adierazpen-askatasun osoa, mugarik gabekoa, edozein iritzitakoa izan dadin, den mendren murrizte edo eragozpenik gabekoa, hori bai inteligentziaren premia absolutua dela. Ondorioz arimaren premia da, zeren eta inteligentzia deseroso denean, arima guzia gaixorik baitago. Behar horri dagozkion izaera eta asebetetzearen mugak arima-ahalmen desberdinen estrukturan bertan  grabatuak dira. Izan ere, gauza bat izan daiteke mugatua eta mugagabea, laukizuzen baten luzera indefinituki luza dezakegun bezala bere zabaleran berriz mugatua gelditzen delarik.

Gizakiaren inteligentziak hiru moduz ihardun dezake. Lehenik, lan egin dezake arazo teknikoetan, erran nahi baita, aurretik definituriko helburu bat lortzeko baliabideen bilaketan. Bigarrenekorik, inteligentziak argi bat eskaini dezake borondateak norabide baten hautua egin behar duenean. Hirugarrenekorik eta azkenik, inteligentzia bera bakar-bakarrik bereiz ar daiteke hausnarketa erabat teorikoan zeinetik, momentukotz, ekite-xede guzia baztertua izan den.

Arima sendo batean, inteligentziak hiru modu horietan aldizka aritu ohi du, baina aldi bakoitzean askatasun-maila desberdin batekin. Lehenbiziko funtzionamendu-moduan zerbitzaria da. Bigarren funtzionamendu-moduan, arima perfekzio estatuan ez duen ororen baitan inteligentzia suntsitzailea da. Orduan ixilarazi behar da argudioak emaiten hasten zaizkiolarik beti gaizkiaren alde jartzen den arimaren parteari.[2]

Baina beste funtzio-modu guzietan, inteligentziak, berak bakarrik eta bereiz, diharduenean, erabateko askatasuna eduki behar du. Bestenaz ezinbesteko zerbait faltako  litzaioke gizakiari.

Berdin da gizarte sendo batean. Horregatik, argitalpenean desiragarria litzateke askatasun absolutuko sail babesturiko bat sortzea. Berebiziko sail horri dagokionez, denek jakin bekarko lukete bertan argituriko obrek ez dutela neholako mailatan haien autoreen erantzukizuna konprometitzen, eta bertako obrek ez eiki dutela aurkezten inolako aholkurik irakurleentzat. Sail horretan kausa txarrentzako argudio guziak ager litezke haien indar guziekin. Ongi da eta onuragarria ager daitezen zabal zabala. Argitalpen-sail horretan edonork idatz lezake gehien gaitzesten duenaren laudorioa. Denen jakinean izango litzateke obra horien xedea ez eiki dela autoreen bizitzako arazoentzako pentsamolde pertsonala islatzea baizik eta aurre-azterketa baten bidez problema bakoitzari dagozkion datu eta ikerketa zerrenda zuzena eta osoa osatzen laguntzea. Legeak obraren autorea babestuko luke obra hori argitaratzeagatik arriskatzen ahalko lituzkeen lanjer guzietatik.

Aitzitik, bizi-portaerari eragin nahi dioten argitalpenak berez egiazko egitateak dira, eta horregatik horiek egitate guziek obeditzen dieten arau berei obeditu behar diete. Bestela esanda, ez dute bidegabeko kalterik egin behar edozein gizakiri, eta ororen gainetik, ez dute sekula gizakiaren alderako obligazioen ukazio esplizito edo inplizitorik aurkeztu behar, behin legeak[3] obligazio horiek ospetsuki aitortu dituenez  geroz.

Ezin da bi arlo hauen bereizketa, hau da, egintzatik kanpo den arloaren eta egintzaren parte den arloaren arteko bereizketa adierazi paperaren gainean, eta hitz juridikoetan. Baina horrek ez du kentzen oso argia dela. Bi arlo horien arteko bereizketa egitea, izatez, erraza da baldin eta bakarrik iristeko borondatea aski indartsua baldinbada.

Nabarmen da egunkariak eta astekariak oro bigarren arlo honetakoak direla. Baita aldizkariak ere, zeren eta denak pentsatzeko modu jakin batzuren irradiazio-zentroak baitira; irradazio-funtzio horri uko egingo lioketen bakarrek xoilik erabateko askatasuna eskatzen ahalko lukete.


[1] «expédient» testuan. Ez dut ongi ulertzen zergatik erraiten duen elkarte-askatasuna hala den, izan ere “expedient” frantsesez da zerbait hala-hula eta besterik egiten jakin ezean egiten dena.

[2] Nik hemen ulertuko  nukeena da inteligentzia suntsitzailea dela egin nahi ginukeen gaizkia justifikatzeko erabiltzen dugunean, bestela esan da gure  “fede txarra” ren zerbitzuan jartzen denean. Ongi ikusia deritzot.

[3] Ez dut ulertzen legeak zer egiten duen hemen obligazioarekin.

Arimaren Premiak X
Arimaren Premiak X

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak X”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-05-21 15:19

    “Liberté d’association” erraten du eta “elkarte-askatasuna” itzuli dut. Baina ezdakit “elkarte” hitza hautu hobea den “association” erraiteko.
    Egia erraiteko, elkartzea ez dela beharra entzuteak piska bat estonatu ninduen baina beharbada erran nahi zuen ez zela iritzi-askatasuna bezainbat “inteligentziaren beharra”.
    Adierazpen edo iritzi-askatasunari dagokionez, laukizuzenarekiko egiten duen konparaketa ez da nabaria ( ez ote da “Matematika moderno”ko Bourbaki eskolaren sortzaile izan zen André anaiaren eragina?). Agian erran nahi ote du behar teorikoa mugagabea delarik, errealitatean gure behar erreala mugatuagoa dela?
    Aldiz, SWek hainbat aldiz adierazi zuen horrelako ideia bat baizik eta egiaren bilaketan ezinbestekoa zen inteligentziari zentsurarik ez ziola onartzen ez pertsonalik, ez sozialik ezta erlijiozkorik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude