[Errogabetasuna] Arimaren Premiak VIII

Arimaren Premiak VIII

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Hierarkia

Hierarkia da giza-arimaren hil ala biziko premia. Zuzendariei buruzko mirespen eta arduratasun sentimentuek osatzen dute hierarkia. Baina bi sentimentu horietan, zuzendariak ez dira kontsideratuak pertsona gisa ezta boteredun gisa ere, baizik eta ikur gisa. Beraz zuzendariak gizon guzien gainean dagoen eremu baten ikurrak dira, eta mundu honetan eremu horren adierazpena osatua dago gizaki ororen idurikoen alderako obligazioez.[1] Egiazko hierarkiak exigitzen du zuzendariak ikur-funtzio hori ezagut dezan baita jakin dezan ere ikur-funtzio hori bera dela bere agindupekoen arduratasunaren objektu zilegi bakarra; Egiazko hierarkiak erematen du gizaki bakoitza okupatzen duen tokian moralki jartzera.

Arimaren Premiak VIII

Ohorea

Ohorea da giza arimaren hil ala biziko premia. Gizaki orori «giza-izaki» gisa zor zaion errespetua bakarrik emana balinbazaio, egiatan ere, ez da nahikoa ohorearen premia asetzeko; izan ere, oinarrizko errespetua berdina da gizaki guzientzat, eta hunkiezinezkoa da, baina giza-izaki arruntari berari ere ohore berezi bat gomeni zaio, ez edozein giza-izaki gisa, baizik eta gizartean murgilduriko gizaki bereizi hori den gisa. Horregatik, gizakiarentzat premia hori erabat asea da, baldin eta partaide den kolektibitate guziek ematen baldinbadiote toki berezi bat iraganetik daukaten eta kanpoan aitortua zaien handitasun-tradizioan.

Adibidez, ohorearen gosea lanbide-munduan ase dadin, lanbide orok sortu behar luke kolektibitate bat zeina gai izan behar bailitzateke bizirik atxikitzeko lanean sorturiko handitasuna, heroismoa, onestasuna, eskuzabaltasuna eta genioaren altxorraren  oroitzapena.

Zapalkuntza orok ohore-gosete bat eragiten du, zeren eta, ospe sozialaren faltagatik, zapalduek dauzkaten handitasun-tradizioak zorigaitzez ez baitzaizkie sekula aitortuak.

Hauxe da beti konkistaren ondorioa. Horregatik Vercingetorix ez zen heroi bat erromatarrentzat. XV. mendean, inglesek Frantzia konkistatu izan balute, Jeanne d’Arc erabat ahantziko zuten, guhaurrek ere ahantziko ginuen neurri handi batean. Eta gu, gaurko egunean, Jeanne d’Arc-ez mintzatzen gatzaizkie anamitei eta arabiarrei; alabaina hauek ongi dakite guk gurean ez dugula ezer entzuten beren heroiez eta sainduez. Horregatik populu horiek mantentzen ditugun egoera hau ohorearen kontrakoa da.

Zapalketa sozialak ondorio berak eragiten ditu. Guynemer, Mermoz kontzientzia publikoan sartu dira hegazkilaritzaren ospe sozialari esker; meatzariek edo arrantzaleek bizitako heroismo batzutan ezin sinetsizkoak ez du doi-doieko oiarzuna meatzarien eta arrantzaleen artean baizik.

Azken mailako ohore-gabetzea izaten da giza-kategoria batzuei jasanaraziriko estimu-gabetze erabatekoan. Frantzian, modu desberdinetan, horrelako ohore-gabetzea pairatzen dute, emagalduek, gaizkileek, polizia-gizonek, etorkinez eta kolonietako indigenoez osaturiko azpi-proletargoak… Horrelako giza-kategoriek ez dute existitu behar.

Krimenak bakarrik du hobenduna estimu sozialetik kanpo ezarri behar,  aldiz gaztiguak berriz bertan sarrarazi behar du.


[1] Hierarkiaren beharraren defentsa, batez ere  anarko-sindikalista ohi batenganik, estona gaitzake beharbada, baina denbora berean ikusi behar dugu  zaila dela aurkitzea hemen  baino zuzendarigoaren definizio bereziago eta altuagorik.

Arimaren Premiak VIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

3 pentsamendu “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak VIII”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-05-07 10:40

    Ohore-gose hori nahikoa zabaldua gurean ere. Gure egoera sozio politikoa ikusita ekidinezina da (agertzen da Zuzeuko artikulu eta iruzkin anitzetan) Ase behar da auto-estimu bat zenzuzkoa eta gizatiarra eraikitzen saiatuz lanari eta erresistentzia politikoari esker.
    Geroago SWek esplikatuko digu zer den handitasun faltsuaren sentimentuaren arriskua. Gehiago herri zapaltzaileetako jendeei dagokie baina gurean ere droga bezala han edo hemen ager daiteke.

  • Benat Castorene 2021-05-07 13:27

    Maila indibidualean, biziki ederra deritzot gizaki umilenarenaren ohore berezi horren beharra. Batez ere lan munduan. Baina ideia da biziki zaila aplikatzeko gaurko gure munduan ez baitu hipokrisiarik sofritzen.

  • Benat Castorene 2021-05-07 15:42

    Azken esaldiak, krimena eta gaztiguari buruzkoak, hemen lekuz kanpokoa dirudi. Erru bat beharbada. Emaiten du “Gaztigua” izeneko urrengo pasarteari dagokiola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude