Erlauntzak

Erlauntzak –

Erleak intsektu bereziak dira. Beraiengadik argizaria, eta seguruena eztia, jaso izan du gizakiak Historiaurretik (Turkian daude lehen erle argizari aztarnak—Çatalhöyük ezagunetik gertu—, duela 9.000 urtekoak eta, beraz, Neolito Arotik ezagutzen dira: sendagaiak egiteko, ontziak iragazkaitzak egiteko eta tresnen eta armen zatiak itsasteko, EHUko Zientzia Kaiera hedabide digitalean irakur dezakezuenez). Harpeetako margo zaharretan ere ageri dira (bai Egipton, bai adibidez, Cueva de la Araña (Bicorp, Valentzia) aztarnategian).

ErlauntzakHorrez gain, aspaldian esan izan digute polinizazioan eta, beraz, landareen zikloan paper garrantzitsua dutela. Euskal Herrian jatorriz daukaguna erle beltza da (Europa Mendebalde osoan dagoena), eta, Elhuyardibulgazio zientifikorako aldizkarian irakurri dudanez, euskal lurraldeak leku aproposa dira erlea babesteko, atlantiar eta mediterraniar landaretzak egoteak dibertsitatea errazten duelako.

Baina non bizi dira? Ezagunak zaizkigu egurrezko kutxak zeintzuetan egurrezko “marko” modukoetan beren argizarizko hexagonoak eta eztia pilatzen dituzten. Gaur egungo erlauntzak dira horiek. Baina beti ez dira horrelakoak izan.

Gaubean, Quejo herrian, erlategi edo erletxe handi bat ondare gisa babestu dute duela gutxi. Alea astekariak jasotzen zuen moduan, Araban gordetzen den zutikako enbor-erlauntz bilduma gutxietako bat da erlategi hori. Erlauntzak enbor hustuetan egiten ziren eta zutik edo etzanda jartzen ziren. Estalkia zeramaten eta, babesteko, teilatu bat jartzen zitzaion erlauntz taldeari. Erleak sartu eta irteteko zuloak egiten ziren enborrean. Quejokoa ikusgarriena agian bai, baina ez bakarra Añanako koadrillan: Vitu Palacios eta Jose Rodríguezek 14 katalogatu zituzten 1998an (gehienak Gaubean eta Kuartangon eta nahikoa hondatuta). Badira ere interesgarriak diren erlategiak beste koadrilletan: Lañun, Bujandan, etab. Baita Nafarroan Bardeetan.

Erlauntzak batzuetan baserri edo etxeko horman sartutako enbor bat izaten ziren bakarrik. Ikusi ditudan bitxienetakoak Salmero eta Cuchí egileek Goi Aragoin dokumentatutakoak dira (Bolskan aldizkarian argitaratuta, Dialnet bidez on-line dago artikulua): mendizerren hormetan zeuden zuloetako basa erlauntzak ustiatzeko jartzen diren egurrezko hesolak eta markak topatu baitituzte seguruenik.

Erleak baserrietan garrantzitsuak ziren eta erle erregina gaztea kolonia berria egin eta erlauntz bila ateratzean, markatu egiten zuen topatzen zuenak, berea egiteko. Areago, etxeko jaun-andreak hiltzen zirenean, erleei “jakinarazi” egiten zitzaien.

Taldean bizi dira eta elkarren beharra dute, guk bezala, baina dudarik gabe gu baino askoz solidarioagoak dira. Zain ditzagun ondare naturala eta kulturala baitira.

Erlauntzak