Erlojuarekin ezinean

Erlojuarekin ezinean –

Artikuluaren tituluak atentzioa eman badizu, zuenean gai honi bueltaka ibiliko zaretelako izango da agian. Erlojua eta orduaren irakurketa eta denboraren kudeaketaren ikasketa prozesuaren inguruko hausnarketak bilatuko dituzu bertan.

Erlojuarekin ezinean

Izan ere erlojuaren kontuak bereganatzeko urteak behar izaten dituzte haurrek. Helduon ikuspegitik ulertzeko zaila da, guk orokorrean oso asimilatuta daukagun gaia delako baina oso, oso gai konplexua da ume batentzako. Hiru aspektu oso ezberdingaratuaz joango da umea  bide luze horretan:

Alde batetik, erloju analogiko zein digitalaren irakurketa hutsa egiten ikasi beharko du. Hau da, agian, umeak lehenengo garatuko duen gaitasuna. Erloju digitalean analogikoan baino azkarrago lortuko du normalean irakurketa hutsa burutzea. Beste fronte baten, ordua adierazteko sistemaren konplexutasuna bereganatzeko lana izango du.

Bigarren aspektu honen zailtasuna bi aldetatik datorkigu; erlojuaren mekanismo eder baina konplexutik eratortzen dena alde batetik. Izan ere, erloju analogikoan3 orratz daude baina bakoitzakbueltak abiadura ezberdinetan ematen ditu, eta bakoitzak ematen duen informazioa oso ezberdina da.  Azkarrenaren mugimenduak beste biengan dauka eragina, nahiz eta eragin hori begi bistaz ezin duen ia behatu umeak.

Baina beste aldetik gizartearen ohiturak daude. Orduak irakurtzeko oso modu ezberdinak baitauzkagu; nahasiak gainera. Ordua esateko modu batzuk orratzei begiratuta berehala ondorioztatzeko modukoak dira baina beste batzuk zatikiekin edo kenketekin zerikusia dute; are gehiago, erlojuaren irakurketa soilarekin zerikusia daukaten moduak dira gutxien erabiltzen direnak kalean. Pentsa, adibidez, zer pasatzen den “gaueko hamarrak laurden gutxi” deitzen den orduarekin.

Erloju digitalarekin ari bagara 21:45 jarriko du. Beraz, 12tik 21 erako kontaketa egin behar da 9ak direla ondorioztatzeko. Gero 45a 3/4ekin erlazionatu behar da eta 1 edo osoari falta zaiona kalkulatu (hau da, zatikien arteko kenketa bat egin behar da). Analogikotik abiatuta ez dauka ume gizajoak bide errazagoa; izan ere,  analogikoan orratz txikia ia 10aren gainean dago, baina hori ahaztu eta 9arekin erlazionatu behar da ordua; eta orratz handia 45ean dagoenez, berriz ere 45etik 60rako igoera egin behar du (hori kenketa bat da) eta dagokion zatikiekin erlazionatu. Umearei ari gatzaizkio eskatzen zatikiak erabiltzea eta osoa betetzeko laurdena falta dela konturatzea (hori, berriz ere, kenketa bat da). Erotzeko modukoa!!

Hirugarren aspektua falta da oraindik, hala ere: Denboraren igaroaren zentzuareki zerikusia duena, alegia. Erlojuaren irakurketak eta gure ohitura sozialak bereganatuta izateak, ez du esan nahi ordubete zenbat den ulertzen duenik, edo 10 minutu edo 3 ordu laurden zenbat diren dakienik. Edo 11:10 izan eta hamabietarako zenbat falta den dakienik. Edo 10:00etan autobus geltokian egon behar badu garaiz iristeko aurreikuspenak egiten dakienik. Are gehiago, denbora asko edo gutxi zer den ulertzeko bide luzea izango du oraindik.

Magnitude fisiko asko baitira erlatiboak, baina erlatiboetan erlatiboena baitugu denbora. Denok izan baititugu larritasunean urteak baino luzeagoak egin zaizkigun minutuak edo esku artetik ia konturatu gabe alde egin dizkiguten egunak. Orotara, seguruena, LHko lehen urteetan jarriko diogun lanik  konplexuenetakoa eskatzen ari gatzaizkio ordulariaren bueltan ari garenean, eta are gehiago, ordua modu “sozial” baten irakurtzeko esaten diogunean.

Denbooraren kontuak bereganatu ditzan zer behar du, beraz, umeak? Bada denbora! Eta pazientzia eta lasaitasuna harekin lanean ari denaren partetik. Erremedio majikorik ere ez dago, noski. Behin baino gehiagotan egon izan naiz LHko irakasleekin gai honi bueltaka eta ez dago jakiterik nola den gaia garatzeko modu egokiena. Argia dauzkadanak, ordea, honakoak dira:

Benetako ordua eta denbora tarte esanguratsuekin jardutetik eta oso maiz erlojua irakurtzetik pasatu beharko da prozesuak; Ikastolan, etxean eta kalean.

Umeak bere erlojua izatea ere komeni da. Digitala ala analogikoa? Ba igual biak, tartekatzen joateko. Trebe ari den umeari konplexutasun osoa aurrean jartzen joan gatzaizkioke baina ezinean ari denari frustrazio sentsazioa saihesten saiatzea dagokigu eta, beraz,  “hogeitabatak eta berrogeitabost” esatea ontzat eman beharko diogu. Esango diogu, kalean beste modu baten esaten dela, baina lasai egoteko, ikasiko duela.

matematiketan.eus

uriola

Erlojuarekin ezinean
Erlojuarekin ezinean
Erlojuarekin ezinean

Arizmendi ikastolako irakaslea, Fisikan lizentziatua eta 3 umeren ama. Matematiketan.eus webgunea elikatzen.