Erretratoak

Ni ez naiz erretratista, beraz ez dago deus okerragorik, argazkia atera behar diozun lagunak – zer nahi duzu nik egitea? – esatea baino. Ostia, hau esaten didatenero ospa egingo nuke – begira, zuk nahi duzuna egin, baina ni banoa hemendik-”    David Airob (La Vanguardiako argazki erredaktore burua)

Gauza bera gertatzen zait niri. Oso deseroso sentitzen naiz nonbait iritsi eta bertan dagoen lagunari hotz-hotzean posatzeko eskatu behar diodanean. Bertan dagoen laguna aktore bat izan daiteke, edo telebista aurkezlea edo kantaria, baina idazlea izatea ere gertatu daiteke edo irakaslea, nota altua atera duen ikasle bat, farmazia batetako saltzailea edo zakur bat itotzetik salbatu duen hiritar zintzoa. Batzuetan izena besterik ezagutuko ez dudan norbait izango da eta kamera aurrean jartzeko eskatu aurretik argazkiak zergatik atera behar dizkiodan galdetu behar izaten dut, baina hori beste istorio bat da.

Aukeratutako lekua elkarrizketatuari eroso egiten zaion toki bat izaten da gehienetan, etxetik edo lanetik gertu dagoen bat; Elkarrizketatzailea azaltzekoa bada, elkarrizketa gauzatzeko eroso gerta daiteken ingurune batetan jarriko da zita, baina oso gutxitan hartzen da erabakia argazkian pentsatuta. Hau ez da kexu bat, hau horrela izaten den zerbait besterik ez da. Ez dira gauza bera kalea edo barrua, sukaldea edo komuna, taberna hau edo hura.

Niri ezinezkoa egiten zait horrelako egoera batetan, minutu gutxitan, argazki batean pentsatzea. Ezagutzen dut, hor etxean bezala ibiltzen den argazkilari bat baino gehiago, zerk nola ematen duen ondo ikasia daukatenak, baina nik ezin dut pose bat estetikoa den edo ez aurrikusi eta erretratatu beharrekoa inozo sentitu arazteak lotsatu egiten nau. Ez zait ateratzen -altxa eskua, jarri oina hemen horrela- esatea. Nere (beste) gabezia bat da. Badira ere kamera aurrean jarri aurretik posea ikasia, eman beharreko itxura aukeratua edo kamarari beldurrik ez diotenak, baina gehienetan ez da horrela suertatzen. Egitearen poderioz, nik ere ikasiak ditut errekurso gutxi batzuek, askotan funtzionatzen dutenak, horrek erosoago sentiarazten ez nauen arren.

Nik argazki bat ateratzeko begiratu egin behar dut, zain egon, ikusi eta orduan atera. Honekin ez dut esan nahi horrela egitean beti asmatzen dudanik, ez eta hobeak direnik horrela egindako argazkiak, baina ni hor sentitzen naiz erosoen eta horrela aurkitzen diot zentzu gehien egindako lanari.

 

erretratuak

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Zer duzu buruan “Erretratoak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude