ERREALITATETIK HARATAGO…

Atzo klasera iristean jazo nuen lehen albistea izan zen hura. Film bat izango balitz bezala kontatzen zuen jendeak.

Gertatutakoa film batekin alderatuz gero ez legoke errealitatea zein den asmatzerik egia esan, izugarrizko eszenaratzea eta muntaia izan omen baitzuen atzokoak.

Ongi prestaturiko gidoia zen, ziur nago, aurretiaz sakon hausnarturikoa. Bazeuden gaiztoak, salbatzaileak eta baita errugabeak ere, ustezko heroiren bat ere egongo da, hor, isilpean, palomitak jaten filmaren bukaeraren zain.

Kukutzaren desalojoaz ari natzaizue, Errekalden aurkitzen den bizidun eraikin horren azken amets gaiztoaz, hain zuzen.

Goizaldeko bostak ziren Ertzaintzaren tanke itxurako ibilgailuek, furgonetek eta helikopteroek Kukutza inguratu zutenean. Jende gutxien egon ohi den momentua, momentu perfektua.

Hedabidearen arabera ezberdina den pertsona kopuru bat aurkitzen zen bertan (100 bat zirela diote batzuk, 50 bat beste batzuk…) Ertzaintza eraikinean sartu zenean. Tankeen barruan sartu ziren, horiek estreinatzeko ilusioz edo, aurrean zeukaten guztia txikituz. Bien bitartean, beste armatutako ertzain talde bat eskaileretan gora zen, lotan zeudenak gozo-gozo esnatzeko asmoz antza. Teilatuan zeuden, ordea, bisita hura egiteko helikopteroz hurbiltzea erabaki zutenak.

Edozein motatako indarkeria erabili omen zuen Ertzaintzak, jipoiak, gomazko pilotak, gas-lakrimojenoak…Baina gaztetxean zeudenak ez ziren eraginak jasan zituzten bakarrak izan, eraikina aurkitzen den lekutik beraien seme-alabak klasera eraman beharra zeukaten hainbat guraso pasatzen saiatu baitziren, euskal polizia izenaz ezagutzen diren horiek pasabidea ixtea erabaki zutenera arte.

Ze erru dute Udalarekin adostasun batetara iritsi ez izanagatik beraien ametsa den proiektuan buru belarri jarraitzen duen jendeak? Ze erru hutsik eta abandonaturik zegoen eraikin bat konpondu eta bertan adin guztietako jendearentzat ekintzak antolatzen dituztenek? Ze erru guda hori ikusi behar izan zuten haur eta pertsonek?

Errealitatetik haratagoko zerbait izan zen hura, norbaiti eskuetatik joan zitzaiona, atzera pausurik ez duena…Beste mila eratan konpondu zitekeena…

Etxe okupatu bat, Joseba Basterretxea Altunaren argazkia
Kukutza, ez etsi, jarraitu aurrera!!

-EZ IKUTU-

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara