Erorketa gabe ez dago anekdotarik

Erorketa gabe ez dago anekdotarik-

Aste hau askorentzat ez da atsegina izan zubi osteko ajearengatik edo hotza eta euria gure kaleetako protagonista bihurtu direlako. Ni bezalako pertsona trakets batentzat etsaiak ez dira aipatutakoak; lur bustiak, baizik.

Aurrekoan, Polaina podcastaren grabaketan, gai interesgarri bati buruz hitz egin genuen (batzuetan gauza interesgarriak ere kontatzen ditugu podcast horretan, bai). Denok eman dugu pena noizbait. Hori da gaia. “Pena eman” esaten dudanean erdarazko espresio berbera ari naiz erabiltzen. Ez naiz tristura eragiten duen penaz ari, auzolotsa eta barregura sortzen dituen penaz baizik.

Kasualitatez, pena eman dudan aldi eta istorio guztietan lur busti bat izan dut bidelagun.

Formula bera errepikatzen da beti: kontten kontten zabiltza zure herri/hiriko kaleetan zehar, euria ari du baina horrek ez zaitu itzaliko eguna gogotsu hasi baituzu, mundua jateko egun perfektua da.

Erorketa gabe ez dago anekdotarikZebrabide bat dator, lurra blai, marra zuria zapaldu duzu erritmoa pixka bat arindu duzun horretan, zebrabidekide asko dauzkazu inguruan. Katapun. Ezin erorketa ez-dotoreagorik egin. Hanka bat ezkerrera, bestea aurrera, beso bat atzera eta gainerako gorputz atalak eskuinera joan zaizkigu. Zure zebrabidekide guztiak hurbildu dira zu laguntzera, baina zu primeran zaude, ez duzu laguntzarik behar, “lasai ahal dut bakarrik” bat bota diezu irri urduri eta lotsati batekin. Inguruan baten bati barre algaren bat eragin diozu, baina berdin zaizu, ez delako “ezer gertatu”.

Kalean aurrera jarraitu duzu, ingurukoen begirada guztiak zure soinean sentitzen dituzu (askotan horrela izan ez arren). Kitto, zure autoestimuak 4 eskailera jaitsi ditu eta jada ez duzu mundua jateko gogorik. Ez luke horrela izan beharko.  Zerk sortzen digu duintasun galera sentsazio hori? Tontakeria honen muina betikoa da: gainerakoek pentsatuko dutenari eta unean eman duzun irudiari ematen zaion garrantzia. Hemen denak erori gara ez? Denok egin dugu estropuz. Ba kitto.

Erortzaile profesional bezala, nire erorketa lotsagarriena kontatuko dizut. Duela 3 urteko Donostiako Zinemaldia. Ekoiztetxe bateko sare sozialak kudeatu behar nituen zinemaldian zehar. Lehenengo eguna. Kursaal pareko beste aldeko espaloian elkartu nintzen ekoiztetxeko arduradunarekin. Guatemalatik etorri ziren bi zuzendarirekin elkartu ginen. Laurak oinez gindoazen, ekoiztetxeko arduradunak une hartan aurkeztu ninduen, “Maialenek eramango ditu sare sozialak”, Maialen haiei irribarre eta begirada sinpatiko bat botatzen ari zenez, ez zuen aurrean zuena ikusi: bizikletak kandatzeko zona bat, bizikletaz beteta. Sortu zen kaosa imajinatu dezakezu… 3 bizikleten artean bukatu nuen nire bizitzako erorketa luzeena eta gero. Ezin nire burua hobeto aurkeztu, aizu.

Erorketek anekdotak ematen dizkigute. Eta anekdotek barre artean kontatzeko materiala. Eta erorketengatik izango ez balitz, gaur ez nuke jakingo zerri buruz idatzi.

Eta ez, ez naiz erorketez zentzu literarioan ari. Ulertu nahi duenak ulertuko du.

Erorketa gabe ez dago anekdotarik

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Erorketa gabe ez dago anekdotarik”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude